Dokumentuaren akzioak
Dantza 2002an
Euskal Kulturaren Urtekaria 2003
Dantza tradizionaleko taldeek emanaldi gutxi eta oihartzun gutxiago dute. Erakunde, programatzaile eta komunikabideek ez dituzte aintzat hartzen, eta badirudi sorkuntza edo koreografia berriak gako-hitzek bakarrik irekitzen dizkietela ateak. Beraz, gero eta dantzari eta talde gehiago dira sormen lanetan ausartzen direnak. Badirudi ez duela ajola lan horietan hasteko inolako prestakuntzarik ez izateak, eta dantzaren, tradizioaren, eta oro har, sormen prozesuen ezagutza oso urria izateak. Ondorioz, sortzen diren lan berri gehienek duten balio bakarra ustez berria izatea da, baina erakunde, programatzaile eta komunikabideen onespena eta batzutan bultzada jasotzen dute, zenbait kasutan balio artistikoak, espresiboak eta sormenezkoak hutsaren parekoak badira ere.
Krisiari buelta eman nahian orain 35 urte erabili zen errekurtsoa berreskuratu nahi izan du Iparraldeko Euskal Dantzarien Biltzarrak: dantza berrien lehiaketa. Bere garaian ez zuen ezertarako balio izan, eta hain zuzen ere, dantza tradizionalaren biziberritzea justu kontrako bidetik iritsi zen, alegia, tradizioaren ezagutzan sakontzetik. Baina belaunaldi berriei ahaztu zaie orduko lezioa, eta berriz ere akats bera errepikatzeko gogoa piztu da.
Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen koreografo gazteen erakusketa berrantolatu egin dute eta begi onez ikusi dute dantzariek sistema berria. Baina ekimen puntualek ezin dute ezkutatu egiturazkoa den arazoa. Alde horretatik, erabat bat nator Jorge Jauregi dantzariak Argiaren orrietan esandakoekin. Dantza garaikidean zein tradizionalean, gauza berriak egin nahi dituen jendea formatzeko ikastaro eta lan tailer sistematikoak behar dira. Dantzaren programazio finkoa behar da. Bai ikusleak dantzara hurbiltzeko, erakartzeko, eta baita, Claude Iruretagoienak salatu duen bezala, ez duelako zentzurik dantzariei sorkuntza eskatzea ondoren hedapenik ez baldin badago. Jorge Jauregikin egiten dut bat berriz ere, ekimen txiki asko behar ditugula esateko eta ez ekintza handinahi bakanak. Dantza tradizionaleko adibideak erabiliz, askoz egokiagoa dirudi ikastaro, tailer eta esperientzia trukerako mintegiak antolatzea, propagandaz betetako dantza berrien lehiaketa zentzugabeak baino; edo askoz eraginkorragoak dirudite Bilbo eta Gasteizen antolatzen diren larunbat arratsaldeetako erromeriak, EDBk bi urtetik behin egin nahi duen Erromeria Nazional arranditsua baino.
Pozak ere izan dira noski. Idoia Zabaleta aipatu behar dugu aurten ere, Jauregi anaiekin El rato de Jose lan xume bezain hunkigarria paratu duelako, edo Damian Muñoz-ek hainbat lan berri estreinatzeaz gain, Virginia Garcia eta Jorge Jauregi-rekin egindako 79 pasos lanak Kanarietako Nazioarteko Dantza Jardunaldietan koreografia saria irabazi duelako. Aipatu beharrekoa da Ballet Biarritz-ek hegoaldera hedatzeko beste urrats bat eman duela eta dantzarako sentsibilizazio gunea ireki duela Donostian.
Dantza tradizionalaren alorrean, Juan Antonio Urbeltz-ek Pas de Basque ikuskizuna aurkeztu du Miarritzen Argia, Haritz eta Arkaitz taldeetako dantzarien partaidetzarekin. Zortziko eta Alakiketan ikusgarri erraldoietatik ihesi, proposamen intimoago eta xumeagoa bilatu du Urbeltzek. Dantza tradizionalen metaforetan arakatu, eta sinbolo horien izpiritua errespetatuz dantzen espresio formala berritzen jarraitzen du, oraingoan gainera, artifizioak saihestuz eta dantza modu biluziagoan aurkeztuz.
Dokumentuaren akzioak