Dokumentuaren akzioak
Dantza 2001 urtean
Euskal Kulturaren Urtekaria 2002
La puta inocencia lanak ireki dizkio Zabaletari Parisen ospatzen den dantza garaikideko lehiaketa garrantzitsuan parte hartzeko ateak. Saint Denisko lehiaketan parte hartzea nazioartean ezagutzera emateko aukera aparta da, mundu osoko ehunka progamatzailek jarraitzen baitituzte Parisen aurkezten diren koreografoen lanak. "La puta inocencia" lanean Idoia Zabaleta bera da dantzaria, Borja Ramos arduratu da musikaz eta Isabel De Naverán artista bisualak ere kolaboratzen du.
Mundu osoan 27 tokitan egin dira Saint-Denisko topaketaren hautaketa saioak eta Bilbo-ko La fundicion aretoa izan da horietako bat. Bertan eskuratu du Idoia Zabaletak bere txartela. 15 urtez lan serioa egin ostean La Fundicion aretoari dantza garaikidearen alde egiten diharduen lanaren errekonozimendua iristen hasi zaio. Arriola saria jaso du Luque Tagua eta Laura Etxebarriak gidatzen duten aretoak eta Euskal Aktoreen Batasunak ere saritu du bangoardiako antzerki eta dantzaren programazioan egindako aitzindari lana.
Damian Muñoz koreografo gasteiztarrak dantza garaikidearen munduan bere bidea sendotzen jarraitzen du eta 2001ean estreinatu dituen koreografien artean aipagarria da Las mentiras del entusiasmo. Barcelonako Grec jaialdia entzutetsuak koproduzitu du Muñozen lana eta hori, programatzaileek dantzari eta koreografoarengan duten konfidantzaren adierazgarri da. Poliki-poliki Ballet Biarritz Euskal Herri osoko dantza konpainia bihurtzeko proiektuak aurrera darrai. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza sartu dira dagoeneko Thierry Malandain-ek zuzentzen duen zentro koreografikoaren lankidetzan.
Dantza tradizionalaren alorrean aipagarria da Euskal Herriko dantza talde zaharrenek urteurrenak ospatu dituztela 2001ean. Gernikan Segundo Olaetak sortu zuen Elai-alai taldeak eta Arkaitz Añorgako Dantzariak taldeak 75. urteurrena ospatu dute. Gainera, Bilboko Santutxu auzoko Gaztedi dantza taldeak 50. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu urtean zehar. Aukeran konpainiak dantza tradizionaletik abiatuta ikuskizunak sortuz profesionaltasunaren bidean urratsak ematen jarraitzen du eta Sugargi ikuskizun berria aurkeztu du herriz-herri.
Azkenik aipagarria da, Joxemiel Bidador dantzari eta ikertzaile iruindarrak Nafarroako folklore dantzen radiografia berria egin duela, eta Pirinio aldean dantzak ahulduta aurkitu dituen bitartean erriberan sasoi betean ikusi dituela folklore dantzak.
Dokumentuaren akzioak