Dokumentuaren akzioak
Dantza 1998an
Euskal Kulturaren Urtekaria 1999
Iparraldea da dantza kontuetan erreferentzia nagusia. Miarritzen, Ballet Biarritz konpainia sortu da. Zentro Koreografiko Nazionalean kokatu da profesionalez osaturiko taldea. Bi dantzari euskaldunek parte hartzen dute bertan, Lyane Lamourelle lapurtarrak eta Isaias Jauregi gipuzkoarrak. Maitaldian aurkeztu zen jendaurrean Ballet Miarritz, Intxaur Hautsgailuaren bertsio berri batekin.
Dantza Tradizionalean Donostiako bi dantza talde ditugu zoriondu beharrekoak.. Goizaldi Dantza Taldearen 50. urteurrena ospatu dugu 98an. Urte guzti horietan Gipuzkoako dantzen ondarea gorde eta erakusten lan eskerga egin dute donostiarrek. Urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiek Donostiako kaleetan 100 dantzarik osatu zuten ezpatadantzarekin jo zuten gailurra.
Bestalde Argia Euskal Dantzari Taldeak Europa saria jaso berri du Hanburgoko Topfer Fundazioaren eskutik. Alemaniako fundazioak Juan Antonio Urbeltzek gidatzen duen taldeak herri kultura ondarea berreskuratzeko egindako lana saritu du. Urbeltzen Kondharian ikuskizunak iaz hasitako bideari jarraitu dio, dantza, ipuinak eta antzerkia nahasten dituen proposamena herriz herri erakutsiz. Honekin batera Ikerfolk Elkarteak Dantza Ganbara egitasmoa jarri du martxan, dantzak plazan bukatzen zirenean, gazteak beti joaten ziren ganbarara musikariekin, han dantza ikasteko.
Xirimola elkarteak antolatuta Dantz Hadi jaialdia ospatu dute Basusarrin. Euskal Herriko, Okzitaniako eta Irlandako dantza tradizionala ikasi eta dantzatuz gozatzeko ihardunaldiak izan dira. Italia, Frantzia, Portugal eta Irlandako dantzari eta musikariek parte hartu dute euskaldunekin batera jaialdian.
Dantza Tradizionaletik abiatuta garaikidera bidean egindako saioak izan ditugu aurten ere. Eduardo Muruamendiarazek Akilimarro lana aurkeztu du, teknika maila egokia erakutsiz. Kontzeptualki ordea, garaikide eta tradizional arteko zubiak eraikitzeko bidean sendoago ageri dira iparraldean. Lisa da ahalegin horren emaitzetako bat. Dantza tradizionaletik abiatuta sormena bultzatuz obra garaikidea osatzeko ahalegina izan da Lisa. Aines Perez eta Patxi Perez euskal dantzariak, Poituko, Gaskoinako eta Bretainiako dantzariekin bildu dira lan honetarako. Yves Bernet koreografoak gidatuta sei dantzari tradizional elkartu dira eta bakoitzaren eskualdeko dantzak oinarrian hartuta egin dute dantza garaikidearen munduan beren bidaia.
Eusko Jaurlaritzako kultura sailak antolatu duen Koreografo Berrien II. Erakusketak ekimen honen arrakasta berretsi du. Barne dinamika bizia, baina kaleratzeko zailtasun handiak dituen dantza garaikideak erakuslehio aproposa topatu du bertan. Asier Zabaletaren Danada izan da bigarren ekinaldiko lan berezienetakoa. Ez dugu azpiegiturarik ekoizpen handiago bat egiteko, eta laguntza hauek gutxieneko esperientzia lortzeko bide dira.
Koreografo berrien iazko deialdian aurkeztu zuen bere lana Jon Munduatek. Aurten Maiatza Dantzan egitarauan izan du tartea eta Luzia con zeta bere azken lana erakutsi du. Harrezkero, Madrilen, Danza Desviaciones zikloan parte hartu du bere lanarekin Irungo dantzariak.
Gasteizko edo Iruñeko gobernuek Miarritzekoa moduko ekimenak noiz bultzatuko dituzten zain jarraitzen dugun bitartean, atzerrian bilatzen dute aurrerabidea euskal dantzariek. Lehenengo urratsak Euskadiko Balletean eman zituen Igor Yebra deustuarrak munduko konpainia bikainenekin dantzatu du aurten Mosku, Erroma eta Parisen. Jorge Nozal eta Alicia Amatrain donostiarrek, berriz, Stuttgarteko dantza konpainian aurkitu dute txokoa, eta atzerrian dabiltzan euskal dantzarien kopurua sendotu dute.
Dokumentuaren akzioak