Dokumentuaren akzioak
Dantza
Herri batean. Herri laborari batean. Herri laborari txiki batean. Herri laborari txiki batean, dantzan ari dira. Ari dira dantzan, bizirauten. Lurra, lurra eta lurra, eta lurrean pausoak, pauso sendoak. Urbeltz, ura beltz (ez da). Uraren gainean dantzan, beltzez. Sua eskuetan, sua alboetan, berotasun taupadak dantzarien oinetan. Ezpata ez da gerra, eltxoaren aurkako erritua baizik. Bi zirkulu, andrez. Dantzan ez ezik, kantuan ere. Eta sagar bat. Sagar gehiago ere bai. Sagarrarekin dantzan, sagardoa egiteko zer da behar? Sagarra oinekin zanpatu. Txalaparta doinuaren usaina… Eta txotx! Herrian (Euskal Herriko herri batean) jai giroa, dantzen artean maitasun begiradak. Bi dantzari dira maitemintzen, begiradarekin eta dantzaz, sentimenduak eranzten. Jauregi (Koldobika), adi. Jauregian negua, eta ziklo bat ixtea. Edo ez, beti berriro hastea. Berriro dantzatzen baita eguna, herri laborari txikian. Bizitza eta heriotza alde biko ezpalak baitira unibertso honen dantzaldian. Idorra zena elurrez busti da, denboraren jauzi luzean. Sueltoan zein gozo helduta, dantza egin du herri oso baten biziak. Dantzatzen den herri bat ez da inoiz hilko, eta zinema egiten duen herri bat ez da inoiz itzaliko.
Sail Ofizialeko emanaldi berezietan estreinatu dute Telmo Esnalen Dantza. Baina 2018. urtean gaude, eta Sail Ofizialeko lehian sartzea izan zitekeen erabaki ausart eta koherente bat Donostiako Zinemaldiaren aldetik. Ausart eta bere proposamenarekin koherente izan baita egilea bere lanean. Zinemaz harago doan artelanean.
Pena filmaren prentsaurrekoan aurkezlea gaztelania hutsean hasi izana. Lotsagabekeria arrunt samarra hainbeste urteko lana lerro hauetara arinkeriaz ekartzea nire aldetik, merezi zezakeen baino denbora gutxiago eskainita.
Dokumentuaren akzioak