Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Danimarka eta Suedia

Dokumentuaren akzioak

Danimarka eta Suedia

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2009/09/15

Dansk Danse Teater izan zen larunbateko izarra, Tim Rushtonen bi piezarekin. Shadowland izenekoa beat generation-eko olerkariei egindako omenaldia da, eta koreografiaren diseinua era miresgarrian nahasten da dantzarien oinen azpian proiektaturiko hitzekin eta egileek beraiek errezitaturiko poemekin. Estetika gogor, zehatz, gupidagabe, soil eta kontzesiorik gabe horretan are sakonagoak iruditu zitzaizkigun Allen Ginsgbergen Howl poemaren hitzak, eta psikodelia garaikide baten atarian sentitu ginen, dantzariek hitzen esanahia eta esaldiek sortutako aldarteak azpimarratzen zituzten bitartean.

Rushtonen bigarren pieza, Kridt, beste testu baten gainean eraikia da, eta kasu honetan are deserrotze handiagoa sortu zitzaigun portugesez errezitaturiko eta atzeko arbelean idatzitako Eklesiastesen pasarte bat, zeinak gauza bakoitzerako denbora bat dagoela esaten duen. Dantzarien mugimenduek edertasun erabatekoa erakutsi zuten, eta koreografiak ezinbestean galdutako denboraz hitz egin zigun, tragedia burutu baten sentimendu mingarria sortuz, harik eta amaiera aldera, eta barkamen gisa, goitik jausitako hauts zuriaren jausia etorri zen arte.

Igande arratsaldean ikusitako lana, Vilcanota konpainiaren Pousse-toi, guztiz bestelakoa izan zen: ring formako lauki batean elkarren antza zuten bi gizonek oso ariketa bizigarria planteatu zioten elkarri beren gorputz-keinu matematikoekin eta bizitza arrunteko zenbait objekturekin, giza arimaren eta gizartearen miseriei trufa egiteko. Ikusleok biziki eskertu genuen proposamena eta konpainiak frogatuta utzi zuen bide berri bat aurkitu duela hitzak, objektuak eta keinuak emankorrak izan daitezen.

Zalantzarik gabe, Suediako Operako Errege-Baleta izango da aurtengo gonbidatu nagusietako bat eta horren araberakoak izan ziren konpainiaren maila eta publikoaren harrera. Christian Spucken Tableau perdu-n agertokiaren zuria eta jantzien beltza dira nagusi, eta nabaria izan zen elementu barroko, erromantiko eta garaikideen elkarketa. Koreografiaren diseinuak abilezia handiz konbinatu zituen balet klasikoaren pauso guztiak eta dantza garaikidearen estiloa, jarrera estatiko ugariak eta banaketa geometriko bitxiak haien artean tartekatuz eta araztasun elegante baten sentsazioa sortuz.

Mats Eken Radis noir, ordea, erdibidean geratu zen nire irudiko, Brahmsen biolinerako kontzertuaren lirika gaindiezina ezin delako benetan beste ezerekin edertu, eta are gutxiago emozioei eusteko hari eroale bat izan ezean. Gauzak horrela, une batzuetan jantzi koloredunei, duo inspiratuei eta konpainia osoaren eboluzio politei uko egin eta, begiak itxita, nahiago izan nuen biolin eta orkestraren arteko solasaldi paregabeez gozatu.

Taldeak eta obrak: Dansk Danse Teater ('Shadowland', 'Kridt'), Vilcanota ('Pousse-toi'), Suediako Operako Errege Balleta ('Tableau perdu', 'Radis noir'). Lekua: Miarritzeko Kasinoa, Koliseoa eta Gare du Midi. Egunak: Irailaren 12a eta 13a.

Dokumentuaren akzioak