Ballets Jazz Montréal konpainiak 2017an sortu zuen Dance ikuskizuna, aurreko urtean hil zen Leonard Cohenen omenez. Musikari kanadarraren abesti ezagunenetako batzuk berrinterpretatuz mundu osoan barrena ibili den ikuskizuna Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eskainiko dute gaur.
Dance saioak Cohenen konposizioei buruzko hiru begirada eskaintzen ditu –musikala, poetikoa eta emozionala–, Éric Jeanek zuzendutako obran lan egin duten koreografoen ikuspegitik: Andonis Foniadakis greziarra, Annabelle López Ochoa belgikar-kolonbiarra eta Ihsan Rustem britainiarra.
Nazioarteko konpainia horretako kide diren Tuti Cedeno dantzari panamarrak eta Yosmell Calderon kubatarrak atzo aurkeztu zuten ikuskizuna, Andrew Mikhaiel koordinatzaile artistikoarekin eta Ching Ching Wong irakaslearekin batera.
Hain zuzen ere beraiek nabarmendu zuten Cohenen abestien zati luze eta motzagoak entzuteko aukera ematen duen muntaiaren oinarriko begirada hirukoitza. Abestiei dagokionean, entzungai izango dira, besteak beste, 1967ko Suzanne eta So Long, Marianne goiztiarrak, bai eta artistaren azkenetakoak izan ziren 2016ko It Seemed the Better Way eta Steer Your Way ere.
Kantautore eta poetaren Lover, Lover, Lover, Hallelujah, Everybody Knows eta Dance Me to de End of Love piezak ere entzungo dira, ezinbesteko hautaketa eginda gero ikuskizunerako aukeratu dituztenen artean. Izan ere, lehen entresaka eginda hiru ordu irauten baitzituen ikuskizunak, eta nola hala 80 minututara ekarri behar izan zuten kanadarraren “loriazko lanaren gorazarrea”.
Dance ikuskizunaren sorreran parte hartu zuen Yosmell Calderonen esan zuenez, oso une ederrak baztertu behar izan omen zituzten. “Leonard Cohenen obran zehar bidaia ez kronologikoa proposatzen dugu, eta haren abesti batzuk dantzariek eurek abesten dituzte, musika oso modu askean erabili dugulako”, kontatu zuen. “Audientzia guztiek ezaugarri desberdinak izaten badituzte ere, leku guztietan publikoa oso abegikorra izan da eskaini dugun lanarekin. Komunikazio zoragarria sortu da “, azpimarratu zuen Calderonek.
Andrew Mikhaiel lankideak gaineratu zuenez, “oso lan irekia da, espektro zabalekoa”, eta horri esker, “jendea ikuskizunaren alderdi batera edo bestera lotzeko” aukerak ugaritu egiten omen dira.