Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Damian Muñozek «etsipenari buruzko lana» estreinatuko du Grec jaialdian

Dokumentuaren akzioak

Damian Muñozek «etsipenari buruzko lana» estreinatuko du Grec jaialdian

Wendersen ‘The Berlin airlifit’ filma du oinarri ‘Las mentiras del entusiasmo’ koreografiak

Egilea
Olaia Salegi
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2001/07/25

Damian Muñozek Wim Wendersen The Berlin airlift obran oinarritu du bere azken koreografia. Hala, Damian Muñozen koreografia berria, Las mentiras del entusiasmo (Zoramenaren gezurrak), Wim Wenders ezagunak bere The Berlin airlift (Berlin gaineko zerua) filmean kontatzen duen maitemindutako aingeruaren istorioaren moldaketa bat da. Gasteiztarraren lan hau gaur estreinatuko da, Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroan, hain justu. Estreinaldia, gainera, Grec 2001en barruan kokatuko da, hots, Bartzelonako udako jaialdiaren programazioaren barnean.



Filmaren sentimenduzko izaerari bere hartan eutsi nahi izan dion arren, haren moldaketa askea egi du. Muñozen hitzetan, emaitza «giza etsipenari buruzko zenbait istorio dira, eta gaizto bilakatzen den aingeruaren istorioak guztiak biltzen ditu». Aingerua izaeraz aldatzeko arrazoia, bestalde, gaiztoa den emakume batez maitemintzean datza. Horrela, aingeruak pentsatuko du emakume gaiztoaren arreta erakartzeko modu bakarra haren erara makurtzea dela.

Esperientzia berria

Sei dantzari orotara, lau gizonezko eta bi emakumezko izango dira Damian Muñozek dantzarako egokitu duen pelikularen protagonista nagusiak. Asiré eta Daño koreografiak egin dituen gizonak lehen aldiz moldatuko du beste artista baten lana. Zeregin hori betetzeko film bat aukeratu izana —eta ez liburu bat, esate baterako—, ondoko arrazoibidean zedarritzen da: 33 urteko artistak zinema belaunaldiko kidetzat jotzen du bere burua, eta zazpigarren artea bere heziketan eragin handiena izan duen araubidea dela uste du.



Nolanahi ere, Muñozen lan berria ez da moldaketa hutsa. Horren erakusgarri musika da. Izan ere, koreografia taularatzeko filmeko musika zokoratu, eta, horren ordez, Borja Ramos zein Pettiren abestiak erabiltzea erabaki du. Damian Muñozen arabera, musika lan horien bidez posible izan du, «batetik, norbera den bezalakoa izateko askatasunaren aldeko borroka, eta, bestetik, alferkeriaren eta dogma finkatuen kontrako sustapena» adieraztea.

Izenburuaren zergatia

Las mentiras del entusiasmo

izenburuak «banakoaren sentipenak adierazteko askatasunari egiten dio erreferentzia, ondo gaudelako plantak egiteko daukagun beharra islatzen du, hala ez bagaude ere». «Egitasmo berrien inguruan jendeak erakutsi ohi duen gogoa eta jarrera baikorra ez dira beti egiazkoak izaten», baina lan hau aurkezterakoan erakusten duen jarrera faltsua izan daitekeela pentsaraztea dibertigarria iruditzen zaio.



Lau egunez erakutsiko du obra, eta gasteiztarrak eta Grec jaialdiak lankidetzan egindakoa da, Barakaldo Antzokiaren laguntzaz. Koreografia Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroan dantzatzeko pentsatu zen, obra Grecekin batera ekoizteko konpromisoa hartu baitzuen duela urtebete baino gehiago. Hala ere, Greceko zuzendari Borja Sitjak adierazi duenez, Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroak mota honetako ikuskizunak beste areto batzuetan taulara daitezen nahi du. Horrela, dantza ekitaldiak Ovidi Montllor bezalako aretoetara pasatuko lirateke, esaterako.



PETTIREN KOLABORAZIOA



Esperientzia polita eta bitxia

Petti beratar kantariak jarri dio musika —Borja Ramosekin batera— Las mentiras del entusiasmo koreografiari. Kantatu ez duen arren, nabaria da haren gitarraren soinua: «Giro musika da batez ere koreografia honetarako eskatu zaidana, lasaia», adierazi digu. «Gitarra batzuk baino ez ditut sartu». Zenbait irudi ikusi eta haiei doinua jarri, hori izan da abeslariak jarraitu duen lanerako bidea. Ohikoa ez, beraz: «Muñozek film bat jarri zigun; ez, ordea, dantza koreografia honi buruzkoa. Lan honen ildoa jarraituko lukeen filmaren zati batzuk erakutsi zizkigun».



Guztira bi-hiru abestitan sartu du Pettik gitarra, gero gainetik Muñozek berak instrumentazio batzuk egiteko. Azken emaitza ikusi gabe, gisa honetako bere lehen esperientzia asko gustatu zaio; «oso polita» iruditu zaiola adierazi digu nafar abeslariak.

Dokumentuaren akzioak