Dokumentuaren akzioak
Damatxo eta gizontxoak
Garai batean baserri giroan, herrixka txikietan eta festa giro apartan ospatzen ziren erromeriak. Herri gehienek zeukaten ohiko bilera leku bat (horrela deitzen zitzaien erromeriei). Urteen joan etorrian, ordea, gizartearen ohiturak aldatzen joan diren heinean, Euskal Herria hiritartu egin dela esan liteke, eta festarako ohiturak ere bai. Usadioen aldaketak zuzen-zuzenean eragin du herri-dantzetan. Modako erritmo eta dantza doinuekin batera fandango eta arin-arina, muxikoak, larrain dantzak eta beste hainbat herri-dantza oso ohikoak ziren jai giroan. Festarako guneak tabernak, dantzalekuak eta antzekoak bihurtu direnetik, berriz, ez dira apenas erabiltzen. Plaza askotan dantzari koadrilak ikusten diren arren, zalantzarik ez dago plaza kopurua nabarmen jaitsi dela eta dantzari koadrilak ere ez direla lehengoak bezain handiak. Diagnostiko hori eginez jarri ziren martxan Euskal Dantzarien Biltzarra eta Ereintza Dantza Taldea.
Hastapeneko helburu nagusiak bi izan ziren: kaleko jendeari dantzan erakustea eta herri-dantzen inguruan, erromeria giroko jai erraldoia antolatzea. Hortxe hasi zen ereiten, 1999aren lehen egunetan, Erromeria Eguna izeneko proiektua. Lehenengo saiakera arrakastatsua gertatu zen antolakuntzarentzat, partehartzaileentzat eta jai giroak erakarrita hurbildu zirenentzat, eta aste honetan bertan bigarren ahalegina gertatuko da. Helburuak lehenengo urtekoak dira eta ekitaldiak ere ildo berari jarraituko dio. Hala ere, badaude berrikuntzak, apustua inoiz baino garrantzitsuagoa izan dadin nahi baitu Ereintzak aurten.
Egun osoko egitarau zabala
Goiz-goizetik abiatuko da Erromeria Eguna. Amaiera, berriz, zehaztu gabea da; norberak erabakiko du noiz erretiratuko den, bakoitzari hankek eusten dioten bitartean giroa izango baitu Errenterian.
Kalez-kaleko kalejira batekin hasiko da festa; herriko hiru auzo ezberdinetatik abiatuko dira dantzari eta musikari taldeak. Guztiak eguerdi partean elkartuko dira Esmalteria izeneko enparantzan, eta hortik, guztiak elkarrekin, herriko kaleetan zehar jardungo dute. 13:00etan, Zumardian, soilik ikusteko den eguneko ekitaldi bakarra egingo da, gainontzeko guztiak parte hartzekoak dira-eta. Ekitaldi hau erakusketa bat izango da, Euskal Herriko lurralde eta eskualde ezberdinetan dantza soltean egiteko dauden era ezberdinak azalduko dituen erakusketa. Euskal Herri osotik etorriko dira dantza bikote edo taldeak, eta horrez gain, dantza solte munduan garai bat eta estilo bat markatu duten belaunaldi, sendi edota eskolak ere izango dira agerraldian.
Eguerdian, 450 pertsonentzako bazkari herrikoia burutuko da kiroldegian. Bertan eguneko partehartzaileak eta nahi duten herritarrak izango dira, eta iaz gertatu bezala ondorengo festa egosiko den lapikoa izango da seguru aski. Erromeriako ekitaldi nagusiari arratsaldeko 18:00etan ekingo zaio. Erromeri nagusia izango da hau, eta egitarauan ikus daitekeenez, partehartzaile ugari eta izen handikoak izango dira bertan. Erromeria Eguneko helburua ekitaldi nagusi honetan gauzatzen da, batez ere. Iazkoari begiratu besterik ez dago. Zumardia jendez gainezka, eta guztiak ere herri-dantzak dantzatu eta dantzatu. Hasberri eta dantzari iaioak, haurrak, gurasoak, gazteak eta garai bateko bileretan jai giroan aritzen zirenak.
Erromeria nagusi horri beste bi erromeria txikiago batuko zaizkio (Inguruko beste bi enparantzatan kokatuta egongo dira), 19:00etan. Horrela, Errenteriako herrigune osoa festa leku bihurtuko da, eta jendeak batetik bestera ibiltzeko aukera izango du. Gauean, aldiz, modako erromeria taldeen txanda izango da dantzaldian. Ordu txikienetara arte Eztanda eta Etzakit arituko dira.
Iparraldeari begira. Euskal Herri osoari bidalitako mezua da "Danok Dantzara Plazara!" leloa. Hala ere, aurten deia Ipar Euskal Herrira ozenago iritsi zedin saiatu dira antolakuntzako kideak. "Deialdi nazionala izanik haiek ere kontuan hartu behar ditugu, eta batik bat jakinda herri-dantzetan aberastasun handia dutela beraiek eta erakusteko gauza asko dituztela esparru horretan", dio Juantxo Maya Ereintzako lehendakariak. Horregatik, aurtengo egitarauaren berrikuntzarik nagusiena Lapurditik dator. Patxi Perez maisuak larunbatean dantza urratsak erakutsiko dizkio Errenterian nahi duen orori, eta harekin batera jende multzo garrantzitsua hurbilduko da Iparraldetik.
Ikastaroak nonahi
Patxi Perezek Arrangoitzen egin duen moduan, Euskal Herri osoan herri-dantzen ikastaroak burutu dira bi hilabetez, Erromeria Eguna prestatu nahian. Esti Iturria Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko idazkariaren esanetan, "aurten, gainera, fenomeno berri batekin egin dugu topo: iazko Erromeria Egunaren ostean hainbat dantza taldetan urte osoan zehar antolatu dituzte ikastaroak, eta horrek aurrerapauso oso garrantzitsua suposatzen du jaialdiak duen helburu horietako bat lortzeko".
Dokumentuaren akzioak