Dokumentuaren akzioak
Cristina Hoyosek 'Romancero gitano' estreinatuko du Bilbon
Lorcaren poemak ditu oinarrian Andaluziako Ballet Flamenkoa konpainiak emango duen lanak
Federico Garcia Lorcak (1898-1936) ijitoen tradizioak eta erritoak jakitera eman nahi izan zituen, arraza horrekiko miresmenak bultzatuta. Hala, 1928an Romancero gitano kaleratu zuen, bere hirugarren poema liburua. Olerki haietako ezagunenak eta «dantzaren bidez hobeto adieraz zitezkeenak» flamenkora egokitu ditu Hoyosek.
Guztira bederatzi erromantze interpretatuko dituzte; honako hauek, besteak beste: Romance sonámbulo; Romance de la luna, luna; La reyerta; Preciosa y el aire eta La monja gitana. Olerkiok poetaren garaian tabu ziren gai asko jorratzen dituzte; Hoyosen hitzetan, askatasunez eta erotismoz beteriko dantzak dira.
«Pixkanaka erretiratuko naiz, baina oraindik ondo nabil indarrez». Hori dela eta, Hoyosek erromantzeetako batean dantzatuko du; gainerakoak Andaluziako Ballet Flamenkoa konpainiako hamalau dantzariek interpretatuko dituzte, El Junco dantzari ezaguna buru dutela. Pedro Sierra izango da musika zuzendaria, eta Jose Carlos Plaza, berriz, eszena zuzendaria; «Lorcak metaforaz bete zituen bere poemak, eta Plazak horiek oso ondo argitzen jakin izan du», Hoyosen ustez.
EUSKAL HERRIKO FLAMENKOZALEAK. Euskal Herrian lehenengo aldiz ikusi ahal izango da Romancero gitano. Hala ere, ez da Andaluziako konpainia honek oholtza gainera eramandako Lorcaren lehen obra. Aurretik Bodas de sangre eta Yerma tragediak antzeztu ditu Bilboko Arriaga antzokian. Bertako publikoari dagokionez, zera dio Hoyosek: «Flamenkoa gustatzen zaion jende asko dago, baina etortzen den publikoak ez du flamenkoa soilik gustuko, antzerkia eta musika ere gustatzen zaizkio».
Romancero gitano Granadan (Espainia) estreinatu zuten, eta Guadalajaran ere (Mexiko) izan dute emanaldirik, arrakasta handiz, Hoyosen esanetan: «Liluragarria izan da, oso ezberdinak diren bi publikorekin arrakasta handia izan dugu. Horregatik diot edukiagatik mundu guztiari gustatuko zaion obra dela».
Dokumentuaren akzioak