Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Cortes: «Zinema egiteko harra dut, eskaintzak jaso baditut ere"

Dokumentuaren akzioak

Cortes: «Zinema egiteko harra dut, eskaintzak jaso baditut ere"

Musikaren eta dantzaren mestizaiaren alde egin du

Egilea
Gorane Agirre
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2000/01/09

Almodovarren Flor de mi secreto edo Sauraren Flamenco filmetan parte hartu badu ere, Lavapieseko dantzariak protagonistaren papera egingo duen lehenbiziko aldia da. Cortesek adierazi zuenez, «zinema egiteko harra dut oraindik, nahiz eta EEBBetan urteak daramatzaten proiekturen batean parte har dezadan eskaintzak egiten». «Dantzak liluratu egiten nau»

Zinemaren artean betidanik oso interesatua egon den arren, dantzarekin bateratuko duela iragarri zuen; «dantzak liluratu egiten nau eta kartelean segitzen dut; oso gustuko dut —koreografoa naiz— emanaldiak sortzea».

Gitano filmaren gidoia oso interesgarria dela eta parte hartuko duten aktoreak oso onak direla azaldu zuen. «Oso pozik nago; protagonista bezala egiten dudan lehen proiektua da, perkusionista baten papera egiten dut. Ikusiko dugu emaitza zein den; edonola, irrikitan nago».

Asteburuan Bilbon Soul dantza eta musika ikuskizuna eskaini ostean, Cortesek bi hilabeteko atsedenaldia hartuko du aipaturiko filma grabatzeko. Apirilean, ostera, Soul ikuskizunari berriro ekingo dio, Madrilen, mundu mailako birari hasiera emanez. Urtebete edo urte eta erdi iraungo du horrek.

Bere burua musikaren eta dantzaren «mestizaiaren» defendatzailetzat jo zuen Cortesek. Eta, azaldu zuenez, Soul bere arima islatzen duen lana da; «estilo eta musika nahasketa da».

Irailean estreinatu zuen Soul lana, eta Cortesek dio tauromakia, 30eko hamarkadako Kuba, musika afro-kubatarra eta flamenkoa omentzen direla.  Bere hitzetan, «ikuskizunean, nolabait, mestizatzeko saiakera bat egiten da balet klasikoa, dantza modernoa, garaikidea eta flamenkoaren bitartez; lau estiloak batu eta esaterako musika afrokubatarrarekin nahastu».  «Beti», gehitu zuen, «sinistu dut bategitean eta mestizaian, eta egun modan dago, nik beti egin dudan arren. Fusio hori dantzaren eta musikaren oraina eta etorkizuna da».

Dokumentuaren akzioak