Dokumentuaren akzioak
Coppelia kalbinista
Dantza 'Coppélia'
Nahasmenaren
kontua argumentuaren gaurkotzetik etorri da batez ere, gaurko gizarteko
alderdirik lorrinenek -telebistako lehiaketek eta publizitateak,
esaterako- gaurkotasuna eman bai, baina kategoria kendu diotelako
proposamenari eta, gainera, elkarketa traketsa sortu delako Leo
Delibesen suite erromantiko zoragarriarekin. Beste alderdi batzuetan,
aldiz, finago ibili da proposamena, eta hasierako jantzien diseinuak
eta koloreek telebistaren hastapenetako zuri-beltzeko estetika
gogorarazi digute.
Dantzaren aldetik, ordea, Cisco Aznarrek ez du benetan
planteatu sakontasun handiko pasarterik, edo euren balizko indarra
nonbaiten galdu da, dantza garaikidearen keinuak, dantzarien oinarri
klasikoa eta guztiari eman nahi izan dion pantomima-kutsua konbinatzeko
ahaleginetan. Bide horretatik, koreografoak ez die behar zen beste
etekinik atera eszena erromantikoei, baina trukean, zenbait une
dibertigarri bizi ditugu eta dantzariek aukera batzuk eduki dituzte
balet klasikoaren edertasuna erakusteko.
Batez ere, argumentuaren kontaketan tematu da sortzailea, eta
istorioaren hari korapilatsua argitzearren, frantsesez, ingelesez eta
gaztelaniazko solasaldi laburrak tartekatu ditu han-hemenka.
Bideo-proiekzioek ere rol garrantzitsua jokatu dute, baina dantzarien
atzean proiektatu direnak betegarri hutsa izan dira, eta gainera,
zeharo oztopatu dute ikusleen arreta dantzariengan eta koreografiaren
diseinuan zentratzea. Kontrako erara, agertoki aurrean proiektatu diren
film laburrek fantasia handia erakutsi dute, bai irudietan bai melodia
nagusien bertsio onirikoetan.
Atsedenaldiaren ostean desagertu egin dira dantzarien atzeko
bideo-proiekzio nekagarriak, eta Luis Lararen eszenografia eta jantzi
miresgarriek futurismoaren garaiko mundura eroan gaituzte. Orduantxe
hasi da gauzatzen Coppelia klasikoaren berrikuskapena, eta iruditu
zaigu koreografoak ere ahalegin berezia egin duela dantzaren diseinuari
nolabaiteko distira emateko. Genevan kalbinismoaren sortzaileei
egindako monumentuaren aurrean dantzatzea, ordea, probokazio hutsa izan
liteke, edo bestela, ikuskizunaren babesleei egindako ordaina.
Konpainia: Genevako Grand Theatreko Baleta. Koreografia: Cisco Aznar. Lekua: Arriaga antzokia (Bilbo). Eguna: Otsailak 25.
Dokumentuaren akzioak