Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Coloradotik haize zuzena Maitaldira

Dokumentuaren akzioak

Coloradotik haize zuzena Maitaldira

Jean-Philippe Malaty zuzendari duen Aspen Santa Fe AEBetako konpainiak hiru ikuskizun arrunt ezberdin eskainiko ditu gaur kasinoan

Egilea
Nora Arberbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2004/09/16

21:00etatik aitzina, hiru ikuskizun emanen dituzte herriko kasinoan. Lehena, Nicolo Fonte koreografo europarraren Left Unsaid. Bigarrena, Noir & Blanc Moses Pendletonena. AEBetan biziki ezaguna den koreografoa da hau iduriz. Eta azkena Like a Samba, izenak dioen bezala kutsu latinokoa. Hiruak «arrunt ezberdinak» Jean-Philippe Malaty baleteko zuzendariak dioenez. «Gure konpainia ezaguna da justuki estilo eklektikoagatik. Formakuntza klasikoa dute dantzariek baina garaikidea edo modernoa ere dantza dezakete». Oro har, programazioa «estilo zuzenekoa» dela dio Malatyk. Hau da, «ikusgarritik ez zara ezer ulertu gabe ateratzen. Alde horretatik erabat AEBetako ekoizpenak direla erran daiteke. Europakoekin frangotan halako gustu garratz bat sendi dezakezu obra bururatzean, mezua hartu ez duzulakoan edo. Biziki abstraktuak dira hemengo lanak. Bada, horrelakorik ez gurean». Ongi saltzen badaki bere programazioa Malatyk. Bere lana du, funtzionatzen duten koreografien lanak «erosi eta bilduma egitea. Arriskurik hartu gabe». Alabaina, «AEBetan dantzak ez du batere Europako funtzionamendua. Hemen, arriskuak hartzeko aukerak badira, dantza ikertzeko, esperimentatzeko. AEBetan aldiz, business delakoak du manatzen. Finantzatzaile pribatuek dituzte ikusgarriak laguntzen. Ez da diru publikoa. Ezin dugu nahi duguna egin» onartu zuen Malatyk. Gaur arratseko ikusgarrian, hain zuzen, baletari sosa eman duten 15 bat finantzatzaile pribatu jinen zaizkie, beren sosa nora doan ikusteko. «Gainera, han dantzaren helburu nagusia dibertitzea da» zehaztu zuen.



Zuzendari miarriztarra



Jean-Philippe Malatyk familia uztariztarra du, amaren aldetik. Bere haurtzaroa Miarritzen iragana du. Euskal dantzaren bitartez erori zen dantzaren munduan. AEBetara 19 urtetan joan behar izan zuten. Geroztik han gelditu da gaurko eguna arte, non Tom Mossbruckerrekin baletaren zuzendaritza partekatzen duen.



«Harrotasun berezi» batekin hasten duela Europako bira Miarritzetik azaldu zuen Malatyk. Batez ere, ikus lur hau utzi duenetik nola aitzinatu den hiria. «Maitaldia, Biarritz baleta eta beste hainbat ekimen badaude orain. Gainera, Maitaldiko programazioa biziki oparoa da. Duela 20 urte ez zegoen fitxik. Hemendik joatera behartuak ginen. Ez nuen ez eta amestu ere egun batez dantzaren hiriburua bilakatuko zenik», poztu zen Malaty.

Dokumentuaren akzioak