Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Claude Iruretagoiena• Dantzarien Biltzarreko kide eta dantzaria •

Dokumentuaren akzioak

Claude Iruretagoiena• Dantzarien Biltzarreko kide eta dantzaria •

Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Albistea
Data
2000/05/03

EUSKAL dantzari profesionala da, bakarretakoa. Dantza klasiko eta garaikidean egoera kaskarra da, baina euskal dantzan, oraingoz, egoera horretara ailegatzea ere ametsa dela dio.

• Dantzarien Biltzarrean diharduzu. Dantzatik bizi diren gutxienetakoa zara?

Hala da. Nik ematen ditudan dantza ikasgaietatik jaten dut, beste inork ez bezala. Ez dago dantzari ordaindurik, eta oso gutxi dantza irakasle ordainduak. Gure kulturak sekulako indarra du, eta ez dut ulertzen zergatik ez dagoen euskal dantzen balet nazionalik. Dantza hiltzeko zorian dagoela uste dut.

• Ez al da hori ikuspegi ezkorregia?

Egoerari buruzko gogoeta ezkorra da. Gogoeta horiek jendearekin eztabaidatu behar dira egoeraren aurrean begiak ireki ditzan. Batetik, arrazoi politikoak daude hemen gauzak egin ez daitezen. Bestalde, kontzientzia falta zaigu euskal dantzak bere lekuan jartzeko. Oker handia da pentsatzea euskal dantzan ezin dela profesionaltasunik egon. Klasikoa profesionala izatea normala iruditzen zaigu, baina gure herriko dantzak ez. Badaude adibide asko euskal dantzan hasi eta dantzari karrera egiten ari direnak. Isaias Jauregi Miarritzeko Baleteko dantzaria da horren adibide. Guk geuk ez dugu uste maila handiko gauzak egiteko gai garenik. Hori ez al da ezkorra izateko arrazoia?

• Zuk Pantxika Telleriarekin sortutako haur eskolan dantzari asko dago, proiektu asko dituzu, eta horiek aurrera ateratzeko asmo finkoa. Hori guztia ezkortasunari esker da?

Dantzak mozkortuta nago ni [barrez]. Dantzarako bizi naiz. Dantzariekin ez nago goibel. 80 dantzari inguru daude eskolan, eta horietako askok gogo handia du dantzan jarraitzeko. Haiekin gustura, ez haien gurasoekin, ez politikariekin. Guraso askok dantzariek atzera egiten laguntzen du. Politikariek... zer esan bada? Ezer ez egin, eta ateak itxi.

• Hegoaldeko egoera hobea al da?

Antzekoa. Kontua da gauza, guztietan bezala, Hegoaldean jende gehiago dagoela. Ongi ezagutzen dut Hegoaldeko egoera, eta ez da osasuntsua. Jende kopurua kenduta, laguntzak eta kontzientzia hemen bezain gutxi dagoela iruditzen zait.

• Kezka ere baduzu dantzen inguruan ezagutzarik ez dagoelako.

Ezagutza eza izugarria da. Ikasleek (gurasoei esker) dantzarentzako duten denbora apurrean ezin dugu ezagutzan sartu, historian, tradizioaren eta kulturaren oinarrian. Dantza egiteko astia baino ez dugu. Taldeetako zuzendariek ere oso gauza gutxi ezagutzen dute.

• Irakasleentzako eskola egiteko asmoa duzu. Ezagutzak lekurik izan du hor?

Lehenengo urratsa da dantzariak prestatzea. Horretan ari gara. Pixkanaka ikusten joango gara horietako nork izan nahi duen irakasle, eta horiek prestatzen jarri. Noski, ezagutzari lekua egin nahi genioke. Urrats horien ostean dantzari profesionalak sortzea da azken helburua, Agian horretaz hitz egitea arriskutsuegia da, urrun baitago, baina hori gabe, beste guztiak ez du baliorik, nire ustez.

• Euskal dantza oinarri, garaikidetik ere zerbait baduen ikuskizuna prestatzen ari zarete irailerako.

Istorio Mistorio ikuskizuna, bai, haur dantza-eskolaren barruan egiten ari garena. Soka-dantza eta ingurutxoaren inguruan sei eszena moduko prestatzen ari gara, Euskal Herrian dantzatzen den hainbat modu ekarriz. Eszena bakoitzak leku bakoitzeko dantza ohiturak ekarriko ditu. Euskal Herrikoak eta guretik duten Europako dantzak ere eskainiko ditugu. Garaikideak eszena bat izango du, baina ez da tradizioarekin nahastutako ikuskizuna, hori arriskutsua baita. Ingurutxoan sortzen diren harremanen gaineko lan garaikidea da.

Hiru dantza konpainia besterik ez

HIRU konpainia profesional besterik ez dago Euskal Herrian. Gipuzkoan A Deshoras, eta Tempomobile Nafarroan, horiek biak garaikideak, eta Miarritzen Ballet Biarritz, klasikoa. Euskal dantzan, jakina denez, ez dago horrelakorik.

A Deshoras konpainia elkarte kultural gisara osatua dago, eta beste hainbat lanekin osatzen dute bizibidea taldeko kide Maite Berasategik, Arantxa Balenziagak eta Silvia Clementek.

Nafarroako dantza konpainia egonkor bakarra da Tempomobile. Becky Siegel estatu batuarrra da taldeko koreografo eta zuzendaria, eta, harekin batera, Jon Barbarin, Igor Calonge, Pello Otano eta Montserrat Zabalzak osatzen dute Tempomobile. Gurean baino lan gehiago egiten dute kanpoan. Tempomobile konpainiak, dantza ikuskizunak egiteaz gain, dantza eskolak ere ematen dituzte taldeko hainbat kidek, eta, beste batzuk aktore ere badira.

Ballet Biarritz izango da ziurrenik jarduera gehien izaten duena urtean, emanaldiak Euskal Herrian eta Frantzian eskaintzen ditu batez ere.

Dokumentuaren akzioak