Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Claude Iruretagoiena Egunkarian

Dokumentuaren akzioak

Claude Iruretagoiena Egunkarian

Irakurleen galderak erantzun ditu 6 egunez

Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Elkarrizketa
Data
2001/10/28

2001-10-23



Euskal dantzetan sortu zinen, baina gaur egun euskal dantza eta modernoa bateratzen dituzu. Nola definituko zenuke egiten duzuna? Jon Ruiz (Donostia)



Dantzaren esparrua irekitzera ahalegintzen naiz. Beraz, behin baino gehiagotan errekurritu dut dantza garaikidera. Ez naiz dantza garaikidearen espezialista eta kanpoko esku-hartzaileengana jotzen dut. Ez dut ene burua sekulan definitu eta ez diot horri interesik aurkitzen. Garrantzitsua bertze diziplinetara irekitzea da. Helburuen arabera funtzionatzen dut eta ez definizioen arabera.





2001-10-24



Ipar Euskal Herriko dantza taldeek ezaugarri propioa (lan egiteko modu berezia) dute Hegoaldekoekin alderatuta? Beñat Etxepare (Baiona)



Jendeak dantzatzeko modu desberdinak baditu ere, Euskal Herrian dauden desberdintasun kulturalak aipatu gabe, ez dago Iparraldea eta Hegoaldearen arteko dantza mota desberdinik. Desberdintasunak baldin badaude, irakasleen artekoak dira, bakoitzak bere kolore berezia ematen baitu. Dantzari bakoitza desberdina da, baina mugak ez du

mugimendurik gelditzen.





2001-10-25



Dantzan aditua zara. Alor horretan guztia probatu al duzu? Zein da zure erronka pertsonala? Maia Etxeberri (Baiona)



Ez dut dena saiatzeko intentziorik. Dena hunkitzen bada, azken finean, ez da gauza handirik egiten. Dantza garaikidea eta klasikoa ikasi baditut ere, euskal dantza tradizionala landu dut batez ere. Nahi badugu berezitu, hobe da gauza bat bakarrik lantzea. Geroari buruz, beraz herriko dantzetan nahiko nuke arizan. Euskal dantza

tradizionalak menperatzeko erabat, dantzari profesionalak formatuz ildo horretan. Dantza garaikidea egiteko bada ere, garaikidea eta euskalduna izaiteko hain zuzen.





2001-10-26



Globalizazioaren aldi honetan, dantzaren globalizazioaz hitz egin al daiteke? Alazne Urdanpilleta (Eibar)



Komunikabideen garaian gero eta gehiago kontaktu baditugu atzerriko dantzariekin. Herri ezberdinetako dantzarien artean elkarretaratze franko badaude. Arrisku handia ekartzen du horrek. Sobera nahasten bagara, azkenean gure nortasuna galduko dugu. Dantzari dagokionez, ekialdeko taldeen obra ikusgarrien eragina handitzen ari da. Emeki-emeki Euskal Herrira etortzen da. Alta, ene ustez, haien

lanetan inspiratzea ona bada, ez da kopiatu behar, bestela hilak gara.





2001-10-27



Zein da gaur egun euskal dantzaren egoera, eta nola ikusten duzu etorkizuna? Fernando Goienetxe (Iruñea)



Nire sentimendua ez gordetzeko, ez dezaket erran biziki baikor nagoela. Baina euskal dantzaren gibelatze bat aipatzean, orokorki kulturaren apaltzea ere aipatzen da. Egoera biziki kezkagarria geldituko da, dantzaren balio artistikoak onartuak izanen ez direno eta dantzarien esku espazio minimo bat segurtatuko dieten baliabideak ezarriko ez direno: formakuntza, hedapen politika, sorkuntzarako laguntza. Eta hori guztia modu eraginkorrean.



2001-10-28



Dantzatik bizi daiteke Euskal Herrian? Maria Anjeles Lopez (Hendaia)



Ezetz erantzuteko gogoa nuke. Alde batetik, aktoreak berak ez dira konbentzituak profesionalizatze serios baten aukeraz. Irakaskuntzaren aldetik eta batez ere artisten aldetik. Oraino ere pentsamolde horretan gaude : animatzaile eta ez irakasle. Guhaurek geure buruak konbentzitu behar ditugu. Kalitateko ekoizpenak helburu lituzkeen selekzioaren ideia baztertzen da. Horren emaitzak engaiamendu handiegia eskatzen du, zuhaur bizitzea eragozten dizuna.

Dokumentuaren akzioak