Dokumentuaren akzioak
Chillida-Lekun, “Topaguneak” dantza, musika eta eskultura uztartuz
Datorren larunbatean, ekainaren 18an, 19.30ean, Chillida-Leku museoa dantzaz blaituko da Kukai dantza taldearen eskutik. Topaguneak dantza, musika eta eskultura uztartzen dituen ikuskizuna, Chillida-Leku museorako bereziki sortu da, eta Zabalagako Topaketak 2016 egitarauaren barne dago.
Kukai Konpainiak Eduardo Chillidak sortutako esparru artistikorako bereziki diseinatu du koreografia ikusgarria, dantza, eta eskultura batzeko xedez.
“Eduardo Chillidak bideak eta topaguneak aldarrikatu ditu bere obra zein sormen prozesuetan, sormenerako abiapuntu gisa. Kukai Dantzak kontzeptu horietan sakonduz eraiki du proiektu berezi hau; bide berean kultura tradizionala eta abangoardia jarriz. Jatorri ezberdinetako artistak batzen dituen ikuskizunak, ibilbide berezi bat proposatzen du, Chillidaren eskulturekin elkarrizketan, topagune berri bat sortuz”.
Kukai Dantza (Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Martxel Rodriguez, Urko Mitxelena), Jon Maya dantzaria, Marcos Morau koreografoa, Eduardo Chillidaren obra (2000 urtean inauguratu zen Chillida-Leku Museoa, eta gaur egun bertan dago haren obraren parte handi bat, naturarekin atergabeko elkarrizketan), Erramun Martikorena abeslaria, Joxan Goikoetxea musikaria, eta Oskara proiektuan landutako edukiak topagune berri honetan elkartuko dira eremu artistiko berria sortzeko.
Dokumentuaren akzioak