Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Carolyn Carlsonen itzulera

Dokumentuaren akzioak

Carolyn Carlsonen itzulera

Kritika, Carolyn Carlson

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2007/07/12

Goizean, Agerre Teatroaren Haur kabareta izan da. Gaztelaniazko bertsioan ikusi dugun lan honen bertute nagusia ume txiki-txikientzat entretenigarria eta bariatua izatea da. Bere gabezia nagusia, ordea, hari argumentalaren ganora faltan datza. Izan ere, zuzenean jotako musikari eta aktoreen bizitasunari esker mantentzen da ikusle txikien arreta, baina, helduon ikuspegitik, nahiko nahasia da eta loturarik gabeko gertakizun anekdotikoen segida irudi lezake.

Feriarekin batera, Dantza Plataformako lanak plazaratzen dira eta haietariko lehena Blanca Arrietaren Rest izan da. Taula gainean Arrieta bera, Jorge Lastra eta Robert Jackson agertzen dira, zeharo galdirik hasiera batean, eta erabateko isiltasunean murgilduta. Haiekin dagoen biolinista ere geldi-geldi eta isilik egongo da ia denbora guztian, eta dantzarien mugimenduak gelditasunetik geldotasunera igaroko dira apurka-apurka, butoh-aren lasaitasuna gogoraraziz, baina haren barne gogoetaren arrastorik gabe.

Piezaren bigarren ordu erdia zertxobait dinamikoagoa da, baina, hala ere, ez koreografiaren diseinuak ez soinu-bandaren kontezptualtasun itzelak ez dute justifikatzen piezaren errotiko laztasuna. Gauzak horrela, Oscar Grijalbaren argi-diseinu aurreratua da lan honetatik gordeko dugun bikaintasun bakarra.

Arestian esan bezala, Inanna piezarekin etorri da Carlson, bere nagusitasun osoa emakumeen omenez azaleratzeko. Inanna sumertarren jainkosa bat omen zen, eta Carlsonen koreografiak izaera femeninoaren alderdi guztiak aztertzen ditu, dantzaren bidez bereziki, baina bestelako baliabide eszenikoei uko egin gabe. Horrela izanik, antzerki erako keinuak eta jarrerak askotan tartekatzen dira zazpi dantzarien mugimenduetan, eta inguruko elementuak ere -eszenografia, jantziak, argia eta soinu-banda- garrantzi handikoak dira, emakumearen edertasuna, aniztasuna eta betetasuna sinfonia moduko batean biltzeko.

Beharbada, gehiegizko luzera izan daiteke lan honen akats bakarra, baina proposamen osoan zehar aurkitzen dugun kutsu oniriko ederrak eta izpirituaren poetika sakonak mailarik gorenera igoarazten dute piezaren kalitatea.

Obrak: Carolin Carlsonen 'Inanna', Agerre Teatroaren 'Haur Kabareta' eta Blanca Arrietaren 'Rest'.
Eguna: Uztailaren 10a.

Dokumentuaren akzioak