Dokumentuaren akzioak
Carmenen laranja
"Carmen"
Carmen operaren bertsio dantzatu batekin amaitu da aurtengo Dantza Maitaldia, eta Espainiako Dantza Konpainia Nazionalarena izan da azken emanaldia. Duatoren aroa bukatu zenetik, asko aldatu da ia fosilduta zegoen konpainiaren panorama: orain beste koreografo batzuen lanak hartzen dituzte, eta oraingo honetan Johan Inger suediarra arduratu da Espainiaren ustezko esentziak maisuki jaso zituen Bizeten musika era dantzatuan emateaz. Asko dira denboran zehar izandako bertsio dantzatuak, baina esan dezakegu Inger ondo moldatu dela erronkaren aurrean, eta Nederlands Dans Theater-en emandako urteak ez direla berarentzat ezerezean geratu.
Emaitza ikusita, argi dago Ingerrek ondo jakin duela norentzat ari zen —Madrilgo konpainia eta publikoarentzat— eta tentuz jokatu ditu esku artean zituen kartak, kontakizun ezagunaren narrazio hutsean jausteko zorian beti, baina dantzaren iradokitze gaitasunari aukera onak emanez, konpromiso zail baten aurrean balego bezala.
Eremu desolatu bat irudikatu du hasierako eszenografiak: panel metaliko bertikalez osatutako hesian tabako fabrikaren kanpoaldea ikusi dugu, baina gero panel berberekin osatu dira haren barnealdea, zezen-plaza, Sevillako karrikak eta askoz paisaia intimoagoak ere, tragediaren une dramatikoenak jaso behar izan direnean. Izan ere, eszenografiaren diseinu balioanitza eta jatorrizko partiturari emandako tratamendu aurreratua —zati batzuk aldatu gabe emanda, beste asko apur bat eraldatuta eta bakar batzuetan jatorrizko melodiaren aztarna batzuk baino ez utziz— izan dira lan honetatik hobekien gogoratuko ditugun gauzak, eta haiekin batera aipatu behar dira argien dramatismo neurtua eta jantzien diseinu aurreratua. Era berean, aipatu beharra dago koreografoak haur baten rola sortu duela egitate odoltsuen lekuko izan zedin, eta patua irudikatu duten izaki beltzek amodio-mezuak, laranja bat —Evaren sagarraren transposizioa— eta laban hilkorra eskaini dizkiotela Don Jose malapartatuari.
Gauzak horrela, koreografoa airos atera da ataka horretatik lehen zatian, gizon solisten eta bereziki Daan Vervoorten (Don Jose) maila bikainean oinarrituta, baina bera eta Sara Fernandezen (Carmen) arteko duoak akademizismoaren mugetan geratu dira. Bigarren zatian, gainera, areagotu egin dira lehen ataleko gabezia txikiak, nagusi bihurtu arte: sinbolismo merkeko irudiek errazkeriaren eremura hurbildu dute proposamena, Bizeten melodien artean txertatutako pasarteak betelan hutsezko kutsua hartu dute, eta gertakizunen lekuko izan behar zen haurraren rola hutsaren hurrengoa izan da, patuaren ordezkariek gehiegizko presentzia hartzen zuten bitartean.
Dokumentuaren akzioak