Dokumentuaren akzioak
'Carmen' lanaren bertsio berria gaur Iruñean
Yorgos Loukosek zuzentzen duen Frantziako balet talde ezagun horrek ospe handia bildu du mundu guztian zehar emandako ikuskizunetan, eta kalitate bikaineko dantza garaikideko zenbat obra ere sortu ditu.
Cendrillon (Errauskine) lana estreinatu zuten 1987an, eta ikuskizun horrekin berrogeita hamar herrialdetako antzeztokirik ospetsuenetakoak bisitatu zituzten, haien artean Arriaga.
Oraingoan, bi emanaldirekin datoz. Batetik, Petite mort (Heriotza txikia), Jiri Kylianek Salzburgoko jaialdirako sortutako baleta, eta, bestetik, Carmen, Mats Ek suediarrak diseinatutako koreografian oinarrituriko ikuskizuna. Gaur egungo dantza munduan klasikotzat hartzen den lan hau oso loturik ageri da Lyongo konpainiaren filosofiarekin. 1991. urtean Yorgos Loukos koreografo greziarrak baletaren zuzendaritza hartu zuenetik, taldea ikuskizun garaikideetan oinarritu da, eta kalitate handiko errepertorio landua lortu du.
Lyongo Operako Baletak inspirazio iturri ugaritatik edan du azken urte hauetan. Jiri Kylian, Trisha Brown, Mats Ek, William Fosythe, Nacho Duato eta Ohad Naharin koreografo garaikideen lanetan oinarritu izan du bere lana Frantziako talde honek. Koreografo bikain horien lanaz gain, Lyongo operako dantzarien trebakuntza ere hartu behar da kontuan. Dantzari horien prestakuntza teknika klasikoetan dago oinarriturik. Arrazoi hori dela medio, bestelako emaitzak lortzen dira baleteko dantzariak modu horretan trebaturik daudenean.
Maitasun istorioa Sevillan
Carmen lanaren bertsio berri honetan, hamazazpi dantzarik hartzen dute parte. Dantzari asko dira, Mats Ek koreografoak sorturiko lanari forma emateko. Suediarrak Prosper Merimee idazlearen eleberriko eta Georges Bizeten operako ikuspuntuak batu ditu lan hau taularatzeko garaian.
XIX. mendeko Sevillan dago oinarriturik Bizet-en istorioa. Bertan, Carmen ijitoaren eta Don Pedro Espainiako Armadako soldaduaren arteko harremana azaltzen da. Ijitoak, soldaduak, toreatzaileak eta kontrabandistak dira maitasun istorio garratz horretako protagonista. Carmen-eko zuzendari eta koreografoak ikuskizunaren protagonista nagusien ezberdintasunsak nabarmentzen saiatu dira, horiek indar handiagoa izan dezaten.
Dokumentuaren akzioak