Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Carles Mas i Garcia: «Folklorea milaka urtean berdin mantendu delako mitoa baztertu behar da»

Dokumentuaren akzioak

Carles Mas i Garcia: «Folklorea milaka urtean berdin mantendu delako mitoa baztertu behar da»

Sarriegiren lanarekin lehen aldiz Gipuzkoako dantzen ikuspegi oso bat dagoela azpimarratu du Carles Mas i Garcia dantzaren historia adituak.
Egilea
Jon Ordoñez Garmendia
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2024/10/06
Lotura
Berria

Carles Mas i Garcia musikari, dantza maisu eta tradiziozko dantzetan eta antzinako dantzetan aditua. BERRIA

Carles Mas i Garcia musikari, dantza maisu eta tradiziozko dantzetan eta antzinako dantzetan aditua. BERRIA
Zein da, zure ustez, Sarriegik egin duen ekarpenik handiena?

Ez dago bat bakarrik. Nabarmenduko nuke praktika lokaletik harago lehen aldiz daukagula Gipuzkoako dantza estiloen ikuspegi oso bat, ulertzeko zer den dantza Gipuzkoan edo Euskal Herrian. Eta ikuspegi hori mugimenduen, izenen, unitateen eta pausoen analisitik dator, eta aitzineko moduekin egin duen konparaziotik. Argitu du originala eta bakarra dela Euskal Herriko dantza, baina horren historia Europako dantzaren historian kokatu behar dugula. Oso garrantzitsua da hori, garbi uzten baitu baztertu egin behar dugula folklorea milaka urtean berdin mantendu delako mitoa; folklorismoaren ideia hori ez da egia. Dantza maisuak leku batetik bestera joaten ziren, eta eurekin eramaten zituzten errepertorio eta dantza generoak.

Mitoak kalte egin du?

Folklorismoak herri praktikekiko interesa du, baina folklorea duintzeko interesa ageri du, eta horretarako uniformatu egiten du, garbitu, leundu, distira ematen dio. XVIII. mendean eta XIX. mendearen hasieran folklorea ulertzeko modua oso integrista bihurtu zen.

Mugimenduen, izenen eta pausoen analisia aipatu duzu. Zergatik da garrantzitsua?

Ingeniari on baten gisan, analisia sistematizatzeko gaitasuna izan du Mikelek. Ulertzeko, sistematizatu egin da. Dantza estiloen oinarrizko elementuak identifikatu ditu, eta modu logiko batean aurkeztu ditu formak eta mugimenduak, oinarrizkoenetatik konplexuenetara. Eta gai izan da horiek musikarekin duten harremana ere aztertzeko.

«Dibertsitatea babestea ezinbestekoa da; hori iraultza bat da folkloreaz izan behar dugun ideian»

CARLES MAS I GARCIATradiziozko dantzetan eta antzinako dantzetan aditua
Europako zer beste dantzarekin senidetuko zenituzke euskal dantzak?

Hori baino gehiago da. Dantza idatziaren historia XV. mendean hasi zen, eta gero aldatuz joan zen, eta bide desberdinak hartuz. Mende horietan, batez ere Errenazimentuan, Europako dantza kolektiboak zituen oinarri berak ditu Euskal Herriko  herri dantzak.

Aurretik zer dantzatzen zen?

Dantza tratatuak XV. mendetik aurrera dauzkagu. Aurrekoaz ezer esatea oso arriskutsua da.

XVIII. mendean Frantziatik eta Italiatik iritsi zen eraginak Kataluniako dantza ordezkatu zuen. Zergatik ez hemen?

Katalunian, herri dantzaren egiturak eta funtzionalitateak Errenazimentuko berak dira. Baina Frantziako dantzaren eta modaren eragin handia izan zen Espainiako Ondorengotza Gerraren eta hondamendi nazionalaren ostean, 1700 eta 1720 bitartean, Borboien okupazioarekin. Lehengo moduak gutxietsi eta baztertu egin ziren. Euskal Herrian, kontraste hori eta herri dantzaren prestigioaren galera ez zen izan hain indartsua, XIX. eta XX. mendeetan izan diren pizkundeen eraginez eta, dantza identitatea berrosatzeko bide izanik, egin den dantzaren erabileraren eta manipulazioaren eraginez.

Sarriegik jaso dituen pauso eta mugimenduekin eta egin dituen proposamenekin, sistematizazio horrek lagundu dezake dantza beste modu batera ikusten?

Nik hala espero dut, eta uste dut hori dela lan horren bertuteetako bat. Uniformizazioaren kontrakoa naiz, sinplifikazioaren aurkakoa. Dantza tradizionala oso konplexua izan daiteke. Estiloak alderatzeko aukera ematen du lanak, dantza maisuen aniztasuna erakusten du, dibertsitatea babesten du, eta hori ezinbestekoa da, nire ustez. Folkloreaz izan behar dugun ideian iraultza bat da hori. Ezin da dantza aniztasuna ezabatu, kulturaren altxor bat galdu gabe.

Dokumentuaren akzioak