Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Camille Claudel

Dokumentuaren akzioak

Camille Claudel

'Rodin'

Koreografia: Boris Eifman. Dantzari nagusiak: Oleg Gabyshev, Lyubov Andreyeva, Natalia Povoroznyuk. Lekua: Bilboko Arriaga Antzokia. Data: Martxoak 18.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2016/03/17
Lotura
Berria

Rodin eskultorearen figura ekarri du eszenara San Petersburgoko Eifman ballet konpainiak, baina haren bizitza baino gehiago Camille Claudelena ezagutu dugu «ballet psikologiko» izen arranditsupean etorritako pieza honetan.

Arlo guztietan gertatu den bezala, Camille Claudel Rodinen itzalpean geratu zen emakume izateagatik, argi dagoen arren bien arteko harreman artistiko eta emozionaletik sortu zirela eskulturaren kontzeptua irauli zuten artelanak. Izan ere, Claudel Rodinen laguntzailea baino askoz gehiago izan zen eta batera sortu omen zuten estilo berritzaile hura, Claudelen lanetan ezaugarri delikatuagoak hartu zituena. Ostera, garai hartako gizarte puritanoak nahiago izan zuen emakumea bazterrean utzi, are gehiago bien arteko amodio gatazkatsuak eztanda egin ostean, eta kontuan hartuta Rodinen eta Rose Beuret-en arteko ezkontza.

Horrek guztiak nahasmen handia ekarri zion Camille Claudeli, eta zoroetxe batean bidegabeki giltzapetuta eman zituen bere bizitzaren azken hogeita hamar urteak, sendiaren eta gizartearen oniritziarekin eta bere hilobi zein gorpuzkien arrasto oro ere mundu honetatik ezabatuta.

Eifmanek Euskal Herrira ekarritako azken obran bezala (Onegin, Gasteiz, 2010), dantzarien gaitasun tekniko itzelaren erakustaldian zentratu da koreografoa, eta aurrekoan baino nabarmenagoa izan da narratibotasunaren pisua. Horrela izanik, Claudel bizitzaz jakin beharreko gehiena dantzatik bertatik atera zitekeen, izen eta gertaera batzuk esku-programan kontrastatu ostean.

Erabateko figurazioan murgilduta, konplexurik gabe ekin dio Eifmanek melodrama gordinari, jakitun izanik horrek ikusleen gogoa beteko zuela. Ravel, Saint-Saëns eta Jules Masseneten konposizioekin osatu da soinu-banda, abilezia handiz osatu ere kontakizunak eskatu ahala, eta elementu eszenikoek —gorputzekin egindako txinatar itzalek, dekorazio-oihalek eta tailerra irudikatzeko tresneriak— are gehiago sakondu dute begi-bistako narratibotasunean. Bide horretatik, aurkikuntza politak egin ditu Eifmanek sortzaileen barne-prozesua irudikatzeko, eta pasarte batzuei —Parisko gau-giroari eta Claudelen buru-nahasmenari— aterabide ona eman die, betiere errusiar teknika izoztua beste ezeren gainetik ipinita.

Jakin dezagun, azkenik, honako hau Arriagako aurreko zuzendari artistikoak utzi zigula herentzian, bere hautu estetikoen erakusgarri. Ongi etorria izan dadila datozen urteetarako zuzendari berria.

Dokumentuaren akzioak