Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Busturialdean ere euskararen alde dantzan

Dokumentuaren akzioak

Busturialdean ere euskararen alde dantzan

Egilea
Aintzina Monasterio Maguregi
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Tokia
Muxika
Mota
Albistea
Data
2023/11/06
Lotura
Busturialdeko Hitza

Itxas Aldeko, Alkartasunako, Irrintzi Alaiko, Urdaibaiko, Elai Alaiko, Artie Dantza Taldeko eta Baso-Txoritxuko dantzariek ikuskizun ederra eskaini dute Busturialdeko Nagusien Dantzari Egunean, Muxikan. "Euskaragaz bat egitera eta euskaraz bat izatera" aldarrikatuz, Euskalgintzaren Irradaka dantzatuz borobildu dute saioa.

23. Busturialdeko Nagusien Dantzari Eguna ospatzeko batu ziren zapatu arratsaldean [azaroak 4], Muxikako frontoian. Bakioko Itxas Aldeko, Bermeoko Alkartasunako, Busturiko Irrintzi Alaiko, Foruko Urdaibaiko, Gernika-Lumoko Elai Alaiko, Gautegiz Arteagako Artie Dantza Taldeko eta Ibarruriko Baso-Txoritxuko 190 bat dantzarik emanaldi dotorea eskaini zuten. Euren egun handian gozatua hartu eta publikoa gozaraztea lortu dute beste urte batez.

Euskal Herriko dantzen lagin ederra plazaratu zuten. Zazpi taldeetako kideek Bizkaiko dantzekin, Dantzari Dantzagaz ekin zioten erakustaldiari, Agintariena, Binango, Ezpata Nagusi eta Txotxongilo dantzatuz, eta jarraian, Gipuzkoako dantzen txanda izan zen: Agurra, Boastitze eta Gipuzkoako Zinta Dantza.

[IKUSI ARGAZKI GALERIA]

Gero, baina, taldeak banan-bana atera ziren, eta bakoitzak dantza bana eskaini zuen: Itsas Aldekoek Ingurutxo eta Jota eta Arin-Arina, Elai Elaikoek Erregelak eta Jota eta Arin-Arina, Irrintzi Alaikoek Iribaseko Ingurutxua, Alkartasunakoek Lapurdiko Dantzak, Artiekoek Pilindros, Urdaibaikoek Polka (Urbeltz) eta Baso -Txoritxukoek Irradaka (Urbeltz).

Beste behin, denen artean egitarau oparoa eta aberatsa osatu zuten, eta publikoak txalo zaparradekin eskertu zien. Dantzari zein ikusleak “gustura eta pozik” geratu ziren emanaldiagaz.

Busturialdetik Bilbora. Aurtengo dantzari egunean jaiak eta aldarrikapenak bat egin dute. Izan ere, euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako Bilboko mobilizazioan egon ezin izan zutenez, “euskarari keinua” egin gura izan zieten, eta manifestua irakurri zuten. “Dakizuen moduan, azkenaldian areagotu egin dira auzitegietatik euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren kontrako sententziak. Argi dago ez direla sententzia isolatuak, botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza eskubideak murrizteko joera gorakorra baino: oldarraldi bat. Sententzia denek elementu komun bat daukate: gazteleraren nagusitasuna ezartzea herritarron hitzkuntza eskubideen gainetik, euskaldunon oinarrizko eskubideen kaltetan”.

Beraz, “euskaragaz bat egin, eta euskaraz bat izan” ziren Muxikan ere, eta Bilboko manifestazioaren amaieran egin modura, soka-dantza edo irradaka dantzatu zuten, “euskararen alde batasuna sinbolizatzeko”. Euskararen alde, Euskalgintzaren Irradaka dantzatuz amaitu zuten ekitaldia.

Busturialdeko dantzarien eguna alkarregaz batzeko, ondo pasatzeko eta harremanak estutzen segitzeko urteroko hitzordua izaten da, eta dantzaldia amaituta, alkarregaz afaldu zuten. 180 bat lagun elkartu ziren afarian, eta gaua eta goizaldea musika eta dantza artean eman zuten, Zutik taldearen erromeriak lagunduta.

Dokumentuaren akzioak