Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Burua aldatzeak gorputza aldatzen du eta alderantziz"

Dokumentuaren akzioak

"Burua aldatzeak gorputza aldatzen du eta alderantziz"

Kontserbatorioan belarriz ikasitakoa beste manera batez ulertu zuen bezala, euskal dantzetan ikasitakoari dantza garaikidetik begiratzen dio orain. Bataren eta bestearen arteko hierarkiarik gabe. Sorkuntzaren eta tradizioaren arteko dikotomiara makurtu gabe. Batzuen eta besteen egien artean, azpian eta gainean dantzatzen du Indartek berea.
Egilea
Miren Artetxe
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2021/03/29
Lotura
Argia

Argazkia: Dani Blanco

Oihan Indart Salbide. Baigorri, 1995

Hainbat dantza taldetan ibili ondoren, Bilaka kolektiboko dantzari profesionala eta zuzendaritzako kidea da. 6 urterekin hasi zen, ofizialki, baina egiazki bizi osoa darama dantzan. Baionako kontserbatorioan musika ikasi du, fakultatean Euskal Ikastetak, baina gorputzak dantzaren bidea aukeratu dio.


 

Noiz eta nola hasi zinen dantzan?

Data ofizial bezala 6 urteak aipatzen ditut, hor hasi bainintzen Baigorriko Arrola dantza taldean. Baina hori aitzin ere dantzatzen nuen. Izan Baigorrin edo Iruñean. Bi herri horien artean ibili naiz beti, aita batekoa eta ama bestekoa izanik. Eta bietan besta giroan hazi naiz, musika eta kantu artean, dantzaldiz dantzaldi. Etxean bada bideo bat 3 urterekin Gazteluko plazan Larrain dantza dantzatzen ageri naizena, amarekin. Hala aritzen nintzen, begira-begira: jendea alde batera, gero bestera, orain itzulia eta orain saltoak! Salto, salto, salto! Traba egingo nuen, baina ni kontent. Musika ere ene egunerokoaren parte izan da beti. Jostailuzko atabal batekin ibili gara Iruñeko Erraldoien desfileetan, amaren ondoan; eta aitaren aldetik, familia bazkarietan kantuz aritzen ginen denak bi eta hiru bozetara…

Zer oroitzapen Arrolan?

Alde soziala oroitzen dut gehienbat. Ene lagun guziak taldean ziren eta ikastolatik dantzara joaten ginen. Herrian rol bat izatearen plazera oroit dut. Kabalkada, Nafarroaren Eguna… Zure urtea markatzen du dantza talde batean izateak. Xantza ukan dut ukatea lagun talde bat, herriko bestetan dantzaldi bat baldin bazen ez zena herriko beste puntara joaten. Ez, ez, gu han ginen, dantzaldian, orenak eta orenak, izerditan… Plazer sozial hori dut gogoan. Emanaldiak, bidaiak, bestak… talde baten parte izateak ekartzen dizun esperientzia.

Baigorrin kristoren xantza izan dugu, gure aitzineko belaunaldiek transmititzen jakin dutelako dantza bizitzeko molde hori. Dinamika hori, herriko presentzia hori, trukaketak egiteko grina… Haien motibazioa ideia soziopolitiko batzuetan oinarritzen zen, besteak beste, eta herentzia hori zaila izaten ahal da batzuetan atxikitzen…

Noiz eta nola hartu zuen dantzak beste leku bat zure bizian?

Bitxia da. Nik musika ere maite nuen, biziki –panderoa eta trikitixa ikasi nituen txikitan, zazpi bat urtez– eta Baionako Cassin lizeoan ikasi nuen, kontserbatoriotik hurbil baitzen. Baxo zientifikoa egin eta gero, ez nekien zer egin, eta Baionako fakultatean Euskal Ikasketetan eman nuen izena –euskararekiko interesagatik, noski, baina sustut kontserbatorioan musikan segitu nahi nuelako–. Hori zen nire lehentasuna, momentu hartan.

Eta azkenean, fakultatera sartzean dantzak leku gehiago hartu zuen ene egunerokoan. Etorkizuna kontzeptuak taldea sortu zen –gerora Bilaka kolektiboa bilakatuko zenaren hastapen-hastapena zen–. Eposta mezu batzuk heltzen zitzaizkidan handik eta hemendik… Barnealde eta kostaldeko hainbat gazte elkartzen ziren talde horretan. Jende dinamikoa zen. Lanketarako gogoa zuena, euskal dantza sorkuntzara bideratzeko helburua zuena. Lehen emanaldiak sortuak zituzten, eta ikastaroak eskaintzen ari ziren. Nik Zuberoako dantzak ikasteko klase batean lur hartu nuen, eta geroztik hor segitzen dut.

Beste hainbat proiektutan ere parte hartu nuen fakultateko hiru urte haietan. Mutiko izanki, ate anitz zabaldu zaizkit. Mutikoak falta dira denetan! Pascal Lazkanorekin, Senpereko Zarena Zarelako taldean, batetik, bestetik Jon Iruretagoienarekin Maritzuli konpainian… “Bada mutiko berri bat!” zabaltzen zen, eta ateak zabaltzen zitzaizkidan. Arrolan segitu nuen, irakasle ere aritu nintzen… Baina ondoan beste bide bat egiten hasi nintzen. Hasieran martxan ziren ikusgarrietan ordezko, gero ikusgarri berrien parte… Deitu, ordezkatu, egon. Urte horietan, horrela ibili nintzen. Sekulako formakuntza jaso nuen, euskal dantzan sakoneko lan bat eginez. Teknika zorroztuz.

Argazki oina

Eta bat-batean EliralE konpainiako dantzari profesional bilakatu zinen…

Dantzaren boom horretan, Aiko taldearen jota ikastaro batean, Pantxika Telleria gurutzatu nuen, EliralE Konpainiako sortzailea. Gerora, fakultateko azken urtean, entzun nuen deialdi ireki bat egiten zutela bi gazte integratzeko, formakuntzan. Ni lizentzia bukaerara heltzen ari nintzen eta ez nuen bestelako proiekturik. Iduritzen zait orduan, orain bezala, jiten zenarekin moldatzen nintzela, ongi bazitzaidan. “Hau heldu da? Ba goazen!”. Audizioa egin nuen eta hartu ninduten. Uda hartan, dagoeneko lanean nintzen EliralErekin Avignoneko festibalean. Ene lehen sanferminak huts eginak! Hor bilakatu nintzen dantzari profesional, nik uste. EliralEren bidea onartuz, hautua egina zen. Intermitentzia estatutua segurtatzen ziguten. Lizentzia bukatu eta estabilitate ekonomikoa bermatua nuen, zer eta maite nuena egiten!

Euskal dantzatik dantza garaikidera bada aldea… Nolakoa izan zen trantsizioa?

Pixkanaka egin behar izan nuen. Imitazioz, entseguz, eta pazientziaz… Buruko mugak ireki, eta aitzina jo. Ez dut uste beste sekreturik baden.

Konpainian beste neska batekin batera sartu nintzen. Neska hura Bordalen ibilia zen, Akitaniako Ballet Junior-ean, esperientzia klasiko-garaikide batetik zetorren. Hor flipatu nuen. Uau! Hori da gorputz bat landua izan dena, hainbat urtez, horretarako. Beraz, atakatzen duzu alde hori. Fisikoa. Badira bide muskular batzuk euskal dantzetan ez ditugunak bortxaz baliatzen. Banako bat dantzatzeko ez dago gorputzaren anatomia osoa ezagutzeko beharrik. Beraz, konpentsatzeko, sekulan erabili ez duzun muskulu bat lantzea dagokizu. Kiloak galdu nituen. Gorputzak ulertu zuen beste zerbaitetara pasa ginela. Eta frustragarria da, zeren iduri du eraiki ordez deseraiki behar duzula. Beraz, zoaz dena desegin eta oinarritik hastera…

Gogoan dut, Xihiko emanaldian, hastapenean zuhaitz bat nintzela. Zuhaitza? Ordura arte ez nintzen sekulan zuhaitz bat izan! Eta Pantxika –bere gorputz irakurketarekin– mintzo zaizu zure lepa-uztaiez, edo zure bizkar-hezurraren kurbez, ornoez... Eta erraten dizu, “suge bat da, balia!” eta zuk makil bat senditzen duzu bizkarrean…

Eta gorputzaren mugez gain, bada beste mugarik?

Garaikidera pasatzeak galdegiten du zure buruko mekanismo guztiak itzulikatzea eta alderantzizkatzea. Mekanikoki, zango batek goiti joan behar duenean, pentsa dezakezu “goitik hartu eta tira” egiten diozula, ala, azpitik altxa dezakezu, besoz lagundurik bezala. Eskemak aldatzeak maiz dena alda dezake.

Intentzioak, inpultsoak, azentuak aldatzen dira ere. Euskal dantzetan, ez da egia orokor bat, baina usu musikaren denbora, pultsua, lurrari lotzen da. Pultsua, lurra, pultsua, lurra. Mugimendua, beraz, zangoen erritmikatik sortzen da. Orduan, lurrean markatzen ez diren beste azentu batzuk deskubritu behar dira. Airean markatu liteke, esaterako. Oldeetan, uhainetan, arnasalditan. Eta euskal dantzari gisa, ez da dantzatzeko molde hori naturalki heldu.

Euskal dantzariok formetan pentsatzeko tendentzia dugu. Dantza bat ikasi nahi duzunean, forma imitatzen duzu. Ez duzu pentsatzen, “zeri pentsatzen ari da dantza hori ematean?”. Eta garaikidean, beharrezkoa da.

Zure buruaren –hots, gorputzaren– kontzientzia hartzea galdegiten du. Anitz burutik pasatzen da. Nola bizi duzun mugimendua buruan. Nola pentsatzen duzun dantza. Burua aldatzeak gorputza aldatzen du. Eta alderantziz. Eta ene galdera da, orain, hori dena landuta, hori dena trabeskatuta eta dena iraulita, zer gertatzen da zu zinen euskal dantzariaz?

Zer atxiki euskal dantzatik euskal dantza garaikiderako?

Hori bera. Gu euskal dantzariak gara, transmisio herrikoi batetik sortuak. Hau konplexu bezala bizitzen ahal da. Jaso dugun hori guztia traba bat balitz bezala dantza garaikidea egiteko. Baina bide horretan behartuak ote gara den-den dena desegitera, zerbait konbentzionalagoa edo akademikoagoa bilakatzeko? Ez ote du dakigunak, egiten dugunak, garen horrek, balio erantsirik?

Hor ikusten dut gaur egungo desafioa. Berez, ez gara deusen gainean eraikitzen ari. Inor ez da izara zuri, ardatz unibertsal bat. Haiena ere ez. Norma bera ere ez. Orduan, gure bizkarraren makiltasun hori ere bada zerbait. Horrek gorpuzkera bat dakar. Dantzatzeko modu bat, ez dena eszenarako pentsatua izan, baina bere zentzua duena.

Orduan zer atxiki gureaz? Nola definitu euskal dantza garaikidea? Zer gelditzen zaizu zuri eszenatoki batera igaten zarelarik, jakinez usaian plazarako sortutako dantzetan trebatutako gorputza zarela? Testuinguruz aldatzeagatik beragatik desnaturalizatzen ari garen materia horrekin zer egin?

Bilakarekin horretaz ari gara gogoetan. Zertan bereiziko dira Bilaka kolektiboan lan egiten duen dantzari bat eta Berlingo dantza konpainia batean aritu den bat? Zer da euskal dantza garaikidea? Molde bat eraikitzen saiatzen ari gara, kontzienteki. Zeren kontzienteki egin ala ez, erabaki batzuk hartzen dira.

"Bide horretan behartuak ote gara den-den-dena desegitera, zerbait konbentzionalagoa edo akademikoagoa bilakatzeko? Ez ote du dakigunak, egiten dugunak, garen horrek, balio erantsirik?”
 

Eta euskal dantzekin zer?

Antolakunde desberdinek lan desberdinak egiten dituzte. Dena behar da. Ikertu, bildu, aztertu eta esku artean zer dugun jakin, alde batetik. Eta osagai horri jokoa eta bizipena emateko bideak asmatu, bestetik. Bilketa lanak berebiziko garrantzia du –lan horretan admiratzen dut Argia dantza taldearen lana, adibidez, Urbeltzen ikerketen ondorio izan dena–. Baina helburua ez litzateke izan behar dantzak finkatzea eta museoko pieza bilakatzea. Batzuetan gauzak gehiegi finkatzeak, itotzen ditu.

Denak aldatzen gara. Garaiak aldatzen dira. Gizartea ere bai. Eta frustragarria izan liteke betiko dantza ere aldatzen ikustea. Baina garaiko zeremonia batzuek ez dute atxiki. Dantza batzuek zuten funtzio soziala galdu dute. Horretan asmatzaileak izan behar dugu.

Orain arte alternatiba gisa eszena landu da. Plazan galtzen zen lekua oholtzan irabazi nahirik. Baina ber denboran, eszenaz kanpo segitu behar da asmaketa hori garatzen, herriarentzat eta plazarentzat. Badirudi dantza garaikidea gabe ezin dela berritzailea izan, baina baliteke. Hortan biziki maite dut Aiko taldearen lana. Fandangoa binakako inprobisazio jolas bizi gisa ulertzea, esaterako. Pozten nau jakiteak jendea horretan ari dela lanean, eta beraz, ligoteoa existituko dela fandangoan luzaz! Euskal dantza zaharkitutzat badugu osoki deskubritu ez dugulako da. Haatik, materia ezagutu behar da materiarekin jostatu ahal izateko.

Horretan, ez dut uste dantza talde guztien helburua behar lukeenik Euskal Herriko dantza guztiak azaletik menperatzea. Duguna dantza taldeak egin duena, adibidez, interesgarria zait. Haien lanaren parte bat tokiko dantzetan zentratzera pasatu da: “Zer gara gu? Zer nahi dugu? Zeren beharra du gure herriak?”. Inguruan zituzten baliabide eta laguntzekin gustu onarekin eraikitako dantzak sortu dituzte, dantza tradizional berriak. Tradizionala ez da soilik aspalditik dantzatzen dena, baizik eta denboran irauteko gai dena, erritualari eta funtzio sozialari loturik. Pandemiak agerian utzi du funtzio horren beharra. Mutxiko bat etxean dantzatzea edo mutxiko batek ekartzen ahal dizun groove edo kasik trantze hori, plaza batean, hainbeste pertsonarekin...

Dantzaldietan eta euskal dantza taldeetan mutiko gutxiago izanagatik, dantzari eta koreografo ezagunenak gizonak dira gurean ere…

Alde batetik emazte eta neska gehiago bada mutiko baino, eta nik ukan dudan booma izan da, ni motibatua izateaz gain, bazelako mutikoen beharra. Neskak anitzez gehiago dira, baina gero, inguruko dantza konpainia profesionalei begiratzen badiegu, anitz edo gehiago mutikoak gara. Bilakan, gure ekipoan, neska bakarra dugu. Kukain ere gutxienekoa dira, eta izen ezagunenak mutikoenak izan ohi dira. Gero ikusi behar da rolak nola banatuak diren.

Dantzaren esparru batzuetan, kultura klasiko edo folklorean bezala, rolak argiki markatuak dira oraindik. Anitzetan, gizontasuna indarrari lotzen da eta emaztetasuna finezia eta goxotasun bati. Holakoetan, kuriosoa da kanpotik gizarteak ekartzen duen paradoxa ikustea: gizon dantzariari homosexual, femenino eta sentsibilitate etiketak ezartzen zaizkio, gero eszena gainean heterosexualitatearen irudia erreproduzitzea tokatzen ahal zaiolarik…

Nire aldetik, proiektuen arabera, generoak inportantziarik ez ukatea apreziatzen dut. Bilakan adibidez, dantzarien artean ez dugu generoa modu konbentzionalean adierazi eta bizitzeko beharrik senditzen. Goxo da. EliralEren azken bakarkakoan ere, biziki maite dut genero normetatik harat nire burua gorputz edo izaki ez definitu bezala senditzea.

Kristoren arnasa eman zidan dantzak. Sexualki arras orientatua ez nintzen momentuan, Avignoneko festibalera joateak lagundu ninduen, anitz. Ez dut uste gaur egungo gizarteak existitzen diren aukera guztiak argiki aurkezten dizkigunik. Eta horretan, dantzari izateak eta mundu artistikoan sartzeak sekulako lasaitasuna ekarri dit homosexual gisa.

Argazkia: Dani Blanco

Soy fauno koreografiarekin Madrilgo Me, Myself & I lehiaketako finalean izan zinen. Orain gutxi aurkeztu berri duzu EliralEren O! bakarkako lana. Zein dira zure asmoak orain?

Aski inpresionatu ninduen Madrilgo esperientziak. Sortzaileen txapelketa bat zen, eta ni galdua sentitu nintzen, ezpainituen nireganatuak sorkuntzari buruzko anitz galdera. Eta hor konfrontatu nintzen sortzaile batzuekin zeintzuk jadanik biziki urrun joanak ziren. Eta orduko talka horrek sortu zizkidan gogoeten zinezko aplikazioa orain gertatzen ari da. Bai ene sorkuntzetan eta bai Bilakan ere, zuzendaritza kolektibo horren parte izanki.

Soy Fauno lehen etapa ttipi bat izan zen, sei minutukoa. O! ikusikizuna, aldiz, interprete gisa bakarka eramandako ene lehen proiektua da. Pandemiaz aparte 2020a markatu duena izan da, enetzat. Deskonfinamendutik, emanaldi bakarrak Hegoaldean izan dira, hemen dena blokeatua izanki. Baina martxan da, eta emanaldi-data batzuk finkatuak dira.

Orain ene indarren ehuneko handiena Bilaka kolektiboan da. Badut egarri ttipi bat, aldi berean, testuinguruz eta gune geografikoz aldatzekoa, beste jende batzuekin dantzatzekoa…

Bilaka proiektua sendotuta, horretarako parada izanen da agian. 26 urterekin ez naiz karrera bukaeran estimatzen, baina denbora fiteago aitzinatzen dela iduri zait orain.                                                                                                       

BILAKA KOLEKTIBOA

“Dantzariz eta musikariz osaturiko kolektiboa da, Baionan kokatua. Musika eta dantzaren garapena sustatzeko sorkuntza espazioa da. Ni arribatu nintzelarik, kolektiboko lehen dantzari profesionala nintzen. Gaur egun lau-bost dantzari profesional gara. Denak euskaldunak. Erranen nuke euskaraz sortzeak edo beste hizkuntza batean sortzeak emaitza aldatzen ahal duela.

Amateurrekin lan anitz egin eta gero, Bilakatik bizi diren dantzari intermitenteen aldeko parioa egin dugu. Proiektuak beste kolore bat eta beste kutsu bat hartu du. Eta aldi berean zuzendaritza kolektiboa bilakatu da. 18-34 urte arteko jendea gara. Garai hauetan xantza dugu garapen momentua bizi dugulako. Jokoaren kartak eskuetan izatea inpresionagarria da. Proiektuaren zerbitzuan izan nahi dut orain; horretan dira ene indar gehienak”.

Argazkia: Dani Blanco

Dokumentuaren akzioak