Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Burrunka, dantzariekin elkarturik

Dokumentuaren akzioak

Burrunka, dantzariekin elkarturik

Hartzaro Uztaritzeko inauterietako jaialdiak 'Ufaka Zanpaka' sorkuntza estreinatuko du

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2007/02/07

Beñat Amorenak eraman proiektu horrek hark berak konposatu musika eta erritmoa ditu oinarri. Dantzariek proiekturako espresuki Jose Casaubon eta Ainhoa Labeiriek asmatu koreografiak emanen dituzte, gaiteroen soinuak urrats tradizionalekin lagunduz. Perkusioak nagusitzen direlarik, berriz, Kongo eskualdera bidaiatzera gonbidatuko dute. Tarte horretan euskal mitologiako pertsonaiak agertuko dira: «Alegien unibertsoko giroa taularatu nahi izan dugu», esplikatu du Amorenak. Otsailaren 17an estreinatuko dute eta 11. Hartzaro jaialdiko hitzordu nagusietako bat izatea pentsatzen dute. Horrekin batera, jaialdiak sorkuntza bermatzeko duen xedea berresten baitu beste behin. Funtsean, 60.000 euroko aurrekontua du jaialdiak, eta erdia proiektu honentzat atxikia du.

Gainerateko egitarauari dagokionez, beti bezain aberats jarraitzen du Hartzaro jaialdiak. Orotara ehunka pertsona parte hartzekoak dira aurten ere Herri Soinulariak elkarteak muntatu hitzordu honetan. Tartean, 150 haurrek eta hamasei musika taldek. Zortzi kontzertuk eta karriketan gaindi antolatu animazioak piztuko dituzte bazterrak. Bi puntu azpimarra daitezke, agian. Batetik, geografikoki zabaltzen dela, Heraitzeko auzora joanez.

Asteburu honetan iraganen da hangoa; justuki, jaialdiaren aitzin dasta gisa, nonbait. Bigarren ñabardura belaunaldi gaztearekin eramaten duten lana da. Artista gazteen talde andana bat ezagutarazi nahi dituzte. Cel-3ekin, adibidez, Irlandako musika helduko da, Blackoutekin 70eko hamarkadako funkya, Paueko Prosperrekin rock erradikala eta Morgan Rousselen eta Ray Layzellen arteko bikotearekin jazza. Horrez gain, bost ikastegitako haurrekin dantza, perkusioak, bertsoak eta masken egileen artea landu dituzte. Horren emaitza otsailaren 17an ikustera emanen dute. Burrunkarena baino lehentxeago.

 

HarTzaro JaIaLDIa

Otsailaren 9tik 11ra. Aitzin dasta Heraitzeko auzoan. Erakusketa, mintzaldi eta karriketako animazioak. 11n, igandean, Kaskaroten desfilea.

Otsailaren 16an. Jaialdiaren estreina Latsa salan, JazzAbandekin, 19:00etan. Ondotik, karrika eta ostatuetan gaindi hamasei talderen musika gozatzen ahalko da. Denak kitorik.

Otsailaren 16a. Haltsasu auzoko inauteriak.

Otsailaren 17a. Zerri hiltzearekin hasiko da, 09:00etan. Arratsaldean haurrentzako zernahi joko pentsatuak dituzte. 17:00etan urte osoan lantegietan haurrek asmatu sorkuntzak aurkeztuko dituzte plazan. Bukatzeko, guztiek elkarrekin landu kantu berri bat emanen dute. Ondotik Izartxoko dantzariak ariko dira. Eta, bukatzeko, 21:00etan Kiroletan ikusgarri nagusia. Lehen partean Garaztarrak dantza taldea, eta gero, Burrunkaren Ufaka Zanpaka.

Otsailaren 18an. Kaskarotak Latsa eta Hiriberri auzoan. Eguerdian Hartzaroko bazkaria.

Otsailaren 20an. 18:00etan, inauteri nagusiak, Burrunka, Xibero txaranga, Ezpeletako trikitilariak eta Uztaritzeko txaranga lagun. 20:30ean erromeria Bilgunen, Punpeka taldearekin. Dantzatzen ahalko da nahi bezainbat.

Dokumentuaren akzioak