Dokumentuaren akzioak
Burrunba hotsa entzuten da
Eguberriak ez dira oraindik amaitu, eta inauteri hotsak entzuten hasi dira jada aurten. 2008. urtea goiztiarra izango da ilargiaren egutegiaren arabera finkatzen diren ospakizunetan (Eliza katolikoaren egutegi liturgikoaren araberakoak). Ostegun mehea urtarrilaren 31n izango da eta Aste Santua martxoaren 20an hasiko da. Goiztiarra izateaz gain, ordea, nahasia ere izango da egutegia. Izan ere, kalderero jaiak Kandelaria egunaren ondorengo larunbatean ospatzen direnez (Kandelaria aurten larunbatez da, otsailaren 2an), aurten inauteriak amaitu ondoren ospatu beharko lirateke, otsailaren 9an. Santa Ageda eguna ere inauterietan bete-betean izango da, inaute astearte edo asteartitan.
Zergatik dator, ordea, aurten hain goiz inauteria? Euskal folklorean sortuko duen nahasmenaren harira, Dantzan.com webguneak zergatia bilatu du. Aurtengo ilargi egutegiak berezitasun bat du, eta horrek eragin du guztia. Inauteriak eta Aste Santua udaberriko lehen ilargi betearen arabera ezartzen dira, eta aurten ilargi betea martxoaren 21ean hasiko denez, udaberriko lehen egunean, laster helduko dira ilargiaren egutegian oinarritzen diren ospakizunak ere.
Ia inoiz baino goizago izango dira aurten inauteriak eta gainontzeko jai horiek. Martxoaren 21a ostirala dela kontuan hartuta, soilik larunbata baldin bada eta ilargi betea egun horretan suertatzen bada ospatuko dira egun horiek lehenago; egun bat lehenago. Mikel Aranburu Urtasunek Dantzariak aldizkarirako egin zuen kontaketa berreskuratu du Dantzan.com webguneak, eta Oier Araolaza arduradunak zehaztu duenez, gutxienez 2050. urtera arte ez dira inauteriak aurten bezain goiz ospatuko. Ostegun mehea 2009an otsailaren 19an izango da, eta 2010ean, otsailaren 11n.
ALDAKETAK EGUTEGIAN. Aurten sortuko den egutegi nahasia aintzat hartuta, hainbat lekutan ospakizunak egunez aldatzea erabaki dute. Donostian, esate baterako, kaldereroen jaia bi astez aurreratuko dute, urtarrilaren 26rako, inauteriak hasi baino lehen ospatzeko. Irunen gauza bera egingo dute.
Altsasun ere antzeko arazoa izan dute. Sakanako herri horretan ohitura handia dago inauteriak eta Santa Ageda eguna ospatzeko. Inauteriko momotxorroak inaute asteartean ateratzen dira kalera, euren larru eta adarrekin. Aurten, ordea, inaute astearteak Santa Ageda eguneko kintoen puska eskearekin bat egiten duenez, momotxorroak eta gainerako mozorroak astebete geroago aterako dira kalera, otsailaren 12an, Garizuman. Horrelakorik ez omen dute orain artean ezagutu Altsasun. Orain dela hamar edo hamabi urte Santa Ageda inauterien ondorengo larunbatean izan zela gogoratu du Patxi Morzillo inauteri batzordeko kideak, baina inaute asteartean, ez.
Inauteriak ospatzen lehenak beskoiztarrak izango dira. Beskoitzeko inauteriko kaskarotak, kotilun gorri, ponpiera, hartza eta gainerakoak bihar aterako dira kalera, eta horiek izango dira inauteriaren lehen iragarleak. Pertsonaia horiek guztiak puska biltzean ariko dira, baserriz baserri eta etxez etxe. Eurak izango dira goiztiarrenak, inauteri goiztiarrean.
INAUTERIAK ZEHAZTEKO MODUA. Beste ospakizun batzuen moduan, inauteriak ilargiaren egutegiak edo egutegi liturgikoak zehazten ditu, eta eguzkiaren egutegiko ospakizunak ez bezala, urtero aldatzen dira egunez. Dantzan.com webguneak argi azaldu du nola zehazten diren, besteak beste, inauteriak eta Aste Santua.
Udaberriko lehen ilargi betea noiz den jakin behar da lehenik. Ilargiaren faseak noiz hasten diren argitzen duen egutegi bat nahikoa da horretarako.
Udaberriko lehen ilargi betearen ondorengo lehen igandea Aste Santuko Pazko igandea da.
Kristautasunaren Garizuma Pazko igandean amaitzen denez, 40 egun kontatu behar dira atzerantz hausterre eguna noiz den zehazteko. Kontaketa horretan ez dira igandeak kontuan hartzen.
Inauteriak hausterre egunean amaitzen direnez, egun horrek ematen du noiz hasten diren asteartita, astelehenita, inaute igandea edo zaldunita, inaute larunbata edo zaldunita bezpera, ostiral mehea eta ostegun gizena.
Inauteriak Aurten
Ospakizunetako batzuk
Urtarrilak 5: inauteria Beskoitzen.
Urtarrilak 13: maskarada Atharratzen.
Urtarrilak 20: maskarada Gotainen.
Urtarrilak 26: kaldereroak Donostian eta Irunen, eta puska biltzea Lizartzan.
Urtarrilak 27: maskarada Ligin, inude eta artzainak Donostian eta Irunen, eta dantzak Lizartzan.
Urtarrilak 28: joaldunak Zubietatik Iturenera.
Urtarrilak 29: joaldunak Iturendik Zubietara.
Urtarrilak 31, ostegun gizena: zingar-arrautze eta inudeak eta artzainak Beran.
Otsailak 1, ostirala mehea: kaldereroak Eibarren.
Otsailak 2, inaute larunbata edo zaldunita bezpera: estudiantina eta kaldereroak Lekeition.
Otsailak 3, inaute igandea edo zaldunita: maskarada Altzürükün, txantxoak Abaltzisketan, talaik Amezketako baserrietan eta kalean, sorgin-dantza Antzuolan, txino-dantza Aretxabaletan, atorrak eta lamiak Mundakan, zaragi-dantza Markina-Xemeinen, Errobiko kaskarotak Uztaritzen, Markitos Zalduondon, zaku-zaharrak Lesakan, marrauen soka-dantza Gernika-Lumon eta inauteriak Lantzen.
Otsailak 4, inaute astelehena edo astelehenita: talaik Amezketako baserrietan eta inauteriak Lantzen.
Otsailak 5, inaute asteartea edo asteartita: hartza eta sagar-dantza Arizkunen, estudiantina Lekeition, inauteriak Lantzen, Santa Ageda eskea Altsasun, mamuxarroak Unanun eta Toribio Kanpezun.
Otsailak 10: maskarada Ürrüsoin.
Otsailak 12: inauteri txikia, momotxorroak eta sorginak Altsasun.
Otsailak 17: maskarada Muskildin.
Martxoak 2: maskarada Gameren.
Martxoak 8: maskarada Maulen.
Martxoak 16: maskarada Arrokiagan.
Martxoak 23: maskarada Barkoxen.
Martxoak 30: maskarada Aloze-Ziboze-Onizegainen.
Apirilak 13: maskarada Sohüta/Hokin.
Apirilak 20: maskarada Urdiñarben.
Apirilak 27: maskarada Santa Grazin.
Mozorroa, zomorroen kontrako konjuru
Mozorroaren bitartez nekazaritza gizarteko gizakiek zomorroa irudikatzen zutela argudiatu du Juan Antonio Urbeltzek, eta etxez etxe euren partea jaso zutela antzeztu ostean mozkorraldiarekin ardotan 'hiltzen' zirela.
J. O.
Donostia
«Inauteri hitza inausi aditzetik eratorria da. Inausketa urtarrila, otsaila eta martxoa bitartean egiten zen, baina, zentzu hori galdu egin denez, orduan egiten zen festaren esanahia soilik iritsi da gure egunetara». Inauteriari esanahi asko bilatu zaizkio, guztiak naturarekin lotuak. Juan Antonio Urbeltz folklore adituak (Iruñea, 1940), ordea, nekazarien gizartearen beldurra adierazten duena du berea. «Mozorroek zomorroak irudikatzen dituzte. Nekazariek beldurra izan diete beti intsektuei eta intsektuen izurriei. Inauterietan euren itxura hartuz eta ardotan itotzen direla irudikatuz, udaberrian etorriko diren intsektuen kontrako konjurua egiten da».
Neolitoa da Urbeltzentzat inauteriaren errituen sorburua. Orain dela 12.000 eta 10.000 urte bitartean gizakia haziak bildu eta animaliak etxean hazten hasi zen. «Ibai ertzaren konkista da». Baso eremuak garbitzean ekosistemak aldatu ziren, eta animalien gertutasunarengatik intsektuak inguratu zitzaizkion, eta horrekin, gaixotasunak: sukarra, sukar beltza, disenteria, heste-sukarra, elgorria eta malaria, besteak beste.
Osasun arazoak sortzeaz gain, uztak ere suntsitu egiten zituzten intsektuek; Euskal Herrian, batez ere, eltxoa, ezpara eta langosta edo larrapotea ziren beldurgarrienak. «Larrapoteak egiten zuen kaltea izugarria zen. Uzta deuseztatuz familiak gosez hiltzen zituen». Horregatik dio Urbeltzek inauterien atzean drama bat dagoela, etorriko denaren beldurraren drama.
«Inauteriak intsektuen kontrako konjurua dira. Horregatik nahasten dira euskaraz zomorro eta mozorro hitzak, alemanez (larve) eta suedieraz (mask) gertatzen den bezala. Neguan zomorrorik ez dago, eta hori baliatuz nekazarien gizartea inauterietan zomorrotu egiten da, mozorroaren bitartez», argudiatzen du Urbeltzek. Konjurua bikoitza zen: gizaki zomorrotuak ardoa edo beste edari alkoholdun bat edanez zomorroa hil aurretik, puska biltzea egiten zuen, intsektuei euren partea ematen ziotela irudikatuz, hamarrekoa eman duen etxe horretara berriro joan ez zitezen.
SAN JOAN SUA ERE, KONJURU. San Joan egunean errepikatu egiten da konjurua, Urbeltzen arabera; «ospakizun simetrikoak dira». Neguan konjurua egin arren, intsektuak agertu egiten ziren udaberrian, eta gizakiek sua pizten zuten horiek hiltzeko. «Suak lehen ez ziren suzkoak izaten, gehiago ziren kezkoak. Egur hezearekin egiten ziren, ke gehiago bota zezaten. Argiak intsektua erakartzen zuen, eta keak hil egiten zuen».
«Metafora bat da. Ezpata ezpara da, azeriak eltxoa irudikatzen du, eta zaldiak eta hartzak, larrapotea. San Joanen Apokalipsian larrapotea gerrarako zaldiarekin alderatzen da. Gaztelako erromantze bilduma batean larrapoteaz ari denean dio hartzaren pareko bizarra duela, eta Europako hainbat hizkuntzak larrapotea zaldiarekin lotzen dute: gazteleraz, italieraz eta sizilieraz caballeta, italieraz baita saltacabaglia ere, errumanieraz calus, errusieraz eta txekieraz kobylka, frantsesez sauto-pou chinchin eta pou-chinchin, eta euskaraz larrapote esaten zaio, Baztanen larraputinga. Euskaraz putinka aritzetik dator izena, larrapoteak larrea txikitzen duelako».
Irudikatze horretan oinarrituz, Lantzeko inauteriaren drama azaltzen du Urbeltzek: Ziripot beldarra da, bere loditasunarengatik eta ibiltzeko ezintasunarengatik, eta Zaldikok (larrapoteak) bere kontra egiten du eragiten dion nekea akabatzeko. Larrapotearen ondorioa gosea da, eta hori Miel Otxinek irudikatzen du; «horregatik daramate lotuta, arrisku handikoa delako». Ituren eta Zubietako joaldunak ere inauteriko mozorroak omen dira, eta zanpantzarrarekin eta zaldi buztanarekin ezparak eta euliak uxatzea dute helburu. «Jakina da zaldiak bere buztana erabiltzen duela ezparak eta euliak uxatzeko, eta, hain jakina izan ez arren, zintzarrien burrunbak ere helburu bera du; baita Zuberoako Txerreroak eta Lapurdiko Kotilun gorrik».
Maskaradak Lantzeko drama bera irudikatzen duela dio Urbeltzek ere. Bere iritziz, gorriak larrapoteak dira, eta beltzak horiek sortzen duten desegituraketa soziala. «Jende guztiak zentzu positibo bat eman die gorriei baina ez da horrela. Nekazari zuberotarrak larrapotea pasatzen bazen zer gertatuko zen ikusten zuen. Gosea zekarren eta gosea tarteko, harremanak hausten ziren. Ezkontza baten inguruan dago artikulatuta maskarada, eta esanahi dramatikoa oharkabean pasa da. Gorriak dira txarrak, eta beltzak, txarragoak».
EZPATAK ETA ZAPIEK, HELBURU BERA. Intsektuen kontrako konjuruak Eurasia osoan egiten ziren, Urbeltzen ustez. Helburu hori aitortzen die ezpata eta makil-dantzei. «Errumanian calus esaten zaie, zaldi edo larrapote; dantzari horiek larrapoteak diren moduan, ezpata-dantzariak ezparak dira. Banderaren agurra ere eltxoak urruntzeko egiten da». Era berean, orain urtebete aurkeztu zuen Danzas morris, origen y metafora liburuan (Pamiela) Ingalaterrako morris dantzetan erabiltzen den zapia ere intsektuak urruntzeko mugitzen dela argudiatzen du, gaztelerazko moquero (mukizapi) eta mosquero (eulizapi) hitzak lotuz.
Iruñeko ikerlariaren hitzetan, dantza horiek gerrarekin lotzeak ez du zentzurik, nekazarien gizartearentzat gerra ez baitzen inoiz ospatzeko zerbait; «hondamendia zen eurentzat». Orain arteko azalpen historikoak alboratu, eta dantza eta erritu horietan metafora bat dagoela argudiatu du.
«Inauteriaren atzean drama dago, nekazariek intsektuei eta etorriko denari izan dieten beldurraren drama»
juan antonio urbeltz
folklore aditua
Dokumentuaren akzioak