Dokumentuaren akzioak
Burnizko zubiak
'Burnia'
Burdinaren izaerari dagokion bezala, hauspo baten arnasa entzun dugu
hasiera batean, eta iluntasunak gorri kolorea hartu du mailuaren
kolpeak entzun eta lehen dantzariak eszenaratu direnean, metalezko kubo
handi gorriekin aurrera egiten zutela. Burdinoletako antzinako hots
haiek, ordea, laster bihurtu dira soinu-banda sinfoniko Bilboko Udal
Musika Bandaren instrumentuetan eta Juan Jose Oconen zuzendaritzapean.
Bestetik,
bitxia da jakitea getxotarrak direla Fernando Velazquez konpositorea
eta Unai Elorriaga idazlea, zeren eta Bilboaldearen identitatean hain
garrantzitsua izan zen burdina ezkerraldeko mendietan sortu eta bertako
siderurgian landu zen. Baina, burdinaren magnetismoak erakarrita edo,
zubiak eraiki dituzte itsasadarreko alde biak lotzeko, eta zubiak izan
dira Elorriagaren hari eroalea gidoia idatzi eta konpainiaren esku
eskuzabaltasun artistiko osoz uzterakoan.
Velazquezek ere bere
onena eman du musikaren konposizioan, eta XX. mendeko sortzaile handien
ezaugarriak dituen partitura sortu du, filmetako ezaugarriekin
batzuetan, eta askatasunak ematen duen handitasunarekin gehienetan.
Muruamendiarazek, aldiz, oinarri literario eta musikal horien gainean
diseinatu ditu bere koreografiak, esandako kubo metalikoen eta
dramaturgiaren parte izan den argiztapenaren laguntzaz.
Elorriagak
berak idatzitako testu labur batzuk tartekatu dira euskaraz,
gaztelaniaz eta ingelesez zenbait eszenaren artean, baina euren ahoskera
landugabeak asko trabatu du haiek ulertzea, eta beharbada eragin
handiagokoa izan zatekeen atzeko pantailan proiektatuak izan balira.
Gauzak horrela, koreografoaren esku geratu da burdinaren historia eta
itsasadarraren gaineko zubiak irudikatzea, eta alde horretatik, bide
eklektikoetatik ibili da mugimendua, iturri askotatik edanez eta hainbat
ideia —hala nola lan fisikoaren irudikapena, ingelesen eragina eta
espainiar etorkinen ekarpena— nahiko era estilizatuan irudikatuz,
narratibotasunean jausi barik.
Dantzarien gorputzak krema
koloreko jantzi soil baina dotoreetan bilduta etorri dira, eta hori ere
osotasunaren parte izan da, ikuskizun handietan gertatzen den moduan.
Haien mugimendu-kalitatea, ordea, beraien gaztetasunaren menpe egon da
nonbait, baina horrek ez du eragotzi Bilboren nortasunean burdinak eduki
duen pisuak omenaldi borobila jaso izana.
Dokumentuaren akzioak