Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bukatu dira Sanprudentzioak

Dokumentuaren akzioak

Bukatu dira Sanprudentzioak

Lazkaoko festak amaitu dira. Bigarren asteburua ere jendetsua izan da. San Prudentzio egun handia, umeen eta kuadrillen egunak... izan dira festetako bigarren asteburuan
Egilea
Kerman Garralda
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Lazkao
Mota
Albistea
Data
2023/05/01
Lotura
Goierriko Hitza

Ohi baino asteburu luzeagoa izan arren, lazkaotarrentzat ziztu bizian pasa da. Ez da harritzekoa, San Prudentzioetako asteburu nagusia izan baita. Ostiralean, apirilaren 28an, izan zen San Prudentzio eguna, festetako egun handia. Umeen eguna (larunbata) eta kuadrillen eguna (igandea) ere ospatu dituzte; atzo ere izan ziren ekitaldiak. Egunero jende ugari ibili da.

Txistulariek zabaldu zuten asteburua, dianarekin. Pilota partidak, meza, trikitilariak… izan ziren goizean zehar. Baita ere agintarien soka dantza. Kepa Zubiarrain alkateak eta zinegotziek herritarren aurrean egin zuten dantza.

Musika doinuak ez dira asteburu osoan isildu. San Prudentzio egunean bertan, esaterako, Suthai batukada talde lazkaotarrak jo zuen aurrena eta, gero, Vulkano Orkrestak; Eider lazkaotarrak plaza txiki utzi zuen herenegun, eta txosnaguneetan ere goirritarrak izan ziren protagonistak: Anker, Gilda, Azken Sustraiak, Alarma Morea, Muxutruk erromeria, DJ Tintz… Hain justu, Lazkaoko Musika Bandaren emanaldia izan zen sanprundetzioetako azken ekitaldia, atzo. Lehen asteburuko musika pilaketarik ez da gertatu oraingoan.

Larunbata umeen eguna izan zen. Besteak beste, bazkaria egin zuten. Jolas parkea, disko festa… izan zituzten.
Saint Feiluko (Herrialde Katalanak) erraldoiei harrera egin zieten larunbatean, udaletxean. Plaza jaitsi, dantza egin, eta kalejira irten ziren, buruhandi eta guzti, Lazkaoko konpartsakideen laguntzarekin. Halere, igandeko bilkura handiagoa izan zen. Lazkaoko eta Saint Feiluko erraldoiez gain, Uharteko, Oreretako eta Iruñeako Buztintxuri konpartsetako kideak ere elkartu ziren.

Kirola eta gastronomia

80. Lazkaoko Proba txirrindulari lasterketa Laboral Kutxako Iker Mintegik irabazi zuen. Bera zen faboritoa –Euskaldun Txapelketako liderra zen– eta ez zuen huts egin. Bakarrik helmugaratu zen. Bigarren postuan Laboral Kutxako Iñaki Diaz taldekidea helmugaratu zen, eta hirugarren postuan, berriz, Finisher taldeko Hugo Aznar. Herriko hiru txirrindularik ere jaso zuten proba bukatzeagatik haien garaikurra: Telco taldeko Oier Larrañagak, Laboral Kutxako Iker Barandiaranek eta Debabarrenako Aimar Ruiz de Larramendik.

Herri kirolak ere izan dira sanprudentzioetan. Atzo Urrezko Aizkorako kanporaketetako bat jokatu zuten atzo. Harri jasotzaileen erakustaldia ere izan zen. Paulo Azpiazu aritu zen, besteak beste. Hain justu, larunbatean ere Lazkaon izan zen. Kasu honetan, Mugimendu Sozialistak antolatutako herri kirol ikustaldian, Gari Garmendiaren eta Beasaingo harrijasotzaileen aurka. Ibarrako emakumezkoen sokatira taldeak ere ikuskizuna eskaini zuen.

Antzar korrikalari taldeak, aurtengo pregoilariek, umeen eta bikotetako lasterketa herrikoiak ere antolatu zituzten.
Kirola ez da lehiarako aitzakia bakarra. Atzo bakailao lehiaketa egin zuten. Ez da festetan jan-edanerako aukera bakarra: asteburuko sardina jana ere arrakastatsua izan zen.

Dokumentuaren akzioak