Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bukatu da mozorroen anabasa

Dokumentuaren akzioak

Bukatu da mozorroen anabasa

Atzo bukatu ziren inauteriak Euskal Herriko toki gehienetan. Lantzen, Miel Otxin epaitu, tiroz hil eta erre egin zuten iluntzean, goizean goizetik besta egiten aritu ondotik. Txatxoek, Zaldikok eta arotzek ikusleak izutu zituzten kalejiretan.

Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/02/10
Lotura
Berria
Antzezlan handi bat izaten dira Lantzeko inauteriak. Nafarroako herri horretakoak dira Miel Otxin, Zaldiko, Ziripot, arotzak eta txatxoak. Hiru egunez kolore biziz janzten dituzte herriko kaleak, eta atzo zuten hondarreko ateraldia. Goizean, kalejira egin zuten; iluntzean, Miel Otxin epaitu; Esteban Ariztegik tiro egin zion, eta erre egin zuten. Inauteriak bukatu ziren.

Beste behin ere, gidoia goitik behera bete zuten. Aurreko eguneko bestak maindire artean harrapatu zuen baten bat, baina gehienek indarra bildu zuten ostatuko lehenbiziko solairuan hamaiketakoa hartzeko. Eguerdian, Mintxo Garaikoetxea eta Mintxo Salaberri jaiki egin ziren: Garaikoetxeak txistua hartu, Salaberrik atabala, eta ostatuko korridorean zortzikoa jotzen hasi ziren.

Doinuak lau gazteren urratsak mugiarazi zituen, eta gero batu ziren beste bi, beste bat... Tantaka, hamabira ailegatu arte. Hipnotikoa izaten da zortzikoa han. Toki itxia da; lanparek argiturik, dantzaren doinua behin eta berriz errepikatzen da, eta gazteak itzulika aritzen dira euren buruaren inguruan, baita txistularien inguruan ere. Erritmoa azkartzen zen heinean, gazteen izerdia geroz eta azkarrago jaisten zen kopetatik behera. Hamahiru minutu iraun zuen, eta denek eutsi zioten bukaerara arte.

Ander Esainek aurpegia gorriturik zuen zortzikoa bukatzerako. «Nekatuta nago, baina atzoko tragoak botatzen ibili naiz», zioen txantxetan. Txatxoz jantzi zen bera, nahiz eta txikitan Ziripotena egiten zuen. Harentzat, ostatu barneko giroa da bereziena, «intimoagoa» delako. Inauteriak bereziak dira harentzat: «Tradizioa da; aitak erakutsi zidan».

Berehala igo ziren ganbarara koloretako jantziak soinean jartzera. Ziripot lehenik, zakuz egindako jantzia lastoarekin betetzeak denbora behar baitu. Ganbara heze eta erdi ilun horretan transformatzen dira lanztarrak, aurpegia oihal batez estalirik. Miel Otxin ere han zen, zutik, hil aurreko kalejiraren zain. Jende asko igo zen, txandaka, lanztarrak mozorrotzen ikustera.

Arotzen iluntasunean

Bien bitartean, eta ikuslerik gabe, ostatuaren ondoko etxean pertsonaiarik ilun eta misteriotsuenak janzten ari ziren: arotzak. Ariztegik hamaiketakoa etxean hartu zuen, berak prestatzen baitu arotzen sua: «Miel Otxin eramaten nuenean ere, sua prestatu, eta laster batean joaten nintzen ostatura», esan zuen.

13:30 aldera, etxearen atzeko aldera joan zen, eltze handi bat eskuan zuela. Lastoa bota zuen barrenera, gero txingarrak, eta berriz ere lasto hezea gainetik, ke handia ateratzeko. Pixka bat kulunkatu, eta berehalaxe hasi zen kea botatzen. Dena prest zegoenez, eltzea ondoko etxera eraman zuen. Han, bonbilla gutxi batzuek ozta-ozta argitzen zuten arotzen janzteko tokia. Eltzea hartu, eta kalera atera ziren. Ostatuari so ziren batzuk ezustean harrapatu zituzten haien oihuek.

Arotzak pasatuta, Ziripot agertu zen ostatuko atarira, eta atzetik txatxo tropela, oihu eta irrintzika. Orduan hasi zen anabasa. Miel Otxin ere kalera atera zuten, eta Zaldiko korrika aritu zen batetik bestera, Ziripot lurrera botatzen, eta jendea zirikatzen. Halako batean, txatxoek heldu, eta arotzengana eraman zuten ferratzera.

Kolore eta oihu besta plazan bukatu zen, zortzikoarekin. Txatxoekin batera, herriko hiru gizon zahar batu ziren gorputza astintzera. Ariztegi tarteko: «Ni dantzari ona nintzen. Miel Otxin dantzatzeko, indarra behar da, baina, batez ere, ongi dantzatzea».

Arratsaldean kalejira egin zuten berriz ere, baina azkenengo zortzikoa suaren inguruan izan zen. Aurretik, tiroz hil zuten Miel Otxin. Bukatu zen anabasa. Ariztegi arduratzen da horretaz. Tiroa bota, eta kartutxoak gorde zituen. Urtero gordetzen ditu; altxor baten modukoak dira. Lanztarrentzat inauteria hori baita: kolorez jantzitako altxor bat.
Zaldikok behin eta berriro bota zuenZiripot lurrera, baina txatxoek lagunduzuten.
Zaldikok behin eta berriro bota zuenZiripot lurrera, baina txatxoek lagunduzuten. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak