Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bukaera ederra Maitaldiarentzat

Dokumentuaren akzioak

Bukaera ederra Maitaldiarentzat

Kritika, Maritzuli / Shua group / Biarritz Baleta

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2005/09/20

Miarritzeko Maitaldiaren azken egunean Kutx ala pil...? aurkeztu zuen Maritzuli konpainiak. Ikusgarria erritmo pausatuan hasten da, maskaradetako pertsonaiak desfilatzen duten bitartean. Laster, baina, eraldatuko da desfilearen segida ordenatua, musika tradizionalarekin batera munduko beste melodia anitz nahasten baitira.



Izan ere, Claude Iruretagoiena eta Catherine Artzanuthurriren koreografietan guztiz era librean hartzen dira Zuberoako folklorearen elementuak pertsonaiak, jantziak, dantzak... lan eklektiko eta aberasgarria sortzeko. Obra haurrei begira sortua izan daiteke, baina egiatan ikusle helduok asko gozatu genuen maskaradetako ordena eta kaosaren arteko kontrastearekin, eta guztiz maitagarriak egin zitzaizkigun Pitxuren ahaleginak Kantiniersaren bihotza konkistatzeko, bai gorrien eta zamaltzainen urrats dotoreak bai Kabana eta kauteren komeriak ahantzi gabe, noski!



Dantzarien eta ikusleen arteko banaketarik gabe



Molde klasikoen beste muturrean kokatzeko moduko lana ikusi genuen Les Découvertes aretoan: Shua Group konpainiarena. Bertan ez dago ikusleen eta dantzarien arteko banaketarik eta horrek kutsu berezia eman zion New Yorkeko taldearen bilaketa estetikoari. Gaueko lehen piezan oinutsik eta plastikozko jantzietan erdi bilduta agertzen dira hiru emakumeak eta Joshua Bisset koreografoa, paroxismoraino areagotzen den ekintza fisikoan murgiltzeko. Bigarren piezan, ordea, lau ikusle hautatu eta beraiekin batera joan ziren koreografia garatzen eta egoera ederrak sortzen, oso era natural eta delikatuan, ikusle guztion inplikazio sakona eta zirrara lortu arte.



Azkenik, beste hitzordu bat genuen oraindik ere, Portu Zaharreko hondartzan, Biarritz Baletaren azken sorkuntza ikusteko. Gaueko zerua argi zegoen eta ondo diseinaturiko argiztapenak eremu bikainak sortzen zituen bertan jarritako plataforma handian eta itsas bazter ederretan. Les créatures Beethoven gaztearen musika gozagarrian oinarritzen da eta Malandain koreografoak dantzarien figuren balio indibiduala indartu du bereziki, hala duo ugarietan nola banaketa geometriko perfektuetan, dantzarien arteko kontaktu fisikoa ahalik eta gutxien erabiliz eta oinak eta besaurreak biluzik utziz mugimenduen finezia urrutik ere antzemateko. g Agus Perez

Dokumentuaren akzioak