Dokumentuaren akzioak
Brokel zikloa plazaratuko dute
Zestoako Itxaropena taldearen emanaldi bat. (Argazkia: Zestoako Udala)
Zestoako Itxaropena dantza taldeak brokel zikloa emanaldia plazaratuko du bihar, ostirala, 19:00etan, Zestoako frontoi zaharrean. Udarako egitaraua osatzeko herriko elkarteak bildu zirenean, dantza taldeak brokel dantzak plazaratzeko proposamena egin zuen, eta ekitaldi hori da bihar dantzatuko dutena.
Tradizioz Gipuzkoan dantzatu izan diren dantza sorta da brokel zikloa, Amaiur Aristi Itxaropena dantza taldeko kideak azaldu duenez. “Dantza horietan, dantzariak bi lerrotan kokatzen dira, eta elkarren artean lekuz aldatzen doaz. Dantza batzuetan buruzagiak gidatzen ditu dantzariak, eta tresnak erabiltzen ditugu dantzarako: makilak, zapiak, zintak, brokelak, uztaiak…”. Horrenbestez, honako dantzak egingo dituzte bihar arratsaldeko emanaldian Itxaropenako dantzariek: agurra, boastitzea edo painelo dantza, makil txikiena, makil handiena, uztai txikiena, uztai handiena, brokel makilena eta zinta dantza. Garikoitz Mendizabal eta Jon Mendizabal musikari zestoarrek ere parte hartuko dute.
Garai batean, herrietako «festetako egun handian» herriko gazteek plazaratzen zituzten brokel zikloko dantzak. “Oso ohikoa izaten zen herriko festetako egun handian gazte kuadrillak dantza hauek egitea. Gipuzkoa osoan herriz herri ibiltzen ziren dantza maisuak zeuden, eta haiek herrietara joaten ziren gazte kuadrillak dantzan trebatzera. Adibidez, 1928. urteko Zestoako bideo motz batzuk [dantzan.eus webgunean daude jasota] badaude, eta horietan ikusten da gazteak brokel dantzak egiten. Irudi horiek erakusten dute Zestoan ere bere garaian brokel zikloak plazaratzeko ohitura bazela”, azaldu du Aristik.
Iazko irailerako zuten prestatuta brokel dantzen emanaldia Itxaropenakoek, baina uneko osasun egoeragatik dantza ekitaldia bertan behera utzi zuten.
2019-2020 ikasturtean, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, etenda izan zituzten Itxaropenakoek dantza entseguak. Azken ikasturtea ere hala-holakoa izan da dantza taldearentzako. “Dantzari txikien saioekin ikasturtearen erdian hasi ginen. Helduon taldea, berriz, joan den ekainera arte entseatu gabe egon da. Ekainean, baina, iaz bertan behera gelditu zen dantza ekitaldiari heltzea erabaki genuen, eta horretan jardun dugu». Osasun egoeragatik jarritako neurriak kontuan hartuta egin dituzte entseguak: «Leku itxian entseatu dugunez, maskara jantzita jardun dugu”.
Dantzarako gogoz
Biharko dantza emanaldia egiteko gogoz daude Itxaropena taldekoak, izan ere ia bi urte dira Zestoako helduen dantza taldea ez dela plazara atera. “Haurren dantza taldearekin urtean zehar ekitaldiren bat egin dugu kalean, baina helduak bi urte dira kalean dantzarik egin gabe gaudela. Gogoarekin gaude brokel dantzak plazaratzeko, eta ea hemendik aurrera plazan jarduteko aukera gehiago izaten dugun”.
Ekainean hasi ziren entseguekin Itxaropenako helduen dantza taldekoak, eta abuztuan atseden hartu duten arren, uztailean eta hil honen hasieran biharko emanaldia prestatzen jardun dute.
Haurren dantza taldean izena emateko epea ekainean izan zuten zabalik. Orain, hil honetan, taldeak eta dantza irakasleak antolatzen ari dira, eta urrian hasiko dituzte dantza eskolako saioak. “Aurreko ikasturtean dantzari txikien kopurua jaitsi egin zen; batetik, ikasturte erdian hasi ginen dantza saioekin, eta bestetik, pandemiak eraginda, nahiko urte zelebrea izan zen. Ikasturte honetan, ordea, Zestoa bezalako herri txiki baterako, talde polita osatu da, eta helduen dantza taldera batu denik ere izan da. Beraz, gustura gaude”, adierazi du Aristik.
Brokel dantza
– Eguna: Bihar, ostirala.
– Ordua: 19:00etan.
– Tokia: Frontoi zaharra.
– Taldea: Zestoako Itxaropena dantza taldea.
– Dantzariak: Maddi Alberdi, Aizpea Aristi, Amaiur Aristi, Amaia Alonso, Izaskun Alonso, Sara Balenziaga, Xabier Bidezabal, Maite Eizagirre, Peru Gartzia, Elene Goenaga, Naroa Goikoetxea, Intza Illarramendi, Itxaso Lopetegi, Leire Lopetegi, Ane Mendizabal, Mikel Olaizola, Unai Olaizola, Nahia Ulazia, Ane Urbieta, Esti Zabala, Ekiñe Zubeldia eta Elaia Zunzunegi.
– Musikariak: Garikoitz Mendizabal eta Jon Mendizabal.
Dokumentuaren akzioak