Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bost pieza hutsal

Dokumentuaren akzioak

Bost pieza hutsal

Kritika, IX. Koreografia Erakusketa

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2005/04/09

Barakaldo antzokian izan da aurtengo Koreografia Erakusketaren lehen emanaldia eta Cuatro y cuarto izeneko piezak zabaldu du egitaraua. Hasiera batean pasabidetik hurbiltzen da apurka-apurka Itziar Madariaga musikaria, gitarra elektrikoa delikatuki jotzen. Gero deskubrituko dugu besaulki-patioko albo batean dagoela Izaskun Santamaria hormarekin jolasten eta ateari kolpeak ematen. Haren kontrapuntuak, ordea, eszenatokian egon beharko luke, baina Natalia Monge erditzeko zorian dago egunotan eta pantaila batek ordezkatu du haren presentzia, etengabeko elkarrizketa ezarriz Santamariaren mugimenduarekin.



Bitartean, Madariaga teklatu elektronikoan jarri da, soinu misteriotsu eta inguratzaileak sortzeko eta dantzari biak dentsitate handiko giro iragarle ederrean biltzeko. Pentsatzekoa denez, hasierako lan hau izan da emanaldi osoan nolabaiteko balioa izan duen bakarra. Eider Rodriguez dantzari eta koreografoak Huri izeneko pieza aurkeztu digu, bakardadean, eta horrela hobeto preziatu dugu bere heziketa klasikoa, are nabariagoa zena oinak eta zangoak biluzik egotean. Alde klasikotik ikusita, maila ona eta keinu delikatuak erakutsi ditu, baina argi dago bere buruaren gidaritzapean sortutako proposamen autista honek ez duela inolako ekarpenik egiten dantza garaikidearen alorrean. Jarraian etorri den Duty Free lana ere ez da hutsalkeriatik libratu. Bertan bost neskek eguneroko keinu arruntak (telefonoz deitzea, hortzak garbitzea...) eta elementu eszeniko txikiak (aulkiak, maletak...) konbinatzen dituzte edozein ostiral gauean telebistan ikusten diren talde koreografiekin. Aitortu beharra dago maila eta estilo horretan koordinazio ona eta ideia koreografiko ugariak izan dituztela, baina argi utzi behar dugu horrelako proposamenak duela hamarkada bat edo gehiago egon zirela modan eta argi-urte askotara daudela XXI. mendeko planteamenduetatik. Eta autismo eszenikora bueltatuz, Igor Calongeren Trans pieza deskribatu ezina etorri zen. Bitxia bada ere, Koreografia Erakusketaren bosgarren edizioan beste lan bat aurkeztu zuen Calongek eta bertan ere landareak proiektatzen ziren gorputz baten gainean, bertan ere apaintzen zuen aurpegia clown sudurrarekin (oraingoan, txantxetako betaurrekoak eta sudurra erabili ditu) eta bertan ere nabarmentzen ziren dantzaren hutsaltasuna eta mugimenduaren mamirik eza, nekez estaltzen zirenak txarto kohesionaturiko elementu eszeniko ugariekin. Amaieran neukan umore txarra leuntzeko-edo Atxarte Lopez de Munainen Hizki mutua etorri zen. Piezak berez ez du garapen ikusgarririk, baina gutxienez argi dago nolabaiteko bilaketa estetikoan ahalegindu direla lau neskak eta koreografoa, eta hori nabarmen geratzen da txalapartan oinarritutako soinu-banda diskretuan eta, batez ere, mugimenduen leuntasunean, segida koreografiko txikiak garatu eta dantzarien arteko kointzidentzia kasualak sortzen dituena.

Dokumentuaren akzioak