Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bost minututxo

Dokumentuaren akzioak

Bost minututxo

Kritika, 'ES3IN'

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2004/11/21

Lutxanako Kultur Etxean izan dugu Organik konpainiaren azken sorkuntza ikusteko aukera. Euskal Herriko hainbat plazatan egon den dantza ikuskizuna aretorako egokitu eta eskola zaharretako hallean eman dute, bertako gazte-elkarteetakoak eta hara joandako ikusleok behegainean eserita ginela.



Emanaldia Itziar Madariagaren presentziarekin hasi zen, azken abestiak kenduta berak sortu eta jotzen duelako piezako musika guztia sintetizadore baten teklatuan. Haren atmosferak, erritmoak eta soinu elektroniko errepikakorrak izango dira lan honetako ardatz nagusia eta eszenan gertatuko denaren arima. Alboan Alain Sanz dauka, txindata jotzen noizean behin, eta beste batzuetan zuenean parte hartzen eszenan bertan, bai hitzez bai dantzaz. Apurka-apurka agertzen joango dira dantzariak Ðbi neska eta bi mutilÐ, inguratzen gaituzten ate guztietatik. Hasiera batean neguko arropa eta anorakak janzten dituzte, benetan hotza delako tenperatura, baina lehen ariketa fisikoaren ostean arindu egingo dute beren janzkera. Aipatzekoa da janzkeraren kontu hori Organik konpainiaren estiloan naturaltasuna delako ezaugarri nagusienetariko bat. Edo naturaltasun efektuaz hitz egin beharko genuke, denok dakigun moduan, arte eszenikoetan itxuraz naturalak diren keinuen atzean lantze itzela egoten delako. Piezak, oro har, bizitza modernoaren tentsioaz hausnartzen du eta alde horretatik berezia da lanaren egitura, dantzaren artean estresak sortutako etenaldiak tartekatzen direlako. Dantza pasarteetan guztiz atsegina da dantzarien gorputzak Madariagaren musikaren eraginez eroaten uzten ikustea, eta freskotasun nabaria lortzen da esaldi koreografikoz aldatzean lagun baten edo bestearen txistu edo oihu txikien aginduz. Bizitzak eragindako larritasuna irudikatzeko hainbat solasaldi dibertigarri tartekatzen dira, hala nola hiru lagunek Helena Golaben soloa eteten dutenekoa, lauren artean zehazteko bihar bost minutu izango ote duten hau edo bestea egiteko. Umore uneek, beraz, beren garrantzia dute emanaldian zehar, eta haien artean oso interesgarriak dira erlaxatze saioan entzuten ditugun hitz potoloen gaineko ironia, edota puzzlearen eszena patetikoa. Koreografia aurrera joan ahala, tentsio uneak gorantz joango dira, betiere dardarak, konbultsioak eta dantza keinu asaldatuak diskusio barregarriekin eta une benetan erlaxatuekin tartekatuz. Azken eszenako une gozagarrian bezala, non Stevie Wonderren klon batek We are the World ezaguna abestu zuen barre algara eustezinak eta sentsazio ezin baikorragoa utziz ikusleon artean. g Agus Perez

Dokumentuaren akzioak