Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bost lurraldetako bikoteak izango dira Segurako Dantza Txapelketan

Dokumentuaren akzioak

Bost lurraldetako bikoteak izango dira Segurako Dantza Txapelketan

Larunbatean jokatuko da Seguran 39. Euskal Herriko Dantza Txapelketa, 18:00etan. Hamalau bikotek parte hartuko dute. Goierritar bakarra izango da: Ibai Jimenez

Egilea
Maialen Igartua
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2015/10/14
Lotura
Goierriko Hitza

Segurako Udalak antolatuta, 39. Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko da larunbatean Baratze pilotalekuan, 18:00etan. Azken urteetan baino ordezkaritza zabalagoa lortu dute aurten, eta bost lurraldetako dantzariak izango dira: Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Lapurdiko bikote bana, eta Gipuzkoako hamar. Guztira hamalau bikote lehian, iaz baino lau gehiago. Pozik agertu dira antolatzaileak, «aniztasuna» izango delako, eta «parte hartzea handitu delako». Txapelketako atsedenaldian emanaldia eskainiko du Txinparta beltza taldeak.

Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren laguntzaz antolatzen dute Segurako txapelketa. Antton Mendizabal koordinatzailearen esanetan, «bikote berri dezente» izango dira larunbatean. Iazko irabazleek, Amets Amubieta eta Maialen Aldalur azpeitiarrek, ez dute bikotea osatuko aurten. Amubietak parte hartuko du, baina beste bikotekide batekin.

Bestalde, Goierriko ordezkaritza bakarra izango da: Ibai Jimenez (Zaldibia, 1997). Iratxe Lizarburu ibartarrarekin parte hartuko du. Iaz ere txapelketan izan zen bikotea, lehen aldiz, eta zazpigarren egin zuten.

Fandangoa eta arin-arina

Bikote bakoitzak hiru aldiz dantza egingo du larunbatean. Lehenengo fandangoa dantzatuko dute, bikotea aurkezteko. Lehenengo dantzaldia ez da puntuagarria izango. Jarraian, bi dantza puntuagarri egingo dituzte: zortzi bueltako fandangoa eta arin-arina. Fandangoa dantzatzeko, aukeran izango dute txistuaren edota albokaren doinuari jarraituz egin. Antolatzaileek aurreratu dutenez, bikote nafarrak alboka aukeratu du. Arin-arina, berriz, trikitiarekin dantzatuko dute.

Dantzaren alderdi teknikoa eta artistikoa epaituko dituzte epaileek. Bost adituk osatuko dute epaimahaia: Ander Garitonandiak, Arantxa Garinek, Nahikari Vizuetek, Koro Sarasolak eta Xabier Mendizabalek. Antton Mendizabalen esanetan, dantzaren eremuan zein epaile lanetan eskarmentua duten pertsonak bilatu dituzte epaimahairako.

Bikote irabazleak Nestor Basterretxearen eskultura jasoko du, eta ordezkatzen duten udalean gordeko da hurrengo txapelketara arte. Bikote berberak hiru urtez jarraian txapelketa irabaziz gero, eskultura udalarentzat izango da, behin betiko. Eskulturaz gain, 700 euroko diru saria, txapela, lepokoa, trofeoa eta lau bidaia irabaziko ditu lehenengo bikoteak.

Bigarren eta hirugarren bikoteek 500 euro eta 400 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Gainontzeko bikote bakoitzak 200 euro, parte hartzeagatik. Bestalde, jantzirik onena ere sarituko da, 100 eurorekin. Txapelketara lehen aldiz aurkezten diren bikoteen artean ongien sailkatzen denari, berriz, Guillermo Areizaga sari berezia emango zaio.

Telebistaz ikusteko aukera

EiTB-k dantza txapelketa osoa emango du telebistaz, larunbatean, 22:00etan. Izaro Iraetak eta Imanol Artolak aurkeztuko dute saioa. Nerea Aliasek, berriz, dantzariekin hitz egingo du. Txapelketaren aurretik, Agustin Ezenarrok eta Iñigo Vaquerizak iaz egindako erreportajea botako dute telebistaz, Euskal Herriko Dantza Txapelketaren inguruan.

Atzo aurkeztu zuten txapelketa, Donostian. Eñaut Telleria Segurako alkatea, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura saileko zuzendaria, Andoni Salas EiTBko ordezkaria eta Antton Mendizabal Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko Dantza Solteko koordinatzailea izan ziren aurkezpenean.

Segurako alkateak txapelketaren hasierak izan zituen gogoan. «1977an egin zen lehenengo edizioa, Guillermo Areizaga alkate zela, berak bultzatuta». Txapelketa antolatzeak lan handia eskatzen duela ere adierazi zuen, eta eskerrak eman zizkien Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrari, Eusko Jaurlaritzari, Aldundiari, dantzariei eta laguntzen duten gainontzeko guztiei.

Mari Jose Telleria Aldundiko ordezkariak, berriz, zoriondu egin zuen Segurako Udala, «39 urtez txapelketa bat antolatzea ez baita gutxi». Telleriaren esanetan, herriarentzat eta dantzarientzat garrantzitsua da Segurako txapelketa. «Behin aditu bati entzun nion, dantza dela krisiaren eragina gutxien jasan duen artea, lehen ere oso baliabide gutxirekin aurrera egiten ohitua zegoelako», adierazi zuen.

Dokumentuaren akzioak