Dokumentuaren akzioak
Bost lanen koreografiak uztartuko ditu Dantzaz Konpainiak
'Aureo' ekoizpena larunbatean estreinatuko dute, Viktoria Eugenian, 20:00etan.
Dantzaz Konpainia donostiarraren nortasuna islatuko du larunbatean aurkeztuko duten Aureo ekoizpenak. Izan ere, estilo ezberdinetako bost koreografien “dastaketa” moduko bat izatea nahi dute, eta publikoa eta sormenaren arteko tarte hori txikitu ere. Aurreko asteburuan Bilbon lehen aldiz dantzatu bazuten ere, Donostiako emanaldia “estreinaldi unibertsala” izango dela nabarmendu du konpainiako zuzendari orokor Fernando Saenz de Ugartek: “Donostia da gure unibertsoa, eta irrikitan gaude ekoizpena hemen estreinatzeko”. Urriaren 17an, larunbata, izango da, Viktoria Eugenia Antzokian, 20:00etan. Emanaldia amaitzerakoan, zuzendari artistikoekin ardo bat dastatzeko aukera izango dute ikusleek, antzokiko Klub aretoan.
Ekoizpena bi elementuetan oinarritu dute: alde batetik, antzinako Greziako garaitik artearen arloan askotan erabili izan den urrezko zenbakia edo proportzio jainkotiarra delakoa; eta, bestetik, sorkuntza desberdinak eta anitzak “dastatzeko” ideia. Honela, bost sortzailek hartu dute parte ekoizpenean: Jone San Martin dantzari eta koreografo donostiarra, Christine Hassid, Judith Argomaniz, Lukas Timulak eta Itzik Galili.
Jugo izenburupean, Jone San Martinek egoera bat sortzen du dantzariek bertan garapen bat izan dezaten. Dantzaz Konpainiako zuzendari artistiko Adriana Pousek azaldu duenez, sormen lan honek ekoizpen osoa lotzen duena da, “obraren zukua da, saltsa”. Topaketa eta distantzien bidez sortutako espazioak zukutu nahi dituzte, dantzariak hartu-emanen jokoan murgilduta.
Benetako edertasunaren bila
Biarritz Dantza saria irabaztearen ondorioz, Christine Hassid frantziarrak Momentum koreografia landu du Donostiako konpainiarekin. Dantzaz Konpainiak eta Malandin Ballet Biarritzek Senseko Les Synodales jaialdian ematen dute saria. Hortaz, koreografa gaztearen lan berria oholtzara eramango dute, benetako edertasuna non dagoen galdera ardatz hartuta. “Hamabi dantzarik parte hartu duten arren, sorkuntza seik egingo dute”, adierazi du Pousek.
Judith Argomanizek bere konpainia du Donostian, LASALA, eta beste konpainia batentzako sorkuntza bat egiten duen lehenengo aldia da. Gizon haiek arrantzaleei buruz hitz egiten du, jaki bat aurkeztu baino lehen, produktuak bilatu behar direlaren ideia erdigune duela.
Eslovakiako Lukas Timulak 2011n egin zuen lan Dantzaz Konpainiarekin, A Place Between lanarekin. Oraingoan, koreografia ez ezik, jantzi ikusgarriak ere diseinatu ditu, Dot to dot dantzaren parte bilakatzeko. “Modu minimalista batean egiten du lan, eta ikusgarritasunari garrantzia handia ematen dio. Mugimenduaren dinamikan oinarrituta, jantzien forma geometrikoam izango dira nagusi”, esan du Pousek.
Azkenik, aspalditik elkarlanean aritu den Itzik Galili zuzendari artistikoak ekoizpen osoaren bosgarren koreografia prestatu du, Casi Humano izenburupean. Pouseren arabera, Galili gizarteak etorkizunari ematen dion garrantziaz hitz egiten du, baina berak oraina bizi behar dugula helarazi nahi du. Hasieran, hiru dantzariekin egitekoa zen koreografia; azkenean, ordea, denak ariko dira. “Gure dantzarientzako opari bat da”, azpimarratu du Pousek.
Aureo ekoizpenaren prozesua barnetik ezagutzeko eta bost koreografien zatiak ikusteko, entsegu irekia egingo dute ostiralean, urriaren 16an, 20:00etan. Ekitaldi honetan parte hartuz gero, Aureo emanaldirako bi sarrera baten prezioaren truke eskuratzeko aukera egongo da. Gonbidapenak Viktoria Eugenia Antzokiko leihatilan banatuko dituzte.
Dantzaren zerbitzura
Sortu zenetik, dantza eta koreografiaren artea garatzeko egitura aitzindaria izan da Dantzaz Konpainia Euskal Herrian. Hamahiru urte igaro dira, eta aldaketak aldaketa, egun bere egiturak bost alderdi nabarmentzen ditu dantzaren arloaren zerbitzura lan egitera bidean: profesionalizazioa, formakuntza eta birgaitzea, sorkuntza eta ekoizpena, dantza eta erkidegoa, eta dantza eta beste sektore batzuk.
Dantzaz gazte profesionalek dantzaren arloan lehen enplegua lortzeko plataforma bat da. 2007-2008 ikasturtetik hona, 78 gazte dantzari igaro dira bertatik. Horietatik hamahiru Dantzaz Konpainiako kide dira egun, eta mundu osoko dantza konpainiatan ari dira gainerakoak. Era berean, euskal gazte dantzarientzako Mugi Goi Errendimenduko Zelulari esker, areagotu egin da plataforman dauden gazte dantzarien kopurua: egun, %50ekoa da. Esperientzia eszenikoa eta profesionala lantzeko aukera ematen zaie gazteei, baita sorkuntza, kudeaketa eta ekoizpen propioak lantzeko ere.
Dokumentuaren akzioak