Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bost eguneko festa txoroa

Dokumentuaren akzioak

Bost eguneko festa txoroa

Gaur eguerdian hasiko dira Urdiaingo jaiak. Suziria Migel Angel Zubiria alkateak botako du, eta ondoren hamabietakoa eginen dute.

Egilea
Irene Arrizurieta
Komunikabidea
Berria
Tokia
Urdiain
Mota
Albistea
Data
2008/07/05

San Pedro eguna joan den igandean izan bazen ere, Urdiainen (Nafarroan) gaur eguerdian hasiko dituzte San Pedroren ohorez ospatzen dituzten jaiak. Ordu horretan Migel Angel Zubiria alkateak etxafuegoa piztuko du udaleko balkoian eta jaia hasiko da. Atzerapenak atzerapen, heldu den bost egunetan dantzarako eta parrandarako makina bat aukera izanen dute urdiaindarrek.

Behin suziria lehertuta, Alondegian ogia, gazta, lukainka eta ardoa banatuko du Udalak herritarrentzat. Festek irauten duten hurrengo lau egunetan ere errepikatuko da hamabitakoa, baina banaketa, txandaka, herriko elkarte ezberdinek eginen dute. Albinteak ardoa pitxerretan aterako du eta herritarrek zilarrezko ontzietan edanen dute edari gorria.

Hamabietakoaren ondoren, jaten eta edaten jarraituko dute herritarrek herriko sailek kalean bazkaria eginen dutelako. Kalean eginen dute otordua eguraldiak laguntzen badie. Bestela, etxabeetan bazkalduko dute. «Festak goizean lasai hasten dira. Eguna pasatu ahala, giroa berotuz joaten da, eta bihar egun handia izaten da», dio Jaione Zubiria Urdiaingo Kultura zinegotziak.

Alkateak hasitako zortzikoa

Bazkalondoren haur kategoriako txirrindularitza lasterketa jokatuko da, 17:00etan. Hiru ordu geroago, berriz, AHTren aukako elkarretaratzea. Ordu berean, dantzaldia hasiko da Jalisco Band dantzarekin. Bezperan hasi bezala bukatuko dute urdiandarrek, jaten, edaten eta dantzatzen. Gaueko hamarretan herri afaria dute. Sagardotegiko menua janen dute. Ateri bada, herriko plazan afalduko dute; eta erasotzen badio, berriz, pilotalekuan.

Bihar, jaien egun nagusia ospatuko dute urdiaindarrek, eta San Pedro baselizara erromeria eginen dute. Han ospatuko dute San Pedro jaietako elizkizun nagusia. Udalbatza, txistulariak eta apaiza oinez jaitsiko dira baselizara. Meza bukatu eta gero, herri bazkaria prestatuko dute, han bertan. Herritarrek beraiek eramaten dituzte janaria, edaria, mahaiak eta aulkiak. Bazkaria hasteko tenorea dela jakinarazteko suziria botako dute, eta herritarrek jateari ekinen diote. Otordua amaitzeko, Udalak erretzaileentzat puroak banatuko ditu.

Bazkalondoan, 17:30ean, otordua jaisteko aukera izanen dute herritarrek. Alkateak Urdiaingo zortzikoa dantzatuko du. Alkate- edo mutil-dantzaren pauso batzuk ezberdinak dira herrian, eta neskek ere parte hartzen dute. Zortzi mutil ateratzen dira dantzara, baina bakarrik alkateak dantzatzen du, zeina aurrean joan ohi baita. Gainontzeko gizonak binaka joaten zaizkio segika, eta bi azkenek bilatzen dituzte neskak, ondoren bikoteka dantza egiteko. Zortzikoa, jota eta porrusalda bana dantzatuz bukatzen dute. Dantzaren erdian, ardoa banatzen diete mutilei, eta haiek neskei eskaintzen diete.

Dantza amaituta, 19:00etan, baselizan Salbea entzun eta gero, herrira itzuliko dira dantzan jarraitzera. Izan ere, 20:00etan dantzaldia baitute Milenium taldearekin herriko plazan. Bi ordu geroago haurrentzat zezensuzkoa eginen da, eta gauerdian dantzaldia hasiko da, berriro ere, Milenium taldearekin.

Festarako gogoa asetu ez duenak, hurrengo hiru egunetan badu parrandan gozatzeko aukera. Etzi, bestalde, gosaltzen hasiko dute festa urdiaindarrek. Gosaria 10:00etan eginen dute alondegian Tintiniturri elkarteak eskainia.

Erretiroa hartutakoek euren eguna ospatuko dute. 12:00etan meza nagusia dute, eta, ondoren, 14:30ean Jubilatuen bazkaria pilotalekuan, Coctel latino taldeak alaituta.

 

############

 

Egitaraua

GAUR

12:00. Etxafuegoa.

17:00. Haur kategoriako txirrindularitza lasterketa.

20:00. AHTren aurkako elkarretaratzea.

20:00. Dantzaldia Jalisco Band taldearekin.

22:00. Euskal presoen aldeko Txotx! afaria.

00:30. Dantzaldia.

BIHAR

10:00. Erromeria San Pedrora.

12:00. San Pedron meza.

14:00. Bazkaria.

17:00. Zortzikoa.

19:00. Salbea izango da baselizan.

20:00. Dantzaldia Milenium taldearekin.

22:00. Zezensuzkoa.

00:30. Dantzaldia.

ETZI

10:00. Gosaria izango da alondegian.

12:00. Meza nagusia.

13:00. Cocktel Latino taldea.

14:30. Jubilatuen bazkaria.

15:00. Bildots bazkaria.

18:30. Haurrendako Gorriti eta bere animaliak.

20:00. Dantzaldia Joselu Anaiak taldearekin.

00:30. Dantzaldia.

Dokumentuaren akzioak