Dokumentuaren akzioak
Bost dantza, bost ikerlari eta saiakera bana
Ablitasko makil-dantza
Mikel Aranburu Euskal Herriko Txistulari Elkarteko lehendakaria hegoaldeko mugara hurbildu da, Ablitasko makil-dantza aztertzera.
Errosarioko Ama Birjinari eskaini ohi zaion dantza berriki berreskuratu dute bertakoek. Makil-dantza honen ezaugarriak azaltzeaz gain, Aranburuk, adibide honen bidez, tradizioa berreskuratzean tradizio horrek jasan ditzakeen berrikuntza mekanismoak ditu aztergai, baita izaera kolektiboaren indartzean tradizio hauek duten eragina ere
Lanestosako festa eta dantzak
Bizkaiko mendebaldeko mugara joan zaigu «Dantzariak» aldizkariko erredakzioko kide den Emilio Xabier Dueñas bere azterketa burutzeko. Lanestosa herriko zein Bizkaiko mugaz bestaldeko, hots, Santander ekialdeko dantzak ikertu ditu, bi zonaldeetan konpartitzen diren dantza tradizionalen antolaketa, hedapena eta ezaugarriak eskaintzeko.
Dantzaren esparrura mugatu gabe, musika eta oro har festen inguruko informazio ugari bildu du Dueñasek liburuaren bigarren atal honetan
Zuberoako Maskaradak
Iparrekialdeko muga, Zuberoa beraz, hautatu du Kepa Fernandez de Larrinoa EHUko Antropologia irakasleak bere ikerketarako.
Maskaradaren ezaugarri, egitura, hedapen eta interpretazio desberdinen azterketa bitarteko, egileak dantza, festa eta gizartearen arteko harremanak zeintzuk diren zehazten ditu. Bere saiakeraren lehen zatian Ferandez de Larrinoak gehienbat dantzaren barne egiturari erreparatzen dion bitartean, bigarren zatian alderdi geografikoak aztertzen ditu batez ere
Dantza eta kultur izaera Errioxan
Ebro Garaiko muga gainditu eta Errioxako dantzen inguruan dihardu Jose Antonio Quijera Eusko Ikaskuntzako folklore saileko lehendakariak liburuaren laugarren saiakeran. Bertako dantzaren musika, hitz, koreografia, mito eta ereduen ezaugarriak xehe azaltzeaz gain, aldaketa sozialek dantzan duten eragina ere aztertu du Quijerak bere lanean.
Horren guztiaren bitartez, Errioxan egiten diren dantzek bertako izaera kulturalaren erakusgarri ote direnentz hausnartzen du ikerlariak
Iraganeko San Ferminak
Gainontzeko egileek egungo lekuko etnografikoei begira jardun duten bitartean, Jesus Ramos ikerlariak XVII eta XVIII. mendetako dokumentaziora jo du. Eta besteak Euskal Herriko kanpoko mugetara hurbildu diren bitartean, azken honek barne muga batean kokatu du bere ikerlana, Erribera eta Mendialdearen arteko mugan, Iruñean.
San Ferminetako dantzetan bederen, barne muga hori, muga baino bi errealitateen arteko zubi izan zela azaldu du Ramosek bere atalean
Dokumentuaren akzioak