Dokumentuaren akzioak
Bosgarren 8x15í
Euskal koreografo gazteen V. erakusketa (I)
Donostian abiatu da euskal koreografo gazteen urteroko erakustaldia. Aurten bosgarren ekitaldia da. Pieza bakoitzak hamabost minutu iraun dezake gehienez, eta guztira zortzi lan izan dira, bi emanalditan banatuta.
Jorge Jauregiren Hemen izenekoa, Egiako Kultur Etxeko goiko terrazan izan zen, kale giroan, Borja Ramos musika elektronikoaz arduratzen zela. Bertara ailegatu ginenerako neska bat zegoen behean etzanda argi baten pean, baina baziren mutil dantzari bi ere, haietariko bat makurtuta eta bestea zutik. Hiru jarrera ezberdin, beraz, eta hiru alkandora kolore ezberdin bakoitzaren berariazkotasuna nabarmentzeko.
Kaleko jendea gertakizunaz gozatzera hurbildu zenean hasi ziren horma batean proiektatzen edozein hiritako oinezkoen irudiak, kamara geldoan. Hiru dantzariek kaleko jendearen jarrerak erakusten zituzten, eta beste bien esparru fisikoa okupatzen jolasten zuten jauzi luzeen eta bat-bateko geldialdien bidez, azkenean publikoarekin ere jolasteko ukitzerik gabeko hurbiltze estu-estuak burutuz.
Bideo irudi eragingarriak
Areto barruko emanaldia Iratxe Aranak sortutako bideoarekin hasi zen. Ezbaiko Lekuak deritzon lana Bilboarte gunearen barrunbe modernoak baina hotzak eta inpertsonalak erakusten dizkigu, bertan dantzariaren bizipen soilak era intimistan azaltzen direla. Agian dantzaren lengoaiari ez dio ekarpen berezirik egiten, baina soinuaren biluztasunak, arkitekturari ateratako etekinak eta irudien muntaiak zirraraz betetzen dute sortzaile honen bideoa.
Maria Martinek eta Judit Ruizek sortu dute Metro. Izenburuak dioen moduan, hiri baten metrotik mugitzen dira diskoteka jantziekin doazen lau neska eta kaleko arropa daraman mutil bat ageri dira emanaldi honetan. Piezaren unerik inspiratuenak Mobyren Porcelain kantarekin datoz beharbada, baina lanari oro har gehiegizko adierazkortasuna dario, patinaje artistiko edota balet klasikoaren antzera, eta mugimenduak erabat atxikita doaz musikaren inflexioetara, dantzaren zeregina gorputz erakustaldi sinplera mugatzen delarik.
Igor Calongeren Na/die cree/ce oso ondo hasi zen, lore eta landare irudiak geldiro mugitzen zen neska baten gainean proiektatuz Ne me quitte pas kantaren bertsio eder bat entzuten zen bitartean. Baina jarraian etorri zenak erabat ezeztatu zuen hasieran ikusitakoa, eta hitzei emandako garrantziak nekez estaltzen zuen dantzaren hutsaltasuna. Muntaiak, bestalde, hutsarte batzuk ditu (ezer barik igarotzen den tarte tekniko bat barne) eta ez ditu elkarrekin lotzen erruz erabilitako elementuak, hala nola berbaldi zentzugabeak, jantzien potentziala eta pailazo sudurrak.
Idoia Zabaletaren inprobisazio estiloa
Espero zitekeen moduan, Idoia Zabaletaren Chance dantza pieza izan zen gaueko emanaldirik onena. Ibilbide oparoko gazteak bere estilo onduarekin bat datorren inprobisazio tankerako saio bat prestatu du, eta Egiako emanaldian Enric Fabregas katalanak dantzatu zuen obra. Berriz ere Borja Ramos zegoen taula gainean, baina oraingoan soinu abstraktu eta latzak ateratzen zizkion gitarra elektriko bati, oinutsik eta pijama marradun batez jantzita zebilen Fabregasek mugimendu ezin landuagoei ekiten zien bitartean.
Amesgaizto kutsuko koreografia honetan nabarmentzekoa da mugimenduaren aberastasuna, gorputz atal guztien malgutasunean eta probabilitate gutxiko ibilbide zein jarrera estatikoetan igartzen dena, eta berari esker dastatu ahal izan zuten ikusleek goi mailako dantzaren zaporea.
Dokumentuaren akzioak