Dokumentuaren akzioak
Bosgarren 8x15 (II)
Euskal koreografo gazteen V. erakusketa (bigarren atala)
Basauriko Sozial Antzokian izan da Euskal Koreografo Gazteen aurtengo emanaldiaren bigarren emanaldia, baina, jarraian ikusiko dugun moduan, lan batzuek nekez gaindi lezakete gutxieneko kalitatearen muga.
Natalia Mongek aurkeztutako piezatik nik neuk ez nuke une bakar bat ere salbatuko, mezu antimilitaristaren aitzakiak eta piezari emandako pantomima kutsuak ezin dituelako inolaz ere estali lanaren eskandaluzko gabeziak, ageri-agerikoak direnak material eszeniko, argiztapen, diseinu koreografiko, mugimendu, eta beste hainbat arlotan. Izan ere, guztiz onuragarriak izan daitezke mugimenduaren lengoaiatik urruntzen diren lanak, betiere ikerketaren bidetik baldin badoaz, baina honako hau antzerki argumentu baten ildotik doa, antzerki teknika bat bera ere menperatu barik.
Gaueko bigarren saioa Anacardas izeneko hirukotearen esku etorri zen, eta emaitza apur bat hobea izan bazen ere garbi dago General Elèctrica dantza-konpainia katalanaren estiloaren ildo beretik ibili direla. Esandako konpainiaren zuzendariak mundu mailako sari bat lortu zuen Seine-Saint Denisen (Frantzian) beren lanetariko batekin, eta orain dela bi urte Egiako Gasteszenan konpainia hartako hiru neskak ikusi zenituztenok déjà-vu delako sentsazio saihestezina izango duzue Anacardaseko hirurak ikustean, haietariko baten bizipenak entzutean eta, bereziki, lanaren estetika zapal eta probokatzaileaz jabetzean.
Barne koherentzia azken bi lanetan
Isidro Zapateroren pieza betiko dantza garaikidearen parametroetan geratu bazen ere, kutsu onirikoko lan borobila eskaini zigun, obraren alde artistiko guztiak duintasunez zainduz. Beraien artean aipatzekoak dira Borja Ramosen soinu-banda ilun eta artegagarria eta Javi Ullaren argiztapena agian apainduegia izan arren. Era berean, aipatzekoak dira lan honetan Izaskun Santamariaren eta koreografoaren arteko mugimendu adostasuna eta bien maila artistiko onargarria, Isidroren gaitasun akrobatikoan ageriagoan geratzen dena.
Amaitzeko, Nerea Urbietaren koreografia etorri zen, eta berriro ere eskertu genituen elementuen arteko elkartasuna eta piezaren zintzotasuna. Esku-programak dioenez, Nerea bera eta Saioa Ibañez egon ziren taula gainean. Biek ala biek dantzatu zuten garbitasun nabaria eta keinu ekonomia erakutsiz, eta nahiko eragingarria izan zen argi, itzal, gorputz, mugimendu dotore eta gelditasunaren arteko elkarreragina.
Amaitzeko, aurtengo zein beste urteotako emaitza orokorrak ikusita, nik ekimenaren arduraduna banintz, eta ez dut ez ahal ez nahi izan urte batzuen epean bertan behera utziko nituzke emanaldiok eta, tartean, esate baterako, dirulaguntzak balizko koreografoen heziketara bideratuko nituzke dantza ikastaro trinkoak antolatuz eta atzerrian egonaldiak erraztuz, gure dantzari gazteek munduko koreografo sendoen jakituriatik zertxobait ikasteko posibilitatea izan zezaten.
Dokumentuaren akzioak