Dokumentuaren akzioak
Bortz eguneko festa
Remigio Lizasoain zinegotziak eta Elizondoko txistulariek botako dute gaur suziria Udaleko balkoitik, 12:00etan
Gaur eguerdian hasiko dira Elizondoko santiagoak (Nafarroa). Bost egunez, herrikoek zein kanpotarrek jaia egiteko aukera ezin hobea izanen dute. Udaletxeko balkoitik botatzen den suziria Remigio Lizasoain Nafarroa Baiko Baztango zinegotziak piztuko du, herriko txistulariekin batera. Behin festa hasita, Elizondoko zinpeko alkateak, Rafael Olaizolak, herriko urrezko ikurra emanen die herriaren alde egin duten lana eskertzeko. Lizasoain herriarekin zerikusirik duten gai guztietan laguntzaile porrokatua izan da, eta Elizondoko zinpeko alkate ere izan zen duela urte franko. Egun, erretiroa hartua duen arren, Baztango Udaleko zinegotzia ere bada. Aldi berean, herriko txistulariei esker ona adieraziko diete ekitaldian. Herriarentzat, edozein ekitalditan, txistua jotzeko beti prest. Taldea osatzen duten Agustin Eraso, Jesus Bailon, Asier Viela eta Jaime Viguria omenduko dituzte, baita taldeko kide izandako Juanjo Iturzaeta eta Fernando Leiza ere. Omenaldia bukatutakoan, herritarrek baztanzopak dastatzeko aukera izanen dute herriko plazan, doan eta ardoz lagundurik. Los incansables txarangak, txistulariek eta gaiteroek musikarekin alaituko dute ekitaldia. Hori bukatutakoan, Erraldoien eta Buruhandien konpartsa herriko kaleetan barna ibiliko da.
Arratsaldean, aldiz, 16:00etatik aurrera, haurren Elizondoko herria margo lehiaketa eginen da. Ondotik parte-hartzaileak arratsaldekoa egitera gonbidatuko dituzte. Hiru ordu geroago, karrikadantza eginen da. Elizondoko zinpeko alkatea, gonbidatu eta udalbatzarekin batera, Herriko Etxetik aterako da eta Santiagoko elizara joanen dira han salbea entzuteko. Ibilbidea animatzeko, ardo goxoa eta pastak ausarki izanen dira. Ondoren, elizan bertan, Elizondoko Koralak kantaldia eskainiko du, Isabel Lakarraren zuzendaritzapean. Festen lehenengo egunari errematea Jalisko Band taldeak emanen dio, Foruen Plazan dantzaldia eskainiko du.
Santiagoen egun handia izanen da bihar. Goizean goizetik hasiko da parranda txistularien eta gaiteroen soinuekin. Ordu eta erdi geroago meza nagusia izanen da, eta ondoren, Erraldoien eta Buruhandien konpartsa Elizondoko kaleetan ibiliko da. Urtero legez, Elizondoko zinpeko alkateak gonbidatuta, Baztan Ibarra osatzen duten hamabost herrietako alkateek eta udaletako ordezkariek anaitasun bazkaria eginen dute, 14:00etan. Gau partean, 22:00etan, mutil-dantzak dantzatuko dira Foruen Plazan.
Mutil-dantzak egunero
Festek irauten duten hurrengo lau egunetan, Elizondoko plazan bat eginen dute herritarrek. Txistularia txistua jotzen hasiko da, eta gizonak aterako dira plazaren erdira. Felix Mena, 60 urtetik goitik mutil-dantzak dantzatzen dabilen herritarrak hasiko du martxa, eta bere atzetik gizon saila mutil-dantzen erritmora mugituko da. Horrela eginen dute uztailaren 28a bitartean, egunero, 22:00etan. Aurten dantza egitera emakumerik aterako den ezin jakin. Duela bi urteko festetan emakume talde bat sartu zen plazan eta dantzatzen hasi, baina txistulariak musika eten egin zuen eta gizonek dantzatzeari utzi zioten eta alde egin zuten. Betiko tradizioa mutil-dantzak gizonezkoek bakarrik dantzatzea izan dela argudiatu zuten orduan herrian dantzatzera ateratzen zirenek.
Eztabaidak-eztabaida, hurrengo lau egunetan haur, gazte, heldu eta adinduentzat hamaika ekitaldi daude: musika, pilota partidak, jotak eta pailazoak besteak beste.
Remigio Lizasoain Nafarroa Baiko zinegotzia
«Mutil-dantzak ez huts egitea gomendatuko nuke»
I. Arrizurieta Elizondo
Remigio Lizasoain Nafarroa Baiko Baztango zinegotziak botako du gaur Elizondoko santiagoei hasiera emango dien suziria. Urtetan herriaren eta ibarraren alde egin duen lana saritu nahi dute ekitaldian. Festetan lasai ibiliko dela dio eta mutil-dantzara ez huts egiteko gomendioa egin du.
Txupina botako duzu gaur. Urduri al zaude?
Ez, lasai nago. Elizondoko zinpeko alkate izan nintzen orain dela 26 urte eta orduan ere bota nuen.
Beraz, denbora asko daramazu Udalean lanean?
Bai, urte asko, 1987. urtetik aritu naiz zinegotzi ibarrean. Legegintzaldi batean huts egin nuen, baina bestela beti ibili naiz udalean lanean.
Suziria piztu, bota eta gero zer eginen duzu?
Etxera joanen naiz eta familiarekin bazkalduko dut. Bazkaldu ondoren, gogoa badut, buelta bat ematera aterako naiz.
Udaletxekoek ez duzue hamabitakoa edo bazkaririk egiten?
Ez. Txupinazo egunean ez. Udalbatzaren bazkaria uztailaren 25ean izaten da.
Santiagoetatik zer da gehien gustatzen zaizuna?
Badira mariatxiak plazan eta pilota partidak frontoian. Horiek asko maite ditut.
Beste herriren batetik lehenengo aldiz Elizondoko festetara datorrenari zer ekitalditara ez huts egiteko gomendatuko zenioke?
Mutil-dantzak ikustera joateko esanen nioke, zalantzarik gabe. Gaur dantzatuko dira lehenengoz, eta gero egunero arratseko hamarretan.
Zu ateratzen al zara mutil-dantza dantzatzera?
Ez, nire aitatxi, Remigio Lizasoain, orain dela urte bat arte poliki ateratzen zen. Aitatxik Elizondoko mutil guztiei erakutsi zien mutil-dantzak dantzatzen, baina ilobek ez dakizkigu dantzatzen.
Emakumezkoak aterako al dira aurten mutil-dantzak dantzatzera plazara?
Ez dakit. Beste urte batzuetan saiatu dira ateratzen, baina aurten ez dakit asmorik baduten. Baina ateratzen badira jada ez da mutil-dantza izanen. Izanen zen neska-dantza.
Horrekin izan da eztabaida herrian. Mutil-dantza gizonezkoek bakarrik dantzatu behar dutela diote batzuek. Zuri zer iruditzen zaizu?
Ez zait sobera ongi iruditzen, zeren orduan ez zen mutil-dantza izanen. Ateratzen badira ez zait inporta, baina nahiago dut bakarrik mutilak aritzen badira dantza horretan.
Elizondoko zinpeko alkate ere izana zara. Zein izan zen zure lana?
Herriaren eta Udalaren artean bitartekari lana egiten du zinpeko alkateak. Herriko mutila da, denetarik egiten du. Bi urte egon nintzen eta lan gogorra zen. Etxez etxe dirua eskatzen hasi ginen herrian gauzak egiteko. Orain auzolanean egiten dira gauzak eta diru sarrerak bankutik, baina garai hartan ez zen horrelakorik.
Orain Nafarroa Baiko zinegotzi zara Baztango Udalean.
Bost hilabete daramat gaixoaldian. Batzarretara bakarrik agertzen naiz. Kasu pixka bat egin behar diot neure buruari. Hestegorri minbizia izan dut eta iduri du sendatu dela. Arrunt gaizki egon naiz. Ez nuen solasik egiten ahal. Herri Lanak kudeatzen ditut. Baztan handia da, eta baserrietako bideak egoki mantentzea da lan gehien ematen duena.
Dokumentuaren akzioak