Dokumentuaren akzioak
Bordaren olerkiak kantatu, dantzatu eta musikatuak
«Hautsak errautsa bezain» liburuko poemekin ikusgarri bat egin du Axiarik
Hautsak errautsa bezain Itxaro Borda idazlearen olerki liburuan oinarrituriko ikusgarria emanen dute, bihar, Bi Harriz Lau Xori Biarrizko kultur astearen karietara. Kantua, musika eta dantza elkartuko dira, izan ere, Beñat Axiari kantariak bultzaturiko sorkuntza berri horretan.
Azken horrek adierazi zuen: «Luzien Etxezaharretak eman zigun Itxaro Bordaren testuak lantzeko ideia. Itxaro Bordak olerkietan berreraikitze baten istorioa aipatzen du. Guk ideia hori berriz hartu dugu ikusgarria egiteko».
Hautsak errautsa bezain olerki liburuan, idazleak ibaiarekin eta Li Po VIII. mendeko olerkari txinatarrarekin elkarrizketa batzuk izaten dituela azaldu zuen kantariak. «Bizitza berregiten saiatzen da olerki horietan», argitu zuen. Olerki horiei guztiei bizitasun bat eman nahi izan die kantariak beste zazpi artistarekin batera sorkuntza berezia eginez. Hori dela-eta, ikusgarrian olerkiak frantsesez eta euskaraz kontatu eta abestuko dituztela adierazi zuen.
«Olerkian, gauza oso intimoak adierazten ditu idazleak. Transformazioaren metafora asko baliatzen du. Ikuspegi hori interesgarria iruditu zaigu. Baina, aldi berean, ikusgarrian baikortasun handia ematen saiatu gara, esperantza eta berreraikitze prozesua aipatzen baititu», azaldu zuen berriz kantariak.
Bat-batekotasuna
Beñat Axiari kantariarekin, Flora Thefain Togoko dantzaria, Philippe de Ezkurra akordeoi-jotzailea, Didier Lasserre bateria-jotzailea eta Pierre Vissler elektro-akustika egilea arituko dira bihar gauean, arratseko bederatzietan, Casinoko aretoan. «Errobiko jaialdian ezagutu nuen Flora Thefain, eta ondotik, Hartzaro jaialdira etorri zen dantzatzera. Asko gustatzen zitzaizkion Itxaro Bordaren olerkiak, eta horregatik, gogotik parte hartu du ikuskizunean», argitu zuen Axiarik.
Halere, ikusgarria ez da Itxaro Bordaren olerkien itzulpen artistiko hutsa izanen, zazpi artistek beren esperientzia barneratu baitute Hautsak errautsa bezain obran. Alde horretatik, ikusgarria eman ahala bat-batekotasunari lekua eginen diotela adierazi zuten. «Obraren egitura finkatu dugu. Baina sorkuntzari hedatzeko aukera eman nahi izan diogu egituratu gabeko mementoak atxikita», erran zuen.
Ikuskizun guztia filmatuko dutela jakinarazi zuten artistek. «Film horren bidez, ikusgarria kanpoaldean erakutsi nahi dugu», azaldu zuen azkenik.
Dokumentuaren akzioak