Dokumentuaren akzioak
Bollywood, gero eta gertuago
Indiako musika eta dantza arrakastatsuena heldu da Gasteizera; Gisela Ruedak ematen ditu eskolak
Bollywoodeko filmen batean parte hartzea du amets Ruedak. Oraindik ez
ditu zapaldu Indiako agertokiak, baina sobera ezagutzen ditu hango
dantzak. Besteak beste, Rosa Inches izan du irakasle, Bollywoodeko
hainbat filmetan parte hartu duen dantzaria, eta handik heldutako
guztia irakurri eta ikusten du. «Egia esan, oraindik aukera gutxi
daukagu hemen hango filmak ikusteko, baina pentsatzen dut gero eta
gehiago iritsiko direla». Dantzarako behar duen materiala erosi eta
pelikulak ikusteko Madrilera joaten da maiz. «Indiako komunitate handia
dago Lavapies auzoan, eta materiala lortzeko ere denda ugari».
Bollywoodeko zinema jaialdia ere bertan antolatzen dute.
Duela hamar urte heldu zen Kolonbiatik Gasteizera Rueda, eta
dantza eskola zabaldu zuen bertan. Hainbat estilo irakasten dituen
arren, Bollywoodekoa du gustukoen. «Erritmo bizikoa da, eta berehala
harrapatzen zaitu. Estilo nahiko zabala dela esan daiteke, funkya eta
beste hainbat erritmo tartekatzen dituena».
Bollywoodeko filmak ere izugarri gogoko ditu Ruedak,
ingurukoetara ohituta «erabat ezberdinak» direla gogoratu arren.
«Bertako zinemak zerikusi gutxi dauka Bollywoodetik datorrenarekin,
eta, horregatik, beharbada, arrotza egiten zaigu». Musikak eta dantzak
lotutako istorioak dira; film berean genero ezberdinak egon daitezke.
«Istorio gogorrenak ere samurtu egiten dituzte filmek».
Freskagarri ezagun baten iragarkiak ospetsu egin zituen hemen
Indiako erritmoak, eta, geroztik, errepikatu egin dira arrakasta
bilatzeko saioak. Ez emaitza berarekin, ordea. Ehunka lagunen aktore
lanak, dantza koreografia perfektuek eta arropa koloretsuenek ez
dituzte berenagatu hemengo ikusleak, oraingoz. «Hona apurrak baino ez
dira heltzen, baina pentsatzen dut denborarekin hango estiloa
barneratuz joango garela, eta bere lekutxoa izango duela hemen ere».
Indian hamabi milioi lagun joaten dira egunero zinema aretoetara, eta
bada hamar urtez jarraian ikusi ahal izan den filmik ere. «Dantza eta
musika barrutik bizi dute, eta filmak horren isla dira».
Indiako erritmora
Gasteizen dantzari talde txikia du Ruedak, gizonezko bakarra
tartean. «Egia da ekialdeko dantzak emakumearekin lotu izan ditugula
beti, baina hauek edozeinek dantzatzeko modukoak dira». Lotsa etxean
utzi, eta aldakak astintzera biltzen dira astean birritan. «Ezagutzen
ditudan dantza guztien artean, honek ematen dio garrantzi handiena
keinuari». Izan ere, Ruedak azaldu moduan, aurpegi eta eskuen laguntzaz
hamaika irudi egin behar ditu dantzariak, istorioa osatuz joateko.
«Jarraitzeko erraza da, teknika samurra du, eta, gainera, musika biziak
asko laguntzen du, baina baditu ikasi beharreko jarrera zorrotzak ere».
Ruedaren arabera, «collage» handi bat da Bollywood. «Hainbat
estilo, kolore eta istorio batzen dituen margolana da. Arraroa hasiera
batean, baina harrapatzen zaituena».
Euskal Herrian Bollywood dantza saio gutxi izaten dira, baina
agertzen hasiak dira, gutxinaka. Datorren asteburuan, esaterako,
erakustaldia izango dute Lizarrara joaten direnek.
Lollywood, arriskuan
Bollywooden antzera, indartsu dator Lollywood ere, Pakistango
zinema komertziala. Dantza biziek arrakastatsu egin dute Lahore gune
duen zinema industria ere, Mujra dantzari esker. Ez da guztien gustuko,
ordea. Izan ere, Punjabeko Auzitegi Gorenak Mujra debekatzea erabaki
du, «sexualki esplizituegia» delakoan. Artistek neurria «talibana» dela
adierazi dute, eta laurehun urte baino gehiagoko dantza «arrisku
bizian» jarri duela salatu dute. Erabakiaren inguruan, greba amaigabea
hasi dute dantzariek.
Grebak eragindako zalaparta dela eta, epaileek debekua bertan
behera utzi dute, baina dantzatzeko garaian artistek «gorputza
estaltzeko» eskatu diete. Dantzariek ez dute baldintza onartu,
«dantzaren beraren kontrako erabakia» delakoan. Lahoreko antzokiek,
bien bitartean, hutsik jarraitzen dute.
Dokumentuaren akzioak