Dokumentuaren akzioak
Boiseko dantzariak Bizkaian
Galdakaoko Andra Mari taldeak gonbidatuta etorri da Oinkari taldea Euskal Herrira, Idahotik.
Irailaren 10ean etorri ziren Oinkari taldeko 35 bat lagun Bizkaira. Hainbat herritan izan dituzte emanaldiak. Galdakaon ez ezik, Durangon, Markina-Xemeinen, Sopelan eta Gernikan. Atzo izan zuten azkena. Galdakaon hori ere. Batzuk gaur -hilak 19- itzuliko dira Boisera. Beste batzuk, berriz, hil honen amaieran joango dira, Euskal Herriko herri batzuk ezagutu eta familiakoak bisitatu ostean.
Pozik etorri dira Euskal Herrira. «Oso garrantzitsua da guretzat hona etortzea; beharrezkoa da euskal dantza taldeekin hartu-emanak izatea, ikasteko...». Euskaraz egin zigun Jin Aldape dantzariak (Boise, 1976); Amaia Biainek ere bai (Boise, 1979). Larunbateko emanaldia hasi baino lehen izan ginen beraiekin berbetan. «Dantza taldean 70 bat lagun gara eta hamarren batek dakigu euskaraz». Bitxia bada ere, Euskal Herrian ezagutu zuten elkar Jin Aldapek eta Amaia Biainek: euskaltegian. «Eta Jini esker sartu nintzen ni Oinkarin, orain dela sei bat urte». Jin Aldape, ostera, umetatik dabil dantza taldean.
Ospe handia du Oinkarik. AEBetan dagoen euskal dantza talderik prestigiotsuenetakoa da. Dantza emanaldi asko izaten dituzte. «Idahora etortzen diren askok nahi izaten dute euskal komunitatea ezagutu, eta gure dantzak, musika...». Baina Idahotik kanpo ere hainbat saio izaten dituzte. Hala, Seatle, Spokane, New York eta Montrealeko nazioarteko jaialdietan izan dira, besteak beste. Euskal etxeek gonbidatuta ere ospakizun askotara joaten dira. Euskal Herrian ere izan dira arinago. Azkenengoz, 2003an, Gipuzkoan, Añorgan. Aurten, baina, Jimmy Jausoro barik etorri dira Bizkaira. 2004an hil zen eskusoinu jotzaile historikoa, 83 urterekin. Bidaia guztietan lagundu zion taldeari.
HISTORIA LUZEA DU OINKARIK. Boisera joandako euskaldunek sortu zuten, 1960an. Haien seme-alaben seme-alabak dira gaur egun taldeko kideak. euskal jatorrikoak. «Euskal komunitateko tradizioari eusteko sortu zuten Oinkari, eta hori da, gaur egun ere, helburua». Osasuntsu ikusten dute taldearen etorkizuna. «Lagun asko gara, eta gustura elkartzen gara, umore onez». Igandero egiten dituzte entseguak. «Ia hutsik egin gabe elkartzen gara». Agerian utzi dute Bizkaiko biran. Larunbatean igartzen zen ondo egin gura zutela. Gogotsu zebiltzan prestatzen: janzten, berotze ariketak egiten, pausoak praktikatzen... Itxura batean, lasai zeuden. «Lehenengo saioan izaten dira urduritasunak, baina gero joan egiten dira, normalean», bota zuen irribarretsu Biainek.
Oilo ipurdia jartzeko moduko erakustaldia egin zuten Galdakaon. Saioa hasi orduko, euren burua aurkeztu zuten. Txistularia arduratu zen zeregin horretaz. Nahikoa izan zen haren berbak euskaraz entzutea makina bat jende hunkitu eta txaloka hasteko. Pandero jotzailea eta trikitilaria izan zituen alboan. Hirurak arduratu ziren Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat dantzari doinua jartzeaz. Segida-segidan jo zituzten dantzak. Ia arnasarik hartzeko asti barik lotu zituzten aurreskua, arku-dantza, sagar-dantza, launakoa, agintariena... Igarri barik joan zen ordu erdia. Baina nahikoa izan zen ikusleen barrua berotu eta kanpoan botatzen zuen euria ahazteko. Jai giroan jarraitu zuten eguna, herri bazkariarekin.
Dokumentuaren akzioak