BLV-ART Jaialdiak kulturaren epizentroa bihurtuko du apirilaren 3tik 13ra Bilbo zaharra aldea. Bere programazioan, antzerki fisikoari, arte biziei, dantzari eta ikus-entzunezko instalazioei buruzko hogei proposamen inguru bilduko ditu. Aurten parte hartuko duten artistak Euskal Herritik, Nafarroatik eta Galiziatik datoz.
BLV-ARTen bidez, Bilbo Zaharrean aurkeztu dira diziplina guztietako arte-proposamen berritzaileenak, eta, horrela, kulturaren bidez, bilbotarrei eta bisitariei auzoaren kultura-interes zabala ezagutaraztea lortu da. Aurten, bertako hainbat espaziotan sorkuntza artistikoko formatu berriak erakutsiko dira, eta aldi berean, ekimen eszeniko berritzaileez gozatzeko interesa duten guztientzat topagune bilakatuko da.
Berreginen Museoa, Bilborock, Kremlin Aretoa eta San Frantziskoko Udaltegia izango dira Jaialdiaren hamasei ekitaldiak hartuko dituzten egoitzak.
Hortaz, apirilaren 3tik 13ra, ikusleek antzerkia, dantza, performance-ak eta ikus-entzunezko ekimenak izango dituzte ikusgai, belaunaldi berriko artisten eta jada esperientzia duten beste batzuen eskutik, hala nola Macarena Recuerda, Metrokoadroka, Altraste Danza, Eva Guerrero edo Proyecto Larrua.
Programazioan euskarazko jarduerak eta ikuskizunak ere nabarmentzen dira. Esate baterako, Gaizka Chamizoren antzerki-zirkukoa (hilaren 4an, Berreginen Museoan); Metrokoadrokaren Artxibo biluzia hitzaldi performatiboa (hilaren 12an, Bilborocken) eta Macarena Recuerda Sheperden Pelikula bat balitz (hilaren 13an, Bilborocken).
Diogun moduan, BLV-ART gaur berton abiatuko da 19:00etan, Berreginen Museoan, Proyecto Larruak egingo duen Sangre y Klorofila saioarekin. “Espazio ez-konbentzionaletarako dantza garaikideko pieza bat da. Vicente Ameztoy margolariaren obran oinarritzen da eta paisaiaren, lurraren eta gure nortasunaren arteko harremanaz hausnartu nahi du”. 19:15ean, toki berean, Cia Eva Guerrerok Entre cuerpos egingo du. “Obraren abiapuntua da inorena ez den lurralde bat ez dela ezein herrialde edo pertsonarena, zeren eta, norena da gorputza?”. Eta azkenik, 20:00etan eta 20:30ean, Bilborocken, dantza-proiekzio analogikoak egingo dira Itzalekin dantzan titulupean. “Dantza eta proiekzio analogikoak konbinatzen dituen diziplinarteko irudikapena, existentziaren izaera duala sinbolizatzen duten tentsio globalak islatzeko eta bizitzan aurki ditzakegun mugei buruzko hausnarketa eragiteko”.
Egun guztietako hitzorduak kontsultatzeko: BLV-ART