Maitasuna pasionatua eta tragikoa izan daitekeela erakutsi nahi duzu Dido eta Eneas balletaren bidez?
Henri Purcellen opera ezagunetik dator nire obra. Opera bizia eta laburra da, eta maitasun istorio dramatikoa kontatzen du. Bertako pertsonaien emozioak landu nahi izan ditut. Erakutsi nahi izan dut bizitzan emozio azkarrek nola hartzen gaituzten, nola emozioek gure bizitzaren bidea alda dezaketen erabat, muturreko egoera bat bizitu artio batzuetan. Azkenaldian munduan emozioak anitz aldatzen diren arren, uste dut emozioak ez direla desagertzen.
Gure gizarteko gertakariekin konpara liteke balleta? Zein da zure interpretazioa?
Dido Kartagoko erregina da, eta Eneas, berriz, Troiatik ihesi Didoren gazteluan errefuxiaturiko heroia. Biak elkar ezagutzen dutelarik, aitzinetik idatzia zuten patua hausten da, pasioak eta maitasunak patutik ateratzen baititu tarte batez. Egoera arras dramatikoa bilakatuko da, Eneas konbentzitua baita Dido utzi behar duela nahiz biak elkar maite. Ez du sentitzen duena egiten, eta irudi faltsu bat eraikitzen du. Gure gizartean ere hori gertatzen da. Jendeek eraikitzen duten irudi faltsuan preso egoteak egoera dramatikoak eragin ditzake.
Balletaren errepika publikoan ageri zen dantzari bakoitzak bere nortasun propioa zuela, nahiz elkarrekin dantzatu.
Nortasun handiko dantzariak hautatu behar dira horretarako, egiazko interpreteak izan behar dira. Denak elkarrekin ematean talde indarra eraikitzen dute, orotariko interpretazioak landuz: hori da biziki maite dudana dantzan.
«Dantzariak elkarrekin ematean talde indarra eraikitzen dute, orotariko interpretazioak landuz: hori da biziki maite dudana dantzan»
Beraz, zure estilo artistikoa sendoa eta azkarra da?
Erran dezagun gauzak egiten ditudala egin behar ditudan bezalaxe. Ez diot ene buruari galdegiten zergatik egiten dudan, sortzea behar bat baita niretzat. Obra nire baitarik atera behar dudalarik hasten naiz sortzen. Niretzat hil ala bizikoa da sortzea: sorkuntza bakoitzari nortasuna eta zentzua ematen dizkiot.
Plazer duzu zure lana Dantzaren Maitaldian aurkeztea?
Biziki kontent naiz hemen izateaz. Badu aspaldi ez nintzela jin eta Thierryk [Malandain] ideia ona ukan du akademialariak festibalaren karietara ekarraraztea. Hemen nago koreografo gisa, baina baita akademialari gisa ere, bikaina da.
Azken urteetan nola behatu diezu Thierry Malandainen lanei?
Lan biziki ona egin du, eta, gainera, lortu du luzaz irautea. Gaur egun arraroa da norbait leku batean hain luzaz egotea konpainia egonkor bat sortzeko eta dantza estiloa finkatzeko. Xantza handia ukan du eta lan ederra egin du.
Zer maite duzu haren obretan?
Haren estiloa eta dantzaren inguruan duen ikuspegia. Koreografoa beti entseatzen da bere estiloa leku batean lantzen eta finkatzen. Uste dut xarmanki lortu duela.

Alta, kultur sorkuntza biziarazteko zailtasunak izan daitezke aurrekontu mozketengatik.
Arras aldatzen ari da kultur sektorea. Artistek dirua falta dute, baina instituzioek ere bai. Hori arazo larria da. Lehenago instituzioek baliabide gehiago zituzten artistak diruztatzeko eta gauzak plantan emateko. Gaur egun ez da hala, egoera konplikatua da, eta artistak diruztatzea ez da lehentasuna; alta, nire ustez hala izan beharko luke.
«Artisten oinarrizko beharrak mehatxatuak dira. Artistei pentsatzen dugularik behar guziei pentsatu behar da, ezin gara mugatu artista programatzera bakarrik»
Akademian gogoetatu izan duzue sortzaileen egoeraz?
Asteazkenero elkartzen gara. Gaitegia kultur aktualitateari lotua da, eta, erabakiak hartzeaz gain, hausnarketak ere eramaten ditugu. Kultur eragile batzuk jiten zaizkigu zailtasunez mintzatzeko, eta guk ondotik lan egiten dugu aterabideen atzemateko. Aparte, arte sail bakoitzak bekak, sariketak eta erresidentziak antolatzen ditu. Geroz eta sortzaile gehiago ari gara laguntzen. Artistekin lan egiten dugu, eta orotariko arte diziplinak jorratu.
Beraz, nola aurre egin datozen diru mozketei?
Konplikatua da. Ez dut aterabiderik, baina sorkuntza geroz eta zailagoa izaten ari da artistentzat. Errate baterako, garraioaren eta dekoratuen gastuak ikaragarri igan dira. Artisten oinarrizko beharrak mehatxatuak dira. Artistei pentsatzen dugularik behar guziei pentsatu behar da, ezin gara mugatu artista programatzera bakarrik. Programatu ahal izateko sorkuntza behar da, eta sorkuntza gauzatu dadin baliabideak behar dira.