Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bizkaiko Jotea eta Porruek Arratia, Dima eta Zeberioko erara. Ohiko transmisioko azken testigantzak

Dokumentuaren akzioak

Bizkaiko Jotea eta Porruek Arratia, Dima eta Zeberioko erara. Ohiko transmisioko azken testigantzak

Andra Mari Eusko Dantzari Taldea

Komunikabidea
Euskonews
Mota
Albistea
Data
2012/03/09
Lotura
Euskonews

Jota eta Porruen kasuan, Andra Mari dantza taldeak —orduko beste talde askok bezala—, Bilboko Dindirri taldearen eskutik ikasi zituen. Talde honek taularatutako dantzak, garaiko abertzaletasunaren idealizazioetan oinarritutakoak ziren, tokian tokiko era eta estiloetatik nabarmenki aldenduz eta berriak sortuz. Hortaz, Andra Marik, bere hastapenetan, ikasi zituen jota eta porruak, aipatu modu horietan aurkitzen ziren.

Aldiz, Dantza taldean ikasitako jota-porruak eta etxean dantzatzen zirenak (amak eta haren Arratiko kuadrilak) oso desberdinak zirela jabetuta, Durangaldeko Berrizko Dantzari-dantzarekin egin bezala, jatorrizko tokira jo behar zutela ikusi zuen Kepa Artetxek:

... orduan be egiten genduen jotan, baie ez gintzezan egon konforme zelan eiten genduen eta orduan, ba ... hasi ginen apur bat hori zirikatuten Arrati aldetik gehienbat...2

 1980. Galdakaoko Elixaldeko Elizan, Andra Mari Dantza Taldea

1980. Galdakaoko Elixaldeko Elizan, Andra Mari Dantza Taldea.
Argazkia: Andra Mari Dantza Taldea

Tokian tokiko lanak, hariari tiraka, dantzari/musikari batzuetatik beste batzuetara eraman zituen Andra Mariko partaideak, jota eta porruei buruzko informazioa aberastuz. Horrela, debekuak, dantzaren zati zaharrak eta berriak, pausuen koreografia aberatsa, eta abar jasotzen hasi ziren. Gorbeialdean mantendutako jota-porru horiek eta, 70. hamarkadan taula gainean “ohikoak” zirenak antzekoak baziren ere, bi dantza desberdin ziruditen. Hona hemen dantza “zahar-berri” honen izaera nagusien laburpena:

Dantzaren konposizioa

... Badakizu zer iten nouen jotan jantzan ikisteko? Jotean jantzea, soiñue jakiten nauenalez, eguzkiek berotu eiteuen orduen, ba, eguzkie han alderdien egoten bazan, nire gorputzen gereizpea haren kontra joteuen (lurzorua seinalatzen du eskuarekin) ta jantzan hasi holan, bai, ta hareri gerizpeari begitute ta harexegaz eiten neuen jantzan ta oño, hi! bardin-bardin eiten jok!, ai la leche!, bardin-bardin eiten jok! Halantxik ikisi neuen jotan jantzan iten. Nik neugez, iñok irikatsi barik, ta halantxik urten nauen plazara jantzan...

Ignacio Elexpe “katue”.

Ignacio Elexperen hitz hauek erakusten duten moduan, Jotea zein Porruak beti bikotearekin egiten dira dantzan. Hau da, ispiluaren aurrean bezala, dantzari biak norantza berdinean doaz alde batetik bestera, pausuak, engainuak eta bueltak sinkronizatuta dantzatuz. Dantza bi bikotekideen arteko komunikazioan dago oinarrituta, non uneoro gorputzak bata besteari, elkarri, begira dauden hurrengo urratsa norantz izango den adi. Modu honetan, dantzari batek bere pausua eskumako hankarekin hasten badu, bikotekideak pausu bera ezkerreko hankarekin hasi beharko du, bi dantzariek aurrez aurre eta norantza berdinean dantza egin dezaten.

Jota eta Porruak dantzan egiteko ohiko konposizioak hiru izaten dira: bikotea, laukotea eta seikotea. Azken bietan, ordea, bikotearekin dantzatu behar zela kontutan hartuta laukote edo seikote baino, bi edo hiru bikoteez osaturiko taldeez hitzegitea egokiagoa litzateke.

Koreografia

Jotak eta Porruak

Biak ala biak, hiru alditan —gehienetan, hirutan— errepikatzen diren hiru zati desberdinez osatuak daude: puntapioa, hara-honakoa eta kanteue edo/eta baltseoa.3 Hortaz, Jota eta Porruen arteko desberdintasuna, koreografiari dagokionean, dantza egiteko eran eta abiaduran datza:

2010. Urkiolan, Andra Mari Dantza Taldea erromerian lagunekin

2010. Urkiolan, Andra Mari Dantza Taldea erromerian lagunekin.
Argazkia: Andra Mari Dantza Taldea

A) Jota behe-behetik dantzatzen da abiadura motelagoan, oinak lurrari josita egongo balira bezala. Jotako dantzari onak burua geldi izaten du eta gerritik bera egiten du dantzan, Bartolo Lasak esaten zuen moduan bisagrak ondo engrasaute egon behar dire. Garritik bera mogimendue! jitanak narruten eiten deurien moduen.

Erromerietan, toke bakoitzagatik ordaindu egin behar zenez, jendeak lehenengoa eskatzen zuen batez ere (bigarrena noizean behin baino jotzen ez zelarik) eta, horregatik, Jotak porruak baino sarriagotan dantzatzen ziren. Honen ondorioz, Jotako puntapioak, hara-honakoak eta kanteuek porruenak baino garatuagoak, landuagoak eta aberatsagoak dira.

B) Porruak, airean dantzatzen dira, abiadura bizian. Dantzak irauten duen denbora gehienean oin puntek baino ez dute zapaltzen lurra, orpoak zolutik ihesi ibiliko bailiran. Bigarrena izateagatik, gutxiago datzatzen zen eta ez zuen Jotan beste prestigiorik.4 Horregatik ditu, hain zuzen ere, pausu pobreagoak, sinpleagoak (jotako puntapio gehienek, esaterako, behin erritmoa moldatuz gero, porruetarako ere balio dute).

Puntapioa, Hara-honakoa eta Kanteue (edo baltseoa)

A) Puntapioa: Punta eta orpoa markatuz dantzatzen da, ahal bada lekutik mugitu gabe. Pausurik eta sinpleena, lekuan, bikotearen aurrean, punta-orpoa hanka batetik bestera aldatzean datza. Hortik abiatuta, hainbat eta hainbat aldaera aurki ditzakegu, besteak beste, punta-orpoa-punta kanpoko aldera eta berriro puntaren bariantea edo/eta Silvestre Elezkano “Txilibrin” famatu bihurtu zuen “el zerrau” bariantea: oinarrian sinplea da (punta-orpoa pausuen alternantzia), baina abiadura doblean.

Kepa Artetxe Dantza Maisua Soiartze alabarekin

2010. Oleta. Kepa Artetxe Dantza Maisua Soiartze alabarekin. Asier Balentzia eta Aritz Uriarte.
Argazkia: Andra Mari Dantza Taldea

Oro har, puntapioaren ezaugarririk azpimarragarrienak, alde batetik, gorputza kokatuta dagoen lekuan, ber-bertan, mantentzea da eta, bestetik, puntak eta orpoak markatzerakoan sendo edo irmoki egitea da. Txapelketetan, adibidez, oinetako behatz lodian min har ez zezaten, dantzariek hura bendatzeko ohitura izaten zuten, abarketak zeharo zulotuz. Bestalde, dantzaria lekutik mugitzen zenean, nahiz eta ondo dantzatu, jendeak harek ondo eiten jok, baie zabal! bezalako epaiak botatzen zituen.

B) Hara-honakoa: Izenak berak aditzera ematen duen bezala, alde batetik bestera joan-etorriz (alboetarantz, alegia) dantzatzen da. Hara-honakoa, txakorrinka izenaz ere ezaguna da, Igorreko Maria Amorrorturi jasotakoaren arabera. Txakorrinka, klarionarekin markatutako eremu zehatzean, umeek hankarekin harri bat bultzatuz egiten duten jolasa da. Jolas honetan eta hara-honakoan, bietan “arrastaka ibiltzen” delako esaten zaio hara-honakoari txakorrinka ere.

Dantzaren parte honetan oinak ahalik eta denbora gehien zolura josita mantendu behar dira. Horretarako, Bartolo Lasak esaten zuen bezala, trukea ondo egiten jakin behar da. Trukea, lurrean jarrita dagoen oina, airean dagoenagatik “trukatzean” datza, dantzariaren oin bat denbora guztian lurrarekin kontaktuan mantentzen delarik.5

D) Kanteue eta baltseoa: Zati berdinean bata zein bestea dantzatu daiteke, nahiz eta baltseoan egitea ohikoena zen. Aldiz, debekuak, garbizalekeriak edo/eta interes estetikoek, zati hau beste dantza-era batzuengatik ordezkatua izatera eraman zuten (zuzenean desagertzera eraman ez zutenean). Egun, horren ohikoa bihurtu den bueta ta buelta pausua izan daiteke esandakoaren adibiderik argiena. Kanteue ere baltseoa ordezkatzeko erabili zuten Gorbeialdean.

Baltseoan, gizonek ezker eskuarekin heltzen zioten emakumeari gerritik, eskumako eskuarekin emakumearen ezkerreko eskua hartzen zutelarik egiten zuten dantzan (emakumeak, ordea, eskumako eskua gizonaren ezkerreko sorbaldan jartzen zuten).

30garren hamarkada Tudelan erromerian baltseoan

30garren hamarkada Tudelan erromerian baltseoan.
Argazkia: Andra Mari Dantza Taldea

Kanteue definitzeko orduan, etengabe erritmoa hausten duen hara-honako eta puntapio nahasketa berezi bat dela esan dezakegu: hara-honakoa, alde batetik bestera joateko joera duelako (nahiz eta beti gertatu ez) eta, puntapioa, trukea eta puntak ondo markatzen direlako. Bi pausu hauen ezaugarriak ondo konbinatzeko duen gaitasunagatik eta erritmoaren segidarekin jolasteko ematen duen aukera zabalagatik, kanteue, zati aberatsena edo aberatsenetakoa dela adieraz dezakegu.

Azkenik, koreografiarekin amaitzeko, markajeak, engainuak eta bueltak aipatzea ezinbestekoa da. Markajeak, besoekin egiten dira eta buelta zein alderantz egingo den bikotekideari adierazteko erabiltzen dira. Engainuak, berriz, hitzak berak esaten duen legez, bueltak ematerakoan egiten diren “tranpak” eta “apaindurak” dira. Bueltei dagokienez, Zeferino Lejarretaren hitzek islatzen duten legez, konfidantzazko bikotekidea izatea inportantea da dantzan gozatzeko:

... bueltea itorduen, gorantza. Bueltea emotorduen neskea gorantza altzetan gindun (eskumako eskuarekin barrurantza zirkulo osoa “marrazten” duelarik). Bueltea emotorduen ta andreak berak be salto iteuen, neskeak berak be gorantza, ta besteari eperdiegaz jo ta besteak be ta ..... erromerie! badakizu zer dan; jaleoa, jaleoa, umore ona!... pasekeran eperdiekaz ta!...

Puntapio, hara-honako, baltseo, kanteu, markaje, engainu eta bueltek, bai batzuek bai besteek, bi dantzarien arteko komunikazioa edo konplizitatea zein puntutarainokoa den adieraziko digute.

Ondorioak

Andra Mari dantza taldea Bizkaiko Gorbeialdeko Jotak eta Porruak ikertzen hasi zenean, orduan dantzatzen zuten jota eta sasoi hartako aitite-amamek dantzatzen zutena erabat desberdinak zirelako egin zuten. Arratia eta inguruko bazterretan datuak bildu ahala, dantzaren parte “berriak” ezagutzen hasi ziren, baita zati hauek elkarrizketatuentzat zuten garrantzia zein handia zen ikusi ere. Jota eta porruak “dantza solte” edo “a lo sueto” bezala ezagunak dira, baina ikusi izan dugun bezala, Jota eta Porruak modu agarrauen ere dantzatzen ziren. Ezaugarri hau, baina, ez da Gorbeiladekoa bakarrik izan, Bizkaia zein Euskal Herriko beste hainbat txokoetan ere aurki genitzake.

2007. Errenterian Andra Mari Taldea erromerian

2007. Errenterian Andra Mari Taldea erromerian.
Argazkia: Andra Mari Dantza Taldea

Aldiz, Gorbeialdeari egokitu ahal diogun estiloa, beste inon ikusi ez duguna (hain definitu eta horren aberats), kanteue da batez ere. Kanteuek jolasteko ematen duen aukera eta dantzarien arteko komunikazio konplize baterako abagunea ahalbidetzen du.

Gauza bera esan dezakegu lekuan eta pausuak ondo markatzearen garrantziaz: bisagrak ondo engrasaute egon behar dire. Gerritik bera mugumendue! Jitanak narruten eiten eurien moduen Bartolo Lasak esaten zuen eran.

Oro har, dantzaera hau garai batean Andra Marik, bere historiaren hastapenetan, ikasitakoaren bestelako dantza bat dugu. Euskal Herriko bazter batean gorderik mantendu den dantza eta gure zaharren memoriari esker orain, mundu osora zabaldu dezakeguna. Eskerrik asko beraz horiei guztiei.

1 Honako testu hau, Eusko Ikaskuntzak antolatutako Dantza soltea Jardunaldietan aurkeztu zen komunikazioaren laburpena da. Kepa Artetxeri dagokio lan honen zuzendaritza. Era berean, Jota eta porruen inguruko lana (testigantzak, pausuak, musika, etab) Andra Mari Dantza Taldeko (2010) Erotismoa euskal danzan. Bizkaiko jotea eta porruak DVD-an aurki daiteke. Eskuragai taldearen web orrialdean (www.andramaridantzataldea.com).

2 Andra Mari D.T. (2010) Erotismoa euskal dantzan. Bizkaiko jotea eta porruak. DVD. Bilbao, Ed. Andra Mari Dantza Taldea.

3 Jota, normalean hiru zatitan banatzen bada ere eta esandakoaren ordenean noski, bada bariante bat, non, laugarren zati bat gehitu edo errepikatu egiten dena: Puntapioa/hara-honakoa/puntapioa/kanteue. Silvestre Elezkano “Txilibrin” (FIG. 7) dantzari eta albokariari batutako hitzetan:
...Lo de Aquilino, que tocaba tres partes y luego cantau. Cuatro.
- ¿Cuatro, eh? La primera puntapio y ¿luego para atrás?
- Luego “palante” (hara-honakoa) y luego cerrau (puntapioa) (...) cerrau, en un sitio.
- ¿Y la vuelta ahí?
- La vuelta entera.

4 Polito dantzatzen zuen pertsonari, jotalari ona zela esaten zitzaion; ez, ostera, porrulari edo arin-arinlari ona. Kontzeptu hauek bazuten euren erroa, ez ziren besterik barik existitzen.

5 Hara-honakoaren aldaera aipagarri bat, euliek trageu izenez ezagutzen dena da. Bartolo Lasari hartuta, trukea egitean, hankarekin airean ostiko bat ematean datza, astoek euliak albotik kentzeko egiten duten ostikoa bezala.

Dokumentuaren akzioak