Dokumentuaren akzioak
Bizkaiko dantzen gaineko datuak bildu eta sarean jarri ditu Elai Alai taldeak
Euskal Herriko folklorea eta dantza tradizioa zabaltzeko helburua du www.dantzak.com helbideak
Aspalditik zebilen Elai Alai elkartea Euskal Herriko dantzen datu guztiak jasoko zituen proiektu baten atzetik. Erakundeak urte ugari daramatza Euskal Herriko folklorea mundu osora zabaltzen, baita kanpokoa etxera gerturatzen ere. Horren adibide da aurten 27 urte bete dituen Portugaleteko Nazioarteko Folklore jaialdia, Elai Alik berak antolatzen duena. Hainbat nekeren ostean, baina ahaleginak merezi izan duelako pozik, Portugaleteko erakundeak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin osaturiko egitasmoaren lehen fasea aurkeztu zuen atzo: hemendik aurrera Bizkaiko 21 dantzarik esanguratsuenak ezagutzeko aukera egongo da interneteko www.dantzak.com helbidean. Egileek berek azaldu zuten bezala, teknologia eta tradizioak bat egin dute kulturaren mesedetan.
Artxibategi oparoa
«Gunearen helburua kultura tradizionalaren ezagutza zabaltzea da, eta, era berean, beste talde batzuei baliagarria suerta dakiekeen informazioa eskura jartzea», azaldu zuen Elai Alaiko presidente Aitor Beitiak. Hain zuzen, ahalik eta jenderik gehienak orria bisitatzeko aukera izan dezan, gunea euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eginda dago.Behin orrian sarturik, erabiltzaileak sei puntuko menuarekin egingo du topo: Bizkaiko dantzak, Euskal Herria, artikuluak, multimedia galeria, web mapa eta informazioa. Bizkaiko dantzak izeneko atalean, herrialdeko 21 dantza eredu bildurik daude: agintariena, arin-arin, banango, biribilketa, dantzari dantza, dominguillue, ezpata joku nagusia, ezpata joku txikia, fandango, gorulari, kaixarranka, Lanestosako uztai dantza, Launango, Lekeitioko aurreskua, mahai gainekoa, makil joku, soka dantza, txotxongilo, Xemeingo ezpata dantza eta zortzinango. Horien gaineko informazioa izenaren, jatorri geografikoaren, egutegiaren (zein jaiegunetan dantzatu ohi diren) edo estiloaren arabera kontsulta daiteke.
Menu berean, Juan Antonio Urbeltzek eginiko sailkapena ikusgai dago. Bata zein bestea hautatu, dantzen fitxetan estiloaren azalpen, historia, musika, janzkera, teknika zein tresnei buruzko oharrak agertzen dira idatziz eta irudiz. Era berean, bideoen bitartez aukeraturiko estiloa nola dantzatzen den ikus daiteke, baita doinuak entzun ere.
Gunearen hurrengo atalean, Euskal Herriari eskainirikoan, hemengo geografiaren, hizkuntzaren zein ohituren informazio zehatza dago. Artikuluen sailean, berriz, 15 adituk idatziriko 21 artikulu irakur daitezke, hala nola albokaren inguruan Ibon Koteronek azaldutakoa, inauterien gainean Emilio Xabier Dueñasek dioena... Andres Ortiz Osesek mitologiaz dihardu, Josu Goirik txalapartaz eta Pablo A. Martin Aritz-ek beste horrenbeste egin du sinesmenei buruz.
Multimedia galeriak, web mapak eta informazio atalak osatzen dute Bizkaiko dantzen orri elektronikoa. Lehenengoan multimedia elementuak (bideoak, argazkiak, musika) zuzen eta bizkor jaisteko aukera eskaintzen du. Guneak guztira 300 bat argazki eta 80 bideo biltzen ditu. Web maparen bidez, aldiz, orriaren egitura era laburtuan ikus daiteke eta informazio gunean proiektuan kolaboratu dutenen datuak, eta datu teknikoei buruzko argibideak zein gaiarekin harremana izan dezaketen edo erabiltzaileari interesgarriak iruditu ahal zaizkion helbide elektronikoak aurki daitezke.
Informazio kopurua handitu
Proiektua aurkeztu berri badute ere, jadanik egileak gunea nola hobe daitekeen pentsatzen dabiltza. Denborarekin gunea bestelako elementuz hornitzeko asmoa dute. Besteak beste, antzinako argazkien galeria eta zerbitzu gida bat gaineratu nahi dizkiote.
Era berean, pixkanaka-pixkanaka gainerako herrialdeetako dantzen datuak sartzen joango dira, gunea Euskal Herriko dantzei buruzko benetako entziklopedia izan dadin. Baina azken urrats hori patxadaz hartuko dute. Izan ere, Bizkaiko orria prestatzeari ekin ziotenean gauza erraza zela uste zuten Elai Alai taldekoek.
Dokumentuaren akzioak