Dokumentuaren akzioak
Bizkaiko Dantzari Egunak 75 talde batuko ditu Lekeitioko plazan
Lekeitio prest dago domekan [maiatzak 15] Bizkaiko Dantzari Eguna hartzeko. Gaur [maitzak 12] bertan aurkeztu dute egitaraua Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko arduradunek, Bilbon. Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta Mertxe Arrizubieta zinegotzia ere ekitaldian egon dira.
3.000 dantzari baino gehiago batuko dira Lekeition. Guztira, Bizkaiko dantzarien jaialdian 75 taldek parte hartuko dutela jakitera eman dute antolatzaileek. Beraz, urtero modura, jai handi bat izatea espero dute.
11:00etan hasiko da jaialdia dantzari taldeen kalejiragaz. Dantzari guztiak Ateatik Independentzia plazara joango dira, batzuk Goiko kaletik eta besteak Eskolapetik igaroko direlarik, eta ondoren alardea egingo dute plazan. Dantzari dantzak, Gipuzkoako Dantzak, Arku Dantza, Eltziegoko Dantzak, Gorulariak eta Kaixarranka dantzatuko dituzte, besteak beste, Larrain Dantzagaz amaitzeko.
Egun osoko jaia
Eguerdiko dantza ekitaldia dantzari egunaren muina bada ere, ekintza gehiagok osotuko dute domekako jaia. 11:00etan hasita Folklore Azoka egongo da Eskolapean, horretaz gainera, postuak jarriko dituzte portuan eta 16:30ean erromeria egongo da Luhartz taldeagaz plazan.
Lekeitiora, dantzariz betetako 114 autobus etorriko direla aurreikusten dute. Hori dela eta, dantzari eguna lasaitasun guztiagaz igaro ahal izateko, neurri bereziak hartuko ditu udalak.
Gaur hasita, esate baterako, utzik egon beharko da Arropain auzoko aparkalekua. Herriaren sarreran dagoen aparkaleku hori autobusentzako gordeko dutela jakitera eman du alkateak. Autobusak aparkatuko dituzte bai eta osasun etxearen aurrean eta eskola publikoaren inguruetan ere.
Dantzariak ikusi eta jaiaz gozatzera joango direnek, bestalde, Ispasterrera norantzan dagoen sarreran aurkitzen diren aparkalekuetara bideratuko dituzte. Inguru horretan dauden Zatika eta Gardatako Bizkaibus geralekuak ere kendu egingo dituzte. Horrez gain, Artadi mahastia ere aparkaleku modura erabiliko dela zehaztu du Lekeitioko alkateak.
«60 bolondres, ertzainak eta udaltzaingoa ibiliko dira zirkulazio guztia bideratzen».
Eskolapea ere, ordu erdiz itxita egongo dela jakitera eman dute. «3.000 dantzari joango dira Ateatik plazara eta kalejirak irauten duen bitartean errepidea moztuta egongo da».
Moila, portua eta gasolindegi ingurua ere auto barik egongo dira asteburuan. «Portutik kenduko dira autoak eta zirkulazioari itxita egongo da».
EGITARAUA:
- 11:00. Taldeen kalejira.
- Folklore Azoka Eskolapean.
- 11:30. Dantza ekitaldia plazan.
- 16:30. Erromeria Luhartz taldeagaz Independentzia plazan.
DANTZAK:
- Dantzari dantza: Agintariarena, Zortzinangoa, Ezpata Joko Txikiak, Banangoa, Binangoa, Ezpata Joko Nagusia, Launangoa, Makil Jokoa, Txotxongiloa.
- Gipuzkoako dantzak: Agurra, Makil Txiki, Zinta Dantza.
- Dantzari ertainak-txikiak: Txulalai, Zazpi jauziak, Zapatain dantza eta Baztango esku dantza.
- Ibarzabal-arku dantza
- Eltziegoko dantzak: Correcalles, La Danza, Cuatro Calles, Arbol, Jota.
- Gorulariak: Domingiloa eta Arku dantza.
- Dantzari ertainak-txikiak: Marianak, Grago eta Larraburu.
- Kaixarranka
- Larrain dantza
Dokumentuaren akzioak