Dokumentuaren akzioak
Bizkaiko dantzari-dantzak hedatzeko DVDa kaleratu dute
Durangoko Merindadean ohikoak diren antzinako dantza motak hedatu eta, etorkizunari begira, babesteko asmoz, doku- mental berezia kaleratu du Bizkai Euskal Folklor Elkarteak. «Berrizko Folklorea. Dantzari-dantza eta Soka-dantza» izeneko DVDan, Bizkaiko bi dantza mota hauek agertzeaz gain, erregelak ere jasotzen dira, besteak beste. «Ondasun kultural hau gaur egun eskain daitekeen benetakotasun baldintzarik handienetan hedatu nahi izan dugu», azaldu zuen elkartearen presidente Sabin Egigurenek.
Izan ere, bai dantzari-dantzak (edo ezpatadantzak) baita soka-dantza ere, bakoitzak bere Erregelarekin, benetako Bizkaiko aurreskua eta atzeskua ditugula nabarmendu zuen, atzo, Bilboko Euskaltzaindiko egoitzan egin zen aurkezpenean. Bertan, Euskal Herriko alderdi honetan dantzariek duela 200 edo 300 urte bezala dantza egiten dutela ziurtatu zuen.
Hala ere, azken urteetan gero eta dantzari gutxiago izateaz gain, azken dantza-maisuak ere hiltzen ari direla ikusita, dokumental honen beharra larriagoa zela azaldu zuen Egigurenek. «Lan honen bidez, hurrengo belaunaldiek Merindadeko folklorea zein izan zen ikasi ahal izango dute», adierazi zuen. Ideia hori buruan, DVDaren ekoizpen lana joan den abenduan amaitu zuten eta, bertan, dantzak grabatzeaz gain, lurralde honetako istorio eta ohitura zaharrak ere gaineratu zituzten.
Hala ere, dokumentalak ez du helburu bakarra. Ondasun kultural hau hedatzeaz gain, antzinako dantzariak omentzea, Banango zaharra dantza berres- kuratzea, eta koplen bidez euskara erakustea ere nahi du Bizkai Euskal Folklor Elkarteak. Izan ere, DVDan agertzen diren kopla batzuk dagoeneko 1670an Durangaldeko baserrietan abesten ziren.
Dantza Eskola sortzeko nahia
Bestalde, dantza-maisuek heziketa emateko Dantza Eskola sortzearen beharra aipatu zuen Egigurenek eta, proposamen horrekin, Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Merindadeko udalei gutun bana helarazi die Elkarteak.
Horren haritik, Bilboko aurkezpenean ere egon zen Jose Luis Lizundia Durangaldeko folklorearen ikertzaile eta sustatzaileak hau gaineratu zuen: «Gure agintariak dira euskaldunon, bizkaitarron eta Durangaldekoon altxor preziatu hau ikertzen, gordetzen eta irakasten lagundu behar dutenak». Horretarako, ikastetxeak leku aproposa izango liratekeela nabarmendu zuen.
Dokumentuaren akzioak