Dokumentuaren akzioak
Bizkaiko Dantza Etxea sortu dute, herrialdean dantza indartzeko helburuarekin
Bizkaiko Dantza Etxeak herrialdeko dantza arloko ekintzarik garrantzitsuenak koordinatu eta ageriko egingo ditu. Horrez gain, hainbat jarduera sustatuko ditu, sektoreko eragile eta arlo desberdinekin lotuta.
Gune berria topaketa fisikorako foroa izango da dantza arloko profesionalentzat, proposamenak eta jarduerak hartzeko eremua, hain zuzen. Dantzako arlo desberdinetan orientazioa eta aholkularitza emateko topalekua izan nahi du, Bizkaian sektoreko egitura profesionala dinamizatu eta indartzeko helburuarekin. Horretarako, lurraldeko eremu, eskola eta baliabide desberdinekin harremanetan jarri eta lankidetza eskainiko da.
Dantzabiz gunearen helburua da arte eta lan arloko lankidetzak eta elkartrukeak sustatzea Bizkaiko profesional desberdinen artean, ez bakarrik dantza arlokoak, baizik eta baita sektorearekin lotutako beste diziplina eta proiektu kultural batzuetakoak ere, hala nola koreografia, attrezzoa, langile teknikoak, interpreteak edo dantza ikasleak.
Bizkaiko Aldundiak dantzaren munduari lotutako pertsona profesionalen esku jarri duen topalekua da Bizkaiko Dantza Etxea (dantza klasikoa, tradizionala zein garaikidea), sortzaile berriei laguntza emanez eta ageriko eginez; horrela, haien jarduna garatu ahalko dute, eta lanerako baldintza hobeak izango dituzte.
Ariztondok azaldu duenez, «Bizkaiko Dantza Etxeak dantza arloko ikaskuntza bultzatu nahi du Bizkaian, dantza trebakuntzako jarduerekin gaur egun garatzen den prestakuntza eskaintza osatuz».
Bizkaiko Dantza Etxeak antolatuko dituen jardueren artean daude, besteak beste, dantza arloko profesionalentzako ikastaro trinkoak, mintegi teorikoak eta eskola magistralak, dantzaren esparru desberdinetako adituen hitzaldiak, dibulgazio tailerrak, ikastetxeak antzokietara joatea, sentsibilizazio jarduerak eta ekitaldiak, eta dantzari buruzko material bibliografikoa jasotzea.
Bizkaiko Dantza Etxearen aurkezpena. (BIZKAIKO ALDUNDIA)
Dokumentuaren akzioak