Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Bizitzari kantuka

Dokumentuaren akzioak

Bizitzari kantuka

Kritika, 'Historia Natural (Eloxio do entusiasmo)'

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2005/10/30

BAD jaialdiaren harira izan dugu Matarile konpainia berriz ere ikusteko aukera. Berriz ere gertatu da miraria, berriz ere sentitu gara gertakizun berezi eta bakan baten partaide. Berriz ere bizi dugu taldearen barne energiak sortutako zirrara errepikaezin hori.



Taula gainean zer ikusi ote dugun galdetzen badigute, hona hemen erantzuna: tronboia, saxoa, tronpeta, zenbait flauta eta bateria jotzen dituen herri-orkestra ibiltari txiki bat, zeharo biluzik doazen emakume ederrak, noizean behin hiltzeko zorian dagoen aktore hipokondriako bat, ospakizun baterako prestatutako mahai tentagarriak, benetan itsua den neskatila maitagarri bat eta arlo garaikidean bikainak diren dantzariak igaro dira gure aurrean, era erdi kaotiko erdi antolatuan, bizitza bera nahiko kaotikoa delako, gu gizajook nolabaiteko antolamendua ematen saiatzen garen arren.Zurezko aulki tolesgarriez gain, otordu-mahaiak, mahai gaineko oihal zuria eta krema koloreko itzalkin bat dira eremu eszenikoko elementu bakarrak. Jantziek koloretasuna ematen diote festari eta aktoreen zintzotasun sofistikatutik entzuten ditugu Ana Vallesek idatzitako testuak, itxura batean ardura gutxikoak baina egiatan zama handikoak direnak. Testu liluragarri horiekin batera dantza pasarte zoragarriak eta prezisio suitzarrarekin diseinaturiko mugimenduak datoz, talde-eboluzioetan hasi eta keinu txikienetan amaitu arte. Dramaturgia aberats horren baitan lagunarteko festa giroa nagusitzen da: jendeak jan, edan, besteak kritikatu, zuzenean jotako musikaz gozatu, filosofatu, bortizki diskutitu edo dantzatu egiten du, eta gauza horiek guztiak bata bestearen atzean gertatzen dira, edo denak batera, Homeroren neurriko ospakizun baten antzera.



Matarilek sortutako giroan harrapatuta



Nik benetan ez dut ulertzen zelan gertatu den miraria, baina nahiz eta Karpaespazioaren baldintzak ezin kaskarragoak izan, emanaldia hasi eta ordu erdi batera ikusle guztiok egon gara Matarilek sortutako giroan harrapatuta. Erlojuak aurrera joateari utzi dio, plastikozko jesarleku penagarriak eta inguratzen gaituzten zarata guztiak ahaztu ditugu, eta denbora eta espaziotik kanpo dagoen leku batean aurkitu gara, bizitzari kantuka zeuden antzezle zoro haien moduan, heriotzaz eta bizitzaz, besteen aurrean ematen dugun irudiaz, naturaren gaineko arduraz, norberaren herriminaz eta gisa horretako gai etilikoez gogoeta egiten. Miresgarriak dira gero antzerkiaren eta dantzaren ahalmen hipnotikoak!g Agus Perez

Dokumentuaren akzioak