Dokumentuaren akzioak
Bizitzak dantzan
Pausoz pauso egiten dute dantzariek beren ibilbidea. Koreografia batean nola, oreka aurkitzeko oinak lurrean ongi bermatzea garrantzitsua da. Baina zapaltzen duten lurra labaina zaie oraindik. Sektorearen egoera prekarioa argitara atera du azterlan batek, ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak eta Kulturaren Euskal Behatokiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egindakoa, eta egiaztatu, besteak beste, aldizkakotasun handiko lanbidea dela, ordain apalak ekartzen dituela, eta profesional askok beste lan batzuetan ere jardun behar izaten dutela bizibidea ateratzeko. Profil eta ibilbide desberdinak dituzten hiru dantzari eta koreograforen bizipenak bildu ditu BERRIAk; haien lanbidean oreka eta egonkortasuna lortzeak eskatzen duen ahaleginaz mintzatu dira.
Ikasketa prozesuan egiten ditu lehen urratsak dantzari orok. Eskolak jasoz hasten dute ibilbidea, eta ugariak dira ereduak, inkestak agerian utzi duenez, gehienek ez baitute titulazio ofizialik. Sorterrian eman zituen lehen pausoak Amaia Elizaranek (Tolosa, Gipuzkoa, 1992), Donostiara jo zuen gero, eta Madrilera ondoren, sei urtez dantza garaikideko erdi mailako ziklo bat egitera. Haren iritziz, «oinarritik dago gaizki antolatuta» formakuntza: «Madrilera joan nintzen, 16 urterekin hori zelako garaikidean ibilbidea hasteko aukera bakarra». Halere, adierazi du tituluak gerora ez diola askorako balio izan; zentro ofizialetan irakasteko, adibidez. «Errealitatea da, gaur egun, jende asko dagoela oso kualifikatua, asko formatu dena, dantzan eta lanak sortzen dabilena, eta eskarmentua duena, baina ia inork ez duela toki ofizialetan irakasteko titulu bat».
Horretarako baino ez du ezinbesteko ikusten titulazioa. «Nik, bestela, ez dut inoiz ezertarako erakutsi behar izan. Hautaprobetan, azkenean, dantzaria gustuko baduzu, hartu egingo duzu, berdin dio New Yorken edo Goierrin ikasi duen». Hain zuzen, Elizaranentzat, «askotan, formakuntza ona ez dago titulua ematen duten tokietan», aktibo dauden edo bizitza dantzan eman duten artistek eskaintzen duten tokietan baizik. Bera hasi zenean baino eskaintza hobea ikusten du gaur egun, baina gabeziak ere sumatzen ditu.
Oso bestelako abiapuntua izan zuen Becky Siegelek (Denver, Colorado, AEB, 1959). «Dantza nire bizitza da, beti izan dut argi, baina oso gazterik jakin nuen koreografoa izan nahi nuela; txikitan inoiz ez nuen amets egin dantzari izatearekin, nahiz eta txikitatik dantzatu naizen». New Yorkeko eskola batean hasi, Martha Graham eta Merce Cunninghamekin prestatzen segi, hainbat konpainiatan lan egin, eta dantzan lizentziatu zen Columbiako Unibertsitatean. Bartzelonan aldi bat igarota, duela 30 urtetik Iruñean bizi da. Eta ordutik gauzak aldatu direla dio: «Iritsi nintzenean, baziren eskola batzuk nahiko onak. Baina egungo eskaintza izugarria da, bikaina; klasikoan nahiz garaikidean, eskola oso onak daude. Hutsuneak ere seguru badirela, baina uste dut egun dantzariak ongi prestatuta irteten direla». Hark ere ez du ezinbestekotzat titulu ofizial bat izatea dantzan bidea egiteko. «Nire prestakuntza desberdina da, eta, gainera, aspaldikoa, beraz, kosta egiten zait egungo egoera baloratzea. Baina uste dut titulu bat izatea ez dela ezinbestekoa; formakuntza bikaina jaso liteke bestela ere, eta titulua ez da ezeren berme; horixe esaten dit senak». Haren iritziz, «talentua», ikasteko gogoa eta irakasle onak izatea da garrantzitsuena.
Hasteko bideak ugariak izan litezkeela erakusten du Asier Zabaletak (Ezkio, Gipuzkoa, 1972). Tituluak gorabehera, garrantzitsua iruditzen zaio «kalitatezko formakuntza bat egiteko aukera izatea». Bera ikasle zen garaian ez zegoen aukera handirik, eta atzerrira jo ohi zuten askok. Txikitatik euskal dantzetan aritu zen arren, garaikidean «oso berandu hasi zen, 19 urterekin». Arte Ederrak ikasten ari zela, eta Bilboko akademia batean dantzan zebilela, Bartzelonara dantzan ikastera joatekotan izan zen. «Baina hautaproba batera aurkeztu, haiek ni hartu, eta eskolara joan edo lana egin aukeratu behar izan nuen».
Bigarrena hautatu zuen, eta ez du damurik. «Zortea izan dut, lan bat bestearekin kateatu dudalako harrezkeroztik». Asmatu zuela uste du, «baina asko arriskatuta. Orain ez nuke aldatuko ezagututako konpainia guztietan jasotako eskarmentua karrera batengatik, baina ondo atera zitzaidalako. Titulua izatea ez dut inoiz faltan sumatu, baina egia da ez naizela formakuntzara dedikatu; sorkuntza interesatzen zait, eta, zorionez, sorkuntzan lana eduki dut. Ezin naiz kexatu, ze pentsatzen dut nahiko kasu atipikoa naizela».
Jauzia emateko garaia
Jauzi ere egiten dute dantzariek, hala oholtzan, nola prestakuntzatik lan mundura. Eta azken hori ez da beti erraza izaten. Zabaletak aitortu du bat-batekoa izan zela bere kasuan, berak espero gabekoa. Aspaldi eman zuen salto hori Siegelek, eta egungo egoera zertan den zehatz ez dakiela dio; hala, senetik mintzatu da: «Intuizioz, gaur egun zaila eta lehiakorra dela esango nuke. Bikaina izan behar duzu, eta nabarmendu. Zortea ere faktore garrantzitsua izan daiteke, baina nik talentuan, lanean eta konstantzian sinisten dut». Bizipena hurbilago du denboran Elizaranek, eta baieztatu du jauzi hori «oso-oso zaila» dela: «Egia da ikasketak bukatu, hautaproba batzuk egin, eta lehen lana nahiko azkar aurkitu nuela, Londresen». Ordea, segidan datoz baina-k.
Izan ere, proiektuen iraupena, lan orduak, erritmoak... aldakorrak dira. Elizaran: «Sorkuntzan hilabete eta erdi eman dezakezu, gehienez bi, eta gero, emanaldiak baino ez dituzu, beraz, igual astean behin lan egiten duzu, eta hori zortea izanda». Hasieran motibazioak laguntzen duela dio, baina oso nekeza dela, halere. «Etengabe egon behar duzu sasoian, hautaprobetara aurkezten... Irauteko, asko gustatu behar zaizu».
Atzerrira jotzea «askotan idealizatu» egiten dela uste badu ere, argi dio interprete gisa lan baldintzak «askoz ere hobeak» izan ohi direla. «Esperientzia artistikoki ez zitzaidan askorik gustatu, baina baldintzak hobeak direnez, beste lasaitasun bat duzu. Nik sinisten dut orain hemen badagoela mugimendu artistiko bat; kanpoan ibilitako asko bueltatzen ari gara, eta hemendik ari gara lanean. Baina bizirauteko borroka oso gogorra da. Kanpora joatea beharrezkoa ote den? Igual artistikoki zure bidea aurkitzeko ez, baina beste lasaitasun batekin bizi nahi baduzu, orduan igual bai».
Zabaletak ere gogoan ditu Suitzako bost urteak. Alias konpainian «oso gustura» aritu zen lanean. «Hemen inoiz izango ez ditugun baldintzak nituen: kontratu mugagabea, soldata on bat, oporrak...». Baina berak Euskal Herrian eraiki nahi zuen bere bizi proiektua, eta itzultzea erabaki zuen. «Garai hartan, banekien hemen aurkituko nuena oso urria izango zela, eta hutsetik hasi beharko nuela. Hala, esku hutsik ez etortzearren, nire lehen solo luzea sortu nuen han, Ego-tik, eta harekin besapean itzuli nintzen». Bi edo hiru emanaldi baino ez zituen egin harekin. «Eta kito, oso irtenbide gutxi izan zuen lehen bi urteetan. Eta oso-oso gogorrak izan ziren urte haiek; nahiko latza izan zen». Gero, baina, aukera suertatu zitzaion Cervantes Institutuko deialdi batean Madrilen pieza erakusteko, «eta bi urtean geldirik egon zen bakarlanak munduari buelta eman zion azkenean». Azaldu zuenez, garai ilun hura igarota, «nahiko ondo» joan izan zaio.
Dena den, jakitun da jauzia egitea ez dela erraza, eta Dantzaz bezalako proiektuak indartzea egokia litzatekeela uste du. «Suitzan ere baziren halako proiektuak, bi-hiru urtez eskolatik profesionalizaziorako salto hori egiten laguntzen dutenak. Bestalde, atzerriko konpainien egoera guztiz desberdina da; konpainia berriek askoz ere aukera gehiago dituzte lehen proiektuak martxan jartzeko, urteak daramatzatenek beste egonkortasun bat dute eta erraztasun gehiago dute jendea kontratatzeko... eta horrek ere errazten du lehen salto hori ematea. Hemen, aldiz, prekaritatean gaudenez gero, dena da zaila: dantzariak kontratatzea, proiektu berriak martxan jartzea, lanpostuak aurkitzea...». Antzera hitz egin du Siegelek: «Horrek eragina du entseatu ahal dugun maiztasunean, eta horrek aldi berean eragina du sorkuntzaren mailan... Eta, azkenean, esaten duzu: 'Edo uzten dut, edo ikasten dut ez frustratzen eta egiten dudanaz gozatzen, onartuz ez daudela baldintzak gehiagorako'».
Hainbat jardun aldi berean
Bestelako lanetan aritu behar izan ez duela eta, Zabaletak badaki berea ezohiko kasua dela, gehienetan sorkuntzatik soilik bizitzea ez baita nahikoa bizibidea ateratzeko, eta ohikoena baita formakuntzarekin uztartzea. Datu hori ere utzi du agerian ikerketak. Eta Siegelek eta Elizaranek baieztatu. Biek sortzen dute, biek klaseak ematen dituzte, eta biek maite dute irakasle lana; biek diote eskolek eman dietela egonkortasun ekonomikoa, bestela ezinezkoa zatekeela, baina biek sentitu dute inoiz denbora gehiago nahiko luketela sortzeko. Siegel: «Ez tarteka soilik, nire ibilbide osoan sentitu dut hori». Elizaranek ere sumatu izan du desoreka, baina pozik dabil bi jardunek egun bere bizitzan duten tokiarekin. «Lortu dut nahi dudan bezala egotea, astean klase batzuk emanez, eta asteburuak emanaldietarako libratuz». Eta antzera Siegel: «Urte luzez, denera iristeko lasterketa bat izan da nire bizitza. Orain, behar den denbora eskaini ahal diet klaseei eta entseguei; dena neurri hobean dago».
Hirurek erabaki zuten, arrazoi edo egoera ezberdinak tarteko, beren konpainiak sortzea: Siegelek Tempomobile, 1994an; Zabaletak Ertza, 2004an; eta Elizaranek bere izena duena, 2015ean. Denak martxan daude, eta hirurek dituzte proiektu berriak esku artean. Baina haiek aurrera ateratzeak eskatzen duen ahalegina handia da. Elizaran: «Nire lana saltzen saiatzeak sortzen dit frustrazio gehien; jakitea ekoizpen baten atzean kristoren lana dagoela, eta ikustea aurrera ateratzeko kasik garabi bat behar duzula».
Bai Elizaranek, bai Zabaletak, biek aipatu dute hezkuntza falta dela dantzaren gainean. Biek egin izan dituzte han edo hemen eskolentzako emanaldiak, baina Hego Euskal Herrian bederen halakoak oso urriak direla diote. Uste dute indarra egin behar zaletasuna sortzen, publikoa egongo bada.
Eta beste arazo batekin lotura du horrek, bien ustez: dantza gutxi programatzea publikorik ez duela ekarriko argudiatuta. «Publikoa sortzea programatzaileen ardura ere bada», dio Elizaranek. «Gazteszenak, adibidez, lan handia egin du, eta, orain, beti dago beteta». Zabaletak antzera ikusten du egoera. «Garai batean amildegi bat zegoen gure lanen eta programatzaileen gustuen artean. Eta esaten genuen behar zela, batetik, heziketa bat, eta bestetik, erakundeetatik bultzatzea ez obren ekoizpena bakarrik, baizik zabalkundea, aukerak erakusteko. Eta horretan nahiko arrakala handia dago oraindik ere».
Siegelek dio «fase guztietatik» pasatu dela jada, baina pozik dago gorabeherei aurre egin eta «moldatzeko gai» izan delako: «Frustrazioaz nazkatuta, beste bide batzuetan hasi nintzen, inklusioaren eta dantzaren arloan, eta atsegin handia ekarri dit».
Hirurek dakite zailtasunen gainetik jauzi egiten. Pausoak aurrerantz ematen segitu nahi dute.
Dokumentuaren akzioak